Geroa ereiten

Berankorren fitxategiak

Azkeneko urtetan ohikoa bihurtu da enpresek fakturak ordaintzeko dituzten bezeroak berankorren fitxategi batean sartzea. Horrek arazoak sor ditzake kasu askotan: mailegu bat eskatzeko orduan, telefono-hornidura edo bestelako hornidura kontratatzerakoan, erosketak epeka ordaintzeko orduan eta abar.

Oso erraza da berankorren fitxategi batean sartzea, nahikoa izan daiteke ordainagiri bat atzera botatzea eta ez dago gutxieneko zorrarik. Edozein kasutan, baldintza hauek beti beharko dira:

  • Aldez aurretik benetako zor bat egon beharko da, epemuga beteta duena, exijitzeko modukoa, ordaindu ez dena, eta erreklamazio judizial, arbitral edo administratiborik eragin ez duena.
  • Ez dira 6 urte igarota egon beharko zorra ordaindu beharra egon zenetik edo, aldizkako epemugadun zorra izanez gero, haren epe zehatza igaro zenetik.
  • Zorra ordaintzeko aurretiko errekerimendua.

berankorrak

Hau da, eskatutako eta erabilitako zerbitzu baten faktura izan behar du, ordaintzeko epea pasata egon behar du eta enpresak faktura ordaintzeko eskaera egina behar du.

Garrantzitsua da gauza bat jakitea: bezeroak faktura horren kontra erreklamazio bat egin badu ezin dute berankorren fitxategian sartu.

Hartzekodunak zordunari jakinaraziko dio, aurreikusitako epean ordaintzen ez badu, haren datuak berankorren fitxategiei jakinarazi ahal izango zaizkiela, aurreko paragrafoetako hiru baldintzak betetzen badira betiere.

Fitxategiaren arduradunak, 30 eguneko epean, honako hauek jakinaraziko dizkio ukitutako pertsonari: haren datuak fitxategi batean sartu direla (zer datu diren zehaztuta) eta bere eskubidea baliatu ahal duela datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko (ARCO eskubideak).

Behin berankorren fitxategian, eta datuak legez sartu baldin badira, ateratzeko modu bakarra zorra ordaintzea da. Kasu honetan hartzekodunak fitxategiari jakinarazi beharko dio, zordunaren datuak ezerezteko. Zordunak fitxategira jotzeko aukera du ere, ordain agiria eta nortasun agiriaren kopia bidaliz.

ARCO eskubideak

Gauzak ez dira beti ondo egiten

Baldin eta ukitutako pertsonari bere eskubidea ukatzen bazaio datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko (erantzunik eman ez delako edo erantzuna desegokia delako), interesdunak erreklamazio bat aurkez diezaioke Datuak Babesteko Espainiako Agentziari, dagokion dokumentazioa aurkeztuz.

Kontsumitzaile bat berankorren fitxategian arrazoirik gabe agertzen bada eta horrek kalte-galerak eragiten badizkio, kaltetuak bide judizialera jo beharko du kalte-galerak eskatu ahal izateko.

Gogoratu beharrekoa:

  • Benetako zorra, epemuga gainditua, galdagarria eta erreklamatua. Baldintza hauek falta badira, bezeroak aurka egiteko eta ezerezteko eskubidea du.
  • Zorra eztabaidatua. Bezeroak erreklamazioa egin badu, datuak ezin dira berankorren fitxategian sartu, zorra horren inguruan zalantza sortu delako.
  • “Zero saldoa” ez da zilegi. LOPD indarrean sartu baino lehen, behin zorra ordaindu eta gero fitxategiak datuak mantentzeko aukera zuten, “zero saldoa” izenpean. Orain, ordea, behin zorra ordainduta derrigorrezkoa da datuak ezabatzea.
  • Sei urte eta gero ezereztea. Legeak behartuta, sei urte pasa ondoren datuak ezabatu egin behar dira nahiz eta zorra ordaindu gabe egon. Baina batzutan enpresa baten zordunen zerrenda beste enpresa batek erosten du eta zor guztiak berriak bezala hartzen ditu.

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus