Geroa ereiten

Salmenta bereziak

Establezimendu komertzial batetik kanpo egiten diren erosketek (zure etxean, bilera batean, hotel batean eta abar) erregulazio berezia dute.

Mota horretako erosketa bat egiten baduzu, kontratua ondo irakurri sinatu aurretik. Datu guztiak ondo dauden egiaztatu eta data azaltzen den ala ez begiratu. Ez ahaztu kopia bat eskatzea.

Oso garrantzitsua da jakitea kasu hauetan 14 eguneko epea duzula –produktua jaso duzun egunetik kontatzen hasita- erosketa baliogabetzeko inolako azalpenik eman gabe. Kontratuan baliogabetze edo atzera-egite dokumentu bat egon behar du, eta horixe bidali behar duzu enpresara korreo ziurtatu baten bitartez edo faxez. Telefonoz egiten baduzu zure eskaera ez da jasota gelditzen. Gainera, enpresakoak zu konbentzitzen saia daitezke kontratua ez baliogabetzeko. Kontratua baliogabetzerik ez duzula ere esan diezazukete.

Erosketa baliogabetuz gero, produktua itzuli behar duzu eta saltzaileak dirua itzuli behar dizu hilabete bateko epean. Ez badu horrela egiten, ordaindu zenuenaren bikoitza eskatzeko eskubidea duzu. Kontratua kreditu batekin finantziatu baduzu, erosketa kontratua baliogabetzean finantziazio kontratua ere baliogabetzen da.

Ez erosi kontrolik gabe. Erosi aurretik pentsatu benetan produktu hori nahi duzun ala ez.

Txango merkeak antolatzen dituzten enpresak ez dira fidagarriak. Normalean, produktu bat ezagutarazteko bilera bat egiten dute eta azkenean, ia konturatu gabe, behar ez duzuen zerbait erosten duzu.

Gauza bera gertatzen da hoteletan antolatzen dituzten bilerekin. Joateagatik bakarrik opari bat ematen dizute, baina ez duzu presionatua sentitu behar. Opari bat jasotzeagatik, ez zaude ezer erostera behartua.

Etxez-etxe dabiltzan saltzaileei dagokienez, ez dituzu haien produktuen ontasun guztiak sinistu behar. Saltzailea da zure etxean azaldu dena, interes bat duena. Zerbaitengatik izango da.

Osasunarentzat onuragarriak direla esanez, saltzen saiatzen diren produktuak ez dira fidagarriak (mantak, koltxoiak, besaulkiak).

Normalean, salmenta mota honen barruan saltzen dituzten produktuak nahikoa garestiak dira eta, askotan, ordainketa kreditu baten bitartez finantziatzen dira. Ez dituzu nahastu behar banku helbideratze baten bitartez egiten den hilabeteroko ordainketa eta kreditu baten hilabeteroko kuoten ordainketa.

Salmenta hauen barruan ez dira sartzen, besteak beste, 48,08 euro baino gutxiagoko ordainketak, etxebizitzari dagozkionak, aseguruak, eta etxean erregularki saltzen diren elikagaiak eta edariak.

1/2007, azaroaren 16, 107-113 (BOE 287 zenbakia, 2007ko azaroaren 30) Errege Lege-Dekretua da araudi erregulatzailea


Interneteko erosketak

  • Erosi aurretik, enpresak ondorengo informazioa eskaintzen duela egiaztatu behar duzu (informazio hori inprimatzea edo nonbait apuntatzea ere komeni da):
  • Enpresaren datu ofizialak (izena, NIF, helbidea, helbide elektronikoa...)
  • Jokaera kodea (enpresaren jokaera etikoa bermatzen dute, esate baterako, on line konfidantza) eta gatazkak konpontzeko prozeduraren batean atxikita ote dagoen.
  • Fitxa teknikoa eta produktu edo zerbitzuen ezaugarriak. 
  • Produktuaren prezioa eta ordaintzeko modua. Bidalketa eta bestelako gastuei ere errepara iezaiezu. 
  • Entrega-epea eta entregatzeko modua. 
  • Atzera-egite eskubidea dagoen ala ez. Ez baldin bago, zergaitiari buruzko informazioa. 
  • Behin eskaera eginda, enpresak jaso duela konfirmatu behar dizu, 24 orduko epean. Konfirmazioan, produktuari eta prezioari buruzko informazio guztiak azaldu behar du. 
  • Garrantzitsua da eskaera agindua gordetzea (ordenagailuan edo inprimatua). Gauza bera egin behar duzu konfirmazioarekin, produktuarekin lotutako publizitatearekin eta enpresarekin elkartrukatu dituzun mezu guztiekin. Eta produktua jasotzen duzunean, fakturarekin, garantiarekin eta atzera-egite dokumentuarekin. Hau guztia beharrezkoa da erreklamazio bat jarri nahi baduzu. 
  • Ordainketa mota ohikoenak hauek dira:
  • Errenboltsozko ordainketa. Fidagarriena da, produktua jasotzean ordaintzen baituzu. 
  • Kreditu txartelarekin. Webgune seguru batean zaudela egiaztatu behar duzu. Dena den, txartelarekin zuk onartu ez duzun ordainketa bat egiten badute, ordainketa hori baliogabetzeko eska diezaiokezu bankuari. 
  • Aurreordainketa txartel birtual batekin. Erosketaren zenbatekoa txartel birtualari lotutatko kontu batean sartu behar duzu.
  • Banku transferentziaren bitartez.
  • Helbide elektronikoaren bitartez. Banku-kontu bateko datuak helbide elektroniko bati esleitzen zaizkio. Zure kontuarekin edo txartelarekin erregistratu behar duzu dendak esaten dizun on-line ordainketen pasabidean (PayPal, adibidez). Etorkizunean egin ditzakezun erosketetarako ere balio du erregistro horrek. 
  • Webgunearen segurtasunari dagokionez, helbideak s(https) bat ote duen egiaztatu behar duzu edo orrialdearen azpikoaldean, eskubialdean, giltza edo itxitako giltzarrapo bat azaltzen ote den. Webgunea ziurra dela adierazten dute detaile horiek. 
  • Entrega epea 30 egunekoa da gehienez, on-line dendarekin beste entrega epe bat adostu ez baduzu behintzat. 
  • Enpresak ez badu zuk eskatutako produktua, jakinaren gainean jarri behar zaitu eta 30 eguneko epean itzuli behar dizu ordaindu duzun diru kopurua. Epe hori betetzen ez badu diru kopuru bikoitza itzultzeko eska dezakezu.
  • Erosi duzuen produktua egoera onean dagoela egiaztatu behar duzu jasotzen duzun momentuan bertan. Akatsekin iristen baldin bada emate-agirian eman behar duzu horien berri eta enpresari lehen bait lehen jakinarazi behar diozu. Produktu akastunaren argazkiak ateratzea komeni da. 
  • Behin produktua jasota, 14 eguneko epea duzu inolako azalpenik eman gabe itzultzeko. Horretarako, eskabidearekin batera eman dizuten atzera-egite dokumentuan azaltzen diren argibideak jarraitu behar dituzu. 
  • Atzera egite dokumentua bidaltzen duzunean, dokumentua bidali duzula eta enpresak jaso duela egiaztatzen duen agiriren bat gorde behar duzu
  • Behin produktua itzulita, ordaindutako diru kopurua itzuli behar dizu on-line dendak 30 eguneko epean. Hori bai, ez dago bidalketa gastuak itzultzera behartua eta itzulketaren kostuak eska diezazkizuke. 
  • Kasu hauetan ez dago atzera egite eskubiderik: 
  • Enpresak kontrola ezin dezakeen finantza merkatuan, koefiziente fluktuazioen araberakoak diren ondasunen prezioak
  • Produktu pertsonalizatuak, (esate baterako, neurrira egindako trajeak).
  • Itzul ezin daitezkeen produktuak (jakiak, barruko arropa).
  • Kopiatu daitezkeen produktuak, zigilua kendu dietenak edo ireki egin dituztenak (filmak, musika, software...) 
  • Kontsumo azkarreko produktuak (eguneroko prentsa...)
  • Zerbitzu hauen kontratazioan ere ez dago atzera egite eskubiderik:
  • Ostatuak, garraioak, otorduak, aisialdi zerbitzua... zerbitzu hauek data edo epe zehatz batean emateko konpromisoa hartu duenean enpresak kontratu baten bitartez. 
  • Apostuak eta loteriak. 
  • Ez zaitez fidatu oso merkeak diren eskaintzekin eta bereziki tentagarriak diren enkanteekin. Askotan, enkantera ateratzen diren produktuak ez dira existitzen. 
  • Ez duzu diru bidalketen bitartez ordaindu behar. 
  • Arazoak badituzu eta erreklamazio bat jarri nahi baduzu, lehenik eta behin enpresarekin jarri behar zara harremanetan (idatzi baten bitartez hobeto, jasota gera dadin). Ez baduzu arazoa konpontzen OMIC-era jo dezakezu, enpresak Espainian establezimendu bat baldin badu. Enpresa saltzailea Europako beste lurralderen batean baldin badago, Kontsumitzailearen Europako Zentrora jo behar duzu ( C/ Príncipe de Vergara, 54. 28006 Madrid. http://cec.consumo-inc.es, cec@consumo-inc.es)

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus