Geroa ereiten

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak

Ibilgailua tailerrean uztean, haren gordailutze-frogagiria eman behar dizute. Frogagirian tailerraren, ibilgailuaren eta bezeroaren identifikazio-datuez gain, informazio hau jaso behar da:

  • Egingo den konponketa edota zerbitzuaren deskribapen laburra eta haien zenbatekoak, ezagutzen badira, autoa konpontzeko utzi bada.
  • Eskatutako aurrekontua edo, konpondu eta gero, ibilgailua entregatzeko aurreikusten den data.
  • Data eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.

Konponketa egin aurretik, idatzizko aurrekontua eskatzea komeni da. Gutxienez 12 egun balioduneko indarraldia izan behar du aurrekontuak, eta datu hauek jaso behar ditu:

  • Tailerraren identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.
  • Erabiltzailearen izena eta helbidea.
  • Ibilgailuaren identifikazioa: marka, modeloa, matrikula eta egindako kilometro-kopurua.
  • Egin behar diren konponketak, konpondu edo ordeztu behar diren elementuak edota beste edozein lan, eta guztizko diru-zenbateko banakatua.
  • Data eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.
  • Konpondutako ibilgailua entregatzeko aurreikusitako data.
  • Aurrekontuaren balio-epea.
  • Tarte bat, erabiltzaileak onarpen-data eta bere sinadura jartzeko.

Aurrekontua onartzen ez baduzu, tailerrak aurrekontua egin aurretik entregatu zenuen baldintza beretan itzuli behar dizu autoa.

Bestalde, autoa konpontzean ager daitezkeen matxura edo akats ezkutuak jakinarazi behar dizkizute, gehienez ere, 48 orduko epean, eta konponketaren zenbatekoaren berri ere eman behar dizute, baina ezin izango da konponketa egin, zure berariazko baimena izan ezean.

Eman zizuten frogagiria aurkeztu behar duzu aurrekontua edo konpondutako ibilgailua jasotzera joatean. Enkargua edozein unetan bertan behera uzteko eskubidea duzu, baina ibilgailua jaso arte egindako lanen diru-zenbatekoa ordaindu behar diozu tailerrari.

Fakturan, egindako lanak, erabilitako ordezko piezak edo elementuak eta konpontzen emandako orduak agertu behar dira, baita kontzeptu horietako bakoitzaren zenbatekoak ere.

Ez baduzu esaten aurrekontua onartzen ala errefusatzen duzun, edo, konpondu eta gero, ibilgailua hiru egun baliodunean erretiratzen ez baduzu, tailerrak ibilgailuak tailerrean egindako denboragatiko gastuak kobra ditzake.

Marka baten tailer ofizialek konponketetan erabiltzen dituzten ordezko piezen tarifak eta katalogo eguneratuak, aurrez zehaztu daitezkeen lan edo eragiketen iraupena eta haien zenbatekoa (eurotan) jasotzen dituzten taulak eta erreklamazio-orriak jendearen eskura izan behar dituzte.

Frogagirietan, aurrekontuetan, fakturetan edo tailerrek eman ohi dituzten beste edozein agiri-motatan, erabiltzaileen eskubideei eragiten dieten klausulak 1,5 milimetro baino letra-tamaina handiagoan idatzi behar dira.

Edozein tailerretan egindako konponketa edo instalazio orok hiru hilabeteko edo 2.000 kilometroko bermea du, gutxienez. Hala ere, konponketan jarritako piezek berme-epe luzeagoa baldin badute, piezetarako iraunaldi luzeena duenak aginduko du.

Konponketaren berme-epea ibilgailua entregatzen denetik aurrera sartzen da indarrean, eta lehen aipatutako iraunaldia izango du, baldin eta hirugarren batek manipulatu edo konpondu ez badu. Bermea bere osotasunean ulertu behar da, gehitutako materialak eta eskulana barne, eta sor daitezkeen gastu eratorri guztiei eragiten die: ibilgailuaren garraioa, langileen joan-etorriak edo eskulana, kasu.

Gogoratu behar da, ordea, 2010eko ekainaren 1ean 461/2010 (EB) Erregelamendua sartu zela indarrean. Erregelamendu horren bidez, markako tailer ofizialen eta tailer independenteen arteko lehia sustatu nahi du Europako Batzordeak, kontsumitzaileentzat prezioak murrizteko helburuarekin.

Arau horren arabera, ibilgailuaren bermeak estaltzen ez dituen mantentze-lanak eta konponketak edozein tailer independentetan egin ditzakezu, berme hori galdu gabe. Baina, adi! Tailerrak mantentze-lanak edo konponketa ongi eta fabrikatzailearen jarraibideen arabera egiteko beharrezko informazio teknikoa, ezagupenak, ordezko piezak (marka berekoak edo homologatuak) eta lanabesak dituela egiaztatu behar duzu. Osterantzean, litekeena da fabrikatzaileak bermea atzera botatzea, haren tailer-saretik kanpo egindako mantentze-lanak eta konponketak akastunak direla uste badu eta hala frogatzen badu.

Ibilgailuak konpontzeko tailerrak ondoko legeekin erregulatuta daude:

- Urtarrilaren 10eko 1457/1986 Errege Dekretua, industria-jarduera eta ibilgailu automobilak, haien ekipamenduak eta osagaiak konpontzeko tailerren zerbitzuak arautzen dituena. [es]

- Maiatzaren 27ko 461/2010 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 101. artikuluko 3. atala ibilgailu motordunen sektoreko itun bertikal eta jardunbide hitzartuko kategoria zehatz batzuei aplikatzeari buruzkoa.

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus