Geroa ereiten

OIARTZUNGO ILE-APAINDEGIETAKO ZOZKETAREN IRABAZLEAK JASO DU 100 €-KO SARIA

Oiartzungo ile-apaindegietako zozketako irabazleak, Olatz Legorburuk, jaso du saria: 100 euroko balea Kirikoketa ile-apaindegian gastatzeko.

Oiartzungo ile-apaindegi guztiek hartu dute parte zozketan, 15 ile-apaindegiek. Hilabeteko epean, ile-apaindegira bertaratu diren bezeroei boleto bana eman diete betetzeko, eta guztira ia 1500 boleto bildu dira. “Euskara ederrago!” kanpaina arrakastatsua izan da. Ttur-tturrek eta Oiartzungo Udalak, ile-apaindegien inplikazioa txalotu nahi izan dute, eta herritarrak zoriondu euren parte hartzeagatik.

Ile-apaindegi guztietako boletoak bildu eta urriaren 30ean egin genuen zozketa, zuzenean, Oiartzun Irratian. Mirari Martiarena Oiartzun Irratiko esatariak atera zuen boleto irabazlea. Gaur, berriz, sari ematea izan da. Kirikoketa ile-apaindegian atera dugu argazkia eta bertan izan dira: Olatz Legorburu (sariduna), Garikoitz Arrese-Igor (Kirikoketa ile-apaindegiko arduraduna), Oskar Zapirain (Iturri Merkatari Elkarteko ordezkaria) eta Ioritz Aizpuru (Oiartzungo Udaleko Euskara zinegotzia). “Ile-apaindegietan ere euskarazko terminologia erabiltzea bultzatu nahi genuen, eta zozketan izandako parte hartzearekin herritarrek gaiari buruz hitz egitea lortu dugula uste dugu”, adierazi du Aizpuruk.

Oarsoaldeko euskara zerbitzuek antolatutako ekimena da, Euskara Oarsoaldeko Komertziora planeko ekimen-sortaren barnean. Oiartzunen Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak gauzatzen du plan hori, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera indartzeko egitasmoaren bitartez, Udalarekin duen hitzarmenari esker. Ile-apaindegietako kanpainan eskualdeko lau herrietako 91 establezimendu ari dira parte hartzen: 50 Errenterian, 6 Lezon, 20 Pasaian, eta Oiartzunen 15. Hauek dira Oiartzungo ile-apaindegiak: A.M. Etxebarria ile-apaindegi mistoa, Yosune Blanco ile-apainketa eta estilismoa, Kizkur ile-apaindegia, Gazte Izanak ile-apaindegia, Koro ile-apaindegia, Kirikoketa ile-apaindegia, Herkuden ile-apaindegia, Maria Jesus ile-apaindegia, Mikel ile-apaindegia, Eguzki ile-apaindegia, Txintxosta ile-apaindegia, Nerea Jauregi ile-apaindegia, Mirari Txurio ile-apaindegia, Marelen ile-apaindegia, eta Ainara ile-apaindegia.

Urte amaierara arte iraungo du kanpainak

Ile-apaindegietan euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Oarsoaldeko Merkataritza Mahaitik urtean zehar: euskarazko terminologia erabiltzeko eta hizkuntza paisaian eragiteko ekintzak dira. Ile-apaindegietako zerbitzuen zerrendak erakusten dituzten markoak banatu dira, baita produktuen prezioak jartzeko txartelak ere. Bezeroei begirako zozketa egin dute, eta urte amaieran, bezeroei oparitzeko objektuak banatuko ditzute ile-apaindegietan, guztia “Euskaraz ederrago!” leloa duen kanpainaren baitan.

oiartzun

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus