Geroa ereiten

Olaia Agirrerekin hitz egin dugu, OAZ Coaching para el cambio enpresako sustatzailea eta gerentea.

Pertsona arrakastatsu baten itxura eta jokalmodea ditu, eta bere diskurtsoa argia, freskoa, zuzena eta zehatza da. Beti bezala, atsegin handiz hitz egin dugu berarekin.

 olaia-reto

Zer da OAZ Coaching para el cambio?

OAZ Coaching para el cambio pertsona eta erakundeen aldeko lana egiteko bokazioarekin jaio zen, eta lan horretan dihardu, pertsonen garapenaren lanketaren bitartez.

Pertsonen gaitasunetan sinesten dugu, bai maila indibidualean eta baita talde mailan ere. Beren gaitasun errealen inguruko kontzientzia hartzea besterik ez dute behar, eta jardunean jartzen ikasi: Maila pertsonalean, gure ekintzen gainean dugun ardura eta hauek eragiten dituzten ondorioen inguruko kontzientzia hartuz eta jarrera egokiaz aurrerapausoak emanez. Talde-mailan, enpresa-erronka erreal batetan lan egiten den bitartean pertsona ezberdinekin lan egiten ikasiz, ezberdintasun osagarri hori aberastasun bilakatuz, eta gaitasun kolektiboak erabiltzen ikasiz maila pertsonalean lortu ezingo genituzken helburuak erdiesteko.  Lortzen diren emaitzak lanean jartzen den talentuaren ondorio dira.

Zer nolako tresnak erabiltzen dituzue horretarako?

Pertsonen gaitasunak -zentzu zabalenean- erabiltzea errazten duten era askotariko metodologia berritzaileak erabiltzen ditugu. Ezagutza pertsonalak –formalak eta ez formalak- eta izaera eta nortasunarekin zerikusia duten beste zenbait gaitasun azaleratzea ahalbidetzen duten metodologia edo tresnak dira.

Jendeak talentua baduela eta ekarpenak egiteko irrikitan dagoela hartzen dugu oinarritzat. Hori egin ahal izateko testuinguru egokia behar da, besterik ez, eta guk testuinguru hori jartzen dugu.

Nondik sortu zen ideia?

Aurretik 10 urtez aritu nintzen lanean BBVAko hainbat sukurtsaletako zuzendari moduan. Pertsonekiko harreman zuzen horrek (bai bezeroak eta baita lan-taldeko kideak ere) eta ingurune zorrotz eta lehiakor hark erakutsi zidan erronkak ez duela inoiz alderdi teknikoa soilik. Esaterako, txartelen batekin edo kontu korronte batekin arazoren bat nuenean pertsona eta departamentu askotara deitu behar izaten nuen, bai, baina benetako arrakasta lortzen genuenean, bulegoak bere helburuak lortzen zituenean, ukiezinagoak diren alderdiak kudeatzen asmatu genuelako izaten zen: komunikazioa, konfiantza, konpromisoa…inork gutxi lantzen zituen alderdiak ziren horiek, ez zegoen horien inguruko arazoak konpontzeko telefono zenbakirik. Bezeroekin harreman zuzena izan duenak edota lan-talde bat kudeatzen aritu den edonork, badaki elementu ukiezin horiek ezinbestekoak direla.

Bada hortik abiatuta, nire grinak eta gehiago jakiteko gogoak bultzatuta, eta batez ere kontzeptu guzti hauek ahalik eta modu eraginkorrenean aplikatzeko nahiari jarraituz, lehenik eta behin ikasteko eta formatzeko ahalegina egin nuen eta ondoren sortu zen proiektu hau.

Horrela sortu zen OAZ Coaching para el cambio. Bertan egiten dut nik lan, bai, baina beste pertsona eta erakunde askorekin aritzen naiz lankidetzan, sare eran, gure bezeroei ahalik eta erantzun onena emateko helburuarekin.

Zein bezero mota bilatzen duzue?

Alde batetik erronkaren bat (maila pertsonalean edota profesionalean, non dago bien arteko muga?) duten norbanakoekin aritzen gara, beraiek hartutako erabaki batengatik edota bizitzak berak ekarritako aldaketa baten aurrean zezena adarretatik heltzea erabaki dutelako, aldaketa hori onerako izan dadin.

Bestalde, aldaketaren bat bultzatu nahi duten erakundeekin egiten dugu lan, aldaketa hori ahalik eta modu egokienean burutu ahal izateko, bai emaitzei eta bai pertsonangan duen eraginari dagokionean ere. Erakunde hauek badakite, edo jakitun izateko bidean daude behintzat, beren egituran duten aktiborik garrantzitsuena pertsonak direla, eta hauek izango direla, azken finean, aldaketa hori praktikara eramango dutenak. Berrikuntza, bezeroarekiko orientazioa (eta bere asebetetzea)…ez lirateke posible izango pertsonak gabe. Beraz, zergatik ez indartu eta sustatu beraien garapena?

Zertan lagundu zizun Oarsoaldeak?

Duela bi urte proiektuari forma eman eta gauzatzea erabaki nuenean, agiri artean mugitzen lagundu zidaten, administrazioa, ogasuna…Egia esan Oarsoaldearen ekintzailetza-taldea prozesu honetan bidaide izan dut, bizitza erraztu zidaten!

Bestalde, momentu horretan Herrilab garatzen ari zen, Oarsoaldeko ekintzaileen komunitatea, eta bertan esperientziak elkarbanatzeko aukera aurkitu nuen. Sektore eta alor ezberdinetatik etorrita ere erronka, beldur, ilusio..antzekoak zituzten pertsonekin elkarrizketa asko eduki nituen. Benetan uste dut ekintzailetza-prozesu bat igaro duten edo igarotzen ari diren pertsonengana hurbiltzea oso garrantzitsua dela; badirudi orain ekintzaile izatea modan dagoela, baina egia esan zure inguruan ulertezintasun handia aurkitzen duzu.

Non aurki zaitzakegu?

www.oazcoachingparaelcambio.com webgunean kontaktau dezakezue nirekin, eta baita OAZ Coaching-eko facebook, twiter eta linkedin  sare sozialetako profiletan ere. Bizitzen ari zareten unea, aurretik duzuen erronka edota dituzuen helburuak nirekin elkarbanatzera animatzen zaituztet. Horretarako idatzi lasai oazcoaching@gmail.com helbidera, agian erantzuna uste baino gertuago duzue eta. Zuen zain nago!

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus