Geroa ereiten

Nire hipotekaren eratze-gastuak berreskura ditzaket?

Kontsumitzaileei bideratutako Oarsoaldeako Informazio Bulegoak gai honen inguruko argibideak ematen dizkigu.


Hipoteka bat eratzeak hainbat gastu eragiten ditu, hala nola, notarioaren zerbitzuak, Jabetzaren Erregistroko inskripzioa eta Agiri bidezko Egintza Juridikoen Zerga, besteak beste. Baina nork ordaindu behar ditu kopuru horiek?  

Hipoteka-maileguen kontratuetako batzuek, berez jasotzen dute, bertako baldintza orokorretan, mailegu-eskatzaileek beren gain hartu behar dituztela hipoteka formalizatzeko eta eratzeko gastu guztiak.

Auzitegi Gorenak, 705/2015 epaian, abusuzkotzat eta, beraz, deuseztzat eman zuen era horretako klausula bat eskainitako hipoteka batean. Honenbestez, finantza-entitateak itzuli egin behar zuen kontzeptu horiengatik kobratutako dirua. Halaber, kontratuetatik klausula hori ezabatzeko eta etorkizuneko hipoteketan ez erabiltzeko agintzen zion ebazpen judizialak bankuari.


nire hipotekaren eratze-gastuak berreskura ditzaket_

Nola jakin dezaket nire hipotekak abusuzko klausula bat duela?

Abusuzko klausularik egonez gero finantza-entitateari erreklamatzeko jarraibideak ematen ditu Kontsumobidek:

Lehenengo urratsa hipoteka-maileguaren eskritura irakurtzea da, eta gastu horien ordainketa nori esleitzen dion begiratzea.

Higiezin bat erosteko hipoteka bat eskatzen duzunean, bi eskritura sinatzen dituzu: salerosketakoa eta hipoteka-mailegukoa. Azken hori aztertu behar duzu, gastuen % 100 bezeroari egozten dizkion klausularen bat dagoen konprobatzeko.

Kontratu askotan bosgarren klausula gisa azaltzen da, adibidez:

"Mailegu-hartzailearen kontura dira, esklusiboki, hauek eragindako tributuak, komisioak eta gastuak: eskriturak prestatzea, formalizatzea, zuzentzea, izapidetzea (...) kontratua betearaztea,  kontratutik eratorritako ordainketak eta itzulketak, eta haren bermea eratzea, kontserbatzea eta kitatzea; horrez gain, haren kargura izango dira kalteen aseguruari dagozkion primak eta gainerako gastuak (…)”.

Kasu honetan, gastu guztiak ordaintzera behartzen du kontratuak bezeroa, nahiz eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera, bankuak alderdien artean "banaketa ekitatibo bat" egitea aukera zezakeen.

Auzitegi Gorenaren iritziz, finantza-erakundeak bere aldetik jarritako klausula horrek “desoreka garrantzitsua” eragiten dio kontsumitzaileari; izan ere, ez zukeen gastu horiek bere gain hartzea onartuko baldintzak indibidualki negoziatu ahal izan balitu.

Zer dokumentu bildu behar ditut?

Dokumentazio hau jaso behar duzu, gutxienez:

  • Hipotekaren eskritura.
  • Notarioaren faktura.
  • Jabetza Erregistroaren faktura.
  • Agiri bidezko Egintza Juridikoen Zergaren ordainagiria.

Edozein zalantza edo argibide gehiago behar izanez gero, jar zaitez harremanetan Oarsoaldeako Kontsumo Bulegoarekin 943 510 111 telefonoan edo kontsumo@oarsoaldea.eus helbidearen bitartez. Bulegoa Olibeten dago, 6.zenbakian, Errenteria eta arreta-ordutegia honako hau da: 8.30-14.30.

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus