Geroa ereiten

Sergio Lopezi elkarrizketa. Ekintzailea eta INDAR CROSSFITeko entrenatzailea

Sergio Lopezi elkarrizketa. Ekintzailea eta INDAR CROSSFITeko entrenatzailea

Gaztea da, jatorra, lotsati samarra, baina badu harrapatzen zaituen zerbait, beregan sinistera eta bere klaseak probatzera bultzatzen zaituen zerbait. Eta probatu ondoren konturatzen zara ez zebilela gezurretan, ezta errealitatea puzten ere. Crossfitak harrapatu egiten zaitu erabat.

 sergio

 

CrossFita gure gizartean sartu berri den kontzeptua da. Labur-labur, zer den esan diezagukezu?

 

“Etengabe aldatzen diren mugimendu funtzionalak dira, intentsitate ertain edo handiz egiten direnak”. CrossFita ez da orain arte ezagutu ditugun gimnasioetan egiten, Boxetan baizik. Pabiloi edo lokal handiak eta garbiak (oztoporik gabeak) izaten dira. Entrenamendu funtzionalak egiteko pisu-barra olinpikoak, gimnasiorako uztaiak, pisu errusiarrak, sokak, salto egiteko kaxak eta antzeko tresnak erabiltzen dira.

Ordubeteko saio motzak eta biziak izaten dira eta trebetasun fisiko guztiak lantzen dira; indarra, erresistentzia, koordinazioa, malgutasuna… Gehienez, 10-15 lagun izaten dira saioko eta entrenatzaileak parte-hartzaile bakoitzaren maila, helburu eta beharren arabera jartzen dizkie egitekoak.

Nolakoak izan dira aurreneko hilabeteak? Emaitzak, esperotakoak?

Uste baino hobeto hasi gara. Itxaropen handiak genituen proiektu honetan, eta dirudienez, aurreko hilabeteetako lanak emaitza onak eman ditu.

CrossFita modakoa da eta une honetan puri-purian dago. Mundu mailan, Boxak (CrossFit gimnasioak) ireki eta ireki ari dira. 2014an, 5 box ireki dira gipuzkoan.

Azpimarratu behar dugu, aisialdirako kirola gora doala eta sektore honentzat onuragarria da hori.

Abian jartzea asko kosta zaizue?

Finantzazio arazoak izan genituen hasieran. Garai hauetan, enpresa berri batentzat finantzazioa lortzea ez da erraza eta hori da bizi dugun errealitatea. Ez dugu inolako diru-laguntzarik jaso, Oarsoaldeak proiektua garatzeko eskaintzen duen zerbitzua besterik ez. Baina azkenean, lan eta kudeaketa ekonomiko eta pertsonal franko egin eta gero, arrakastaz hasi dugu ibilbidea.

CrossFita zorrotza dela entzun dut, asko eskatzen duela. Nork praktikatzen du? Kirolari sutsuentzat da?

CrossFita kirol zorrotza da bai, baina mundu guztiarentzat modukoa. Maila desberdinak daude, kirol guztietan bezala; forman egoteko astean 2-3 aldiz praktikatzen duten afizionatuetatik hasi eta egunean 3-4 aldiz entrenatu eta mundu mailan lehian aritzen diren atleta profesionalak arte. Pertsonaren helburu eta beharrez haratago, CrossFita, osasunerako eta kirol-errendimendurako metodo eraginkorrenetako bat da. Era berean, kirol honetako profesionalak behar bezala trebatuak eta esperientziadunak izatea garrantzitsua da, aurrez esandakoaren ildotik, kirol zorrotza delako eta planifikazioa eta profesionaltasuna eskatzen dituelako, lesioak eta gehiegizko entrenamenduak saihesteko. Jakina, honek ez du esan nahi lesionatzen ez denik, kirol guztietan bezala, arriskua hor dago. Praktikatzen duten pertsonen profilari begiratuta, adin, sexu eta kirolari desberdinak topa ditzakegu:

-          Kirolari berriak (epe motz edo luzeko sedentarioak)

-          Kirolari ohiak (futbol, halterofilia, arte martzialak, kulturistak…)

-          Amateur kirolariak (afizionatuak) eta profesionalak (running, triatloia, MTB, boxeoa, snowboard…). CrossFitaren bidez errendimendua hobetzea bilatzen dute.

-          Ohiko gimnasioetako kirolariak, zerbait berria eta eraginkorra bilatzen dutenak.

-          Estatuko segurtasun indarretako langileak; poliziak, suhiltzaileak…

 

Animatu eta probatu, zergatik CrossFita?

CrossFit, marka, moda edo kirol berri bat baino gehiago da; bizitza estilo bat da. Bizi sentiarazten dizun kirol bat da eta zure mugak ikusarazten dizkizu. Gogor entrenatzen da baina irribarre batekin, kirol integral, dibertigarri berriz bueltaraziko dizun batez gozatuz.

Ordubeteko saioak dira eta egunero gainditzeko erronka berri bat eskaintzen du.

Hala ere, uste dut erantzunik onena hauxe dela: PROBA EZAZU!

(Eta probatu nuen, ikaragarri gustatu zitzaidan eta erabat harrapatuta nauka)

 

Oarsoaldearen laguntza izan duzue proiektua burutzeko. Zer nolako esperientzia izan da?

Esperientzia ederra izan da bene-benetan. Hasi enpresa kudeaketarako ikastarotik, proiektua gauzatzen eskaini diguten laguntza eta enpresa sorrera arte.

Ikastaro hauetan izugarri ikasten dela nabarmendu nahi dut. Enpresa proiektu bat duen ekintzailearentzat, geldirik egon ezin duenarentzat edo besterik gabe prestakuntza jaso nahi duenarentzat oso baliagarri dira.

Etorkizunari begira, zein asmo duzue?

Etorkizuna? Galdera ona! Une honetan etorkizuna orainaldian dago. Gure helburua lana ahalik eta ondoen egitea da eta gure gaitasunei zuku guztia ateratzea. Hala ere, egia da nazio mailan eta nazioartean lehian aritzeko Indar CF taldea sortu nahi dugula eta gure inguruan CrossFita  sustatu nahi dugula.

Bestalde, aipatu etorkizuneko proiektu oso interesgarriak ditugula baina sekretua dira (algara…)

Non aurkituko zaituztegu?

Martutene-Astigarragako 27 poligonoan gaude (Donostia), 48-52, 1 zk. INDAR CROSSFIT SL. Kokapen ona da, bertan doako aparkaleku handi bat dugu eta kotxe edo autobuserako loturak onak dira, Donostiarako eta Oarsoaldearako.

Aipatu nahi dut, gure Boxean, jakintza-alor anitzeko taldea dugula. Bertan aurki dezakezue Dietista eta kiropraktikoa; zerbitzu integrala eskaintzen dugu.

Sare sozialetan izan dezakezue gure berri, Facebook eta Instagramen (INDAR CrossFit), eta gure webgunea ere bisita dezakezue, indarcrossfit.com. Gurekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa: indarcrossfit@gmail.com.

Proba egin nahi duena, klase batera edo pare batera etor daiteke, konpromisorik gabe, eta CrossFita bere kirola den ikus dezake.

ZUEN ZAIN GAUDE!!!!

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus