Geroa ereiten

Bermea

Bermea legeak kontsumitzaileei aitortzen dien eskubidea da eta epealdi jakin batean produktuaren salerosketan aurkitutako akats edo egokitasun ezaren aurrean babesa ematen du. Era berean, instalazioa babesten du, produktuaren prezioaren barne sartua badago behintzat.

Produktuen salerosketa kontratuetan eta ekoiztu behar diren produktuen (errezelak, altzariak, etab.) horniketa kontratuetan eragina du.

Bi mota daude: legezko bermea eta berme komertziala.

Legezko bermea derrigorrezkoa da eta ezarri dakiokeen edozein produktu babesten du. Ez du eraginik norbanakoen artean eginiko ongien salerosketetan.

Saltzailea da produktuaren egokitasun ezaren erantzule. Beraz, edozein arazo sortzen bada saltzailearengana jo behar duzu. Saltzailea jadanik existitzen ez bada, ekoizlearengana jo dezakezu.

Legezko bermearen epea 2 urtekoa da, produktua berria denean; bigarren eskuko produktuetan, berriz, epealdi txikiago bat ezarri daiteke baina ezin da urte bat baino gutxiagokoa izan.

Epea produktua jasotzen duzun datatik aurrera finkatzen da. Data fakturan edo erosketa gordailuan adierazten dena izango da, edo emate-agiriarena geroagokoa bada. Ez da beharrezkoa zigilurik jartzea inongo dokumentutan baina produktuaren erosketa gordailua gordetzea funtsezkoa da.

Bermearen indarreko epeak ezaugarri berezi batzuk dituela kontuan hartu behar duzu:

  • Produktuaren akatsa, berria zein bigarren eskukoa bada ere, entrega-dataren osteko lehenengo 6 hilabeteetan agertzen denean, legeak aurreikusten du kontsumitzaileari produktua entregatu zitzaionean egokitasun eza bazegoela. Kasu horretan saltzaileak frogatu beharko du produktuak adostutako baldintzak betetzen zituela eta akatsa produktuaren erabilera desegoki baten ondorioz sortu dela.
  • Lehenengo 6 hilabeteen ostean eta produktuaren entrega-datatik bi urte igaro diren arte, Legeak ez du jadanik ezer aurreikusten. Beraz, kontsumitzaileak zein saltzaileak argudiatzen dituzten horiek egiaztatzeko frogak eman beharko dituzte.

Erosi duzun produktua akastuna bada, saltzailea jakinaren gainean jarri behar duzu akatsa aurkitzen duzunean eta, gehienez, bi hilabeteko epealdian, eta konpontzeko edo ordezkatzeko eskatzeko eskubidea duzu. Saltzaileak zure erabakia errespetatzeko betebeharra dauka, aukeratutakoa egitea ezinezkoa edo neurrigabekoa ez bada behintzat. Aukerak arrazoizkoak izan behar dira beti eta horretarako ondorengoa kontuan hartu behar da: produktua egokia balitz izango lukeen prezioa, akatsaren garrantzia, beste irtenbide bat aukeratzekotan kontsumitzaileak jasan ditzakeen arazoak.

Produktuaren konponketa eta ordezkapena ondorengo arauak bete behar dituzte:

  • Kontsumitzaileentzat doakoak izan behar dira (joan-etorriak, garraioa, eskulana, eta abar.).
  • Arrazoizko epealdi batean egin behar dira, beti ere produktuaren izaera kontuan hartuta.
  • Konponketa irauten duen bitartean bermearen epealdiaren zenbaketa eten egiten da, kontsumitzaileak produktua konponduta jasotzen duen momentura arte.
  • Ordezkapenaren kasuan, kontsumitzaileak produktu berria jasotzen duen momentuan, ordezkatutako produktuari gelditzen zaion bermearen epealdiaren zenbaketa berriz aktibatzen da.
  • Produktua konpondu denean baina desegokia izaten jarraitzen duenean, kontsumitzaileak produktuaren ordezkapena, prezioaren beherapena edo kontratuaren suntsiaraztea erabaki dezake. Era berean, produktuaren ordezkapena desegokia denean, konponketa, beherapena edo kontratua suntsiaraztea aukeratu daitezke.

Konponketa edo ordezkapena arrazoizko epealdi batean burutu ez direnean edo zuregan arazoren bat eragiten dutenean, edo bideragarriak ez direnean, prezioaren beherapena edo kontratua suntsiaraztea (diruaren itzulketa) erabaki dezakezu.

Produktuaren egokitasun eza oso garrantzitsua ez denean ezin da kontratuaren suntsiarazpena eskatu. Prezioaren beherapenaren zenbatekoa, produktuak egoera egokian izango lukeen prezioa eta produktu akastunak merkatuan duen prezioaren arteko aldearekiko proportzionala izan behar da.

Berme komertziala enpresek eskaini dezaketen berme gehigarria da eta ezin ditu inoiz legezko bermeak ematen duen babesa baino gutxiago eman.

Gehigarri bat da eta beraz, erositako produktuaren edozein egokitasun ezaren aurrean dauzkazun eskubide legaletan ez du eraginik. Kasu honetan, faktura gordetzeaz gain bermearen jatorrizko dokumentua gorde behar duzu. Dokumentu hori idatzizko euskarrian aurkeztu behar da edo bestelako euskarri iraunkorrean (sms, web orrialdea, eta abar.) eta gutxienez ondorengo informazioa jaso behar du:

  • Bermeak babestutako produktuaren identifikazioa (marka, modeloa, produktua...).
  • Bermatzailearen (bermearen erantzulea) izena eta helbidea.
  • Berme komertzialak legezko bermeak ematen dituen eskubideengan eraginik ez duela adierazi.
  • Bermeak ematen dituen eskubide gehigarriak eta nola egikaritu behar diren. Ematen ez dituen eskubideak zeintzuk diren aipatu behar dira ere.
  • Bermearen epealdia eta bere eraginkortasun geografikoa.
  • Kontsumitzaileari ematen zaizkion erreklamazio-bideak.

Bermea 1/2007 Errege Dekretu Legegilea, azaroaren 16koa,-rekin erregulatua dago, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako Lege Orokorra eta bestelako Lege osagarrien testu bateratua onartzen delarik (114 – 127 bitarteko artikuluak). 


Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus