Geroa ereiten

Oarsoaldean Gabonetan, kontsumitu bai, baina kontu handiz


Gabonetako espirituak erosketak eta gehiegizko kontsumoa dakartza berekin. Horregatik, ondo hausnartu behar dugu zer eta nola erosten dugun.

2nav

Gabonak badatoz eta, Gabonekin batera, poza eta nostalgia ere bai. Garai gazi-gozoa da, kilo batzuk hartzeko, eta bereziki asko gastatzeko garaia.

Gastu horiek hobeto antolatzen laguntzeko, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziako kontsumo-zerbitzutik zenbait aholku eman dizkigute, Julen Mendoza lehendakariaren bitartez.

Lehenik eta behin, gure gastuak planifikatu egin behar ditugu, gainzorpetzea saihesteko. Benetan behar ditugun gauzen zerrenda egin behar dugu, eta aurrekontu bat egin, gauza bakoitzerako gutxi gorabeherako prezio bat ezarriz, eta, erosketak egiterakoan, prezioak eta produktu eta zerbitzuen kalitatea alderatu behar ditugu. Horiek guztiak, gastua kontrolatzeko lagungarri izango dira.

Janariei dagokienez, gauza jakina da janarien prezioek gora egiten dutela Gabonak iristeko zenbait aste falta direnean, eta horregatik menua aldez aurretik prestatzeko eta berritzeko —ohikoak ez diren plater alternatiboak erabiliz— proposamena egin nahi dizuegu. Beste zenbait aholku ere har ditzakegu kontuan, hala nola izoztu edo biltegira ditzakegun janariak aldez aurretik erostea, eta, beren ezaugarriak direla medio, azken orduan bakarrik eros daitezkeen janariak erreserbatzen ahalegintzea.

Kontu handiz ibili behar dugu eskudirutan ordaintzen ez ditugun gastuekin. Eta zuhur ibili behar dugu kreditu-txartelak erabiltzean, txartelekin betiere gehiago gastatzen dugulako; kontu handiz ibili, halaber, txartela galtzea, lapurtzea edo beste norbaitek iruzur eginez erabiltzea saihesteko.

Gogoan hartu erosketaren txartela edo faktura eskatu eta gorde behar duzula, produktuaren bermea den heinean; gorde katalogoak eta publizitatea, iragarlea lotzen dutelako, hau da, eskainitakoa zehazki publizitatean ageri bezala ematera behartzen dutelako. Produktuarekin ados ez bagaude edo produktuak akatsen bat badauka, saltzailearengana jo behar dugu zuzenean. 

Dirua edukitzeko premia handia badugu, finantza-merkatuak eskainitako produktu guztiak kontsultatu behar ditugu, azkarregi ibili gabe. Entitateei informazioa eskatu behar diegu, publizitatearen amarruan erori gabe, eta gure aurrekontua zaindu behar dugu eta gure hileko gastuak kalkulatu, beste kuota bati aurre egiteko moduan ote gauden baloratzeko. 

Jostailuak erosi aurretik ere hausnarketa egin behar dugu, urtero-urtero apalategietan zokoratuta, erabili gabe, zenbat jostailu geratzen diren aintzat hartuz, edo jostailu jakin bat erostea zenbateraino den beharrezkoa baloratuz. Horren ildotik, oparitu beharreko produktu kopurua murritz dezakegu, eta aldi berean txikiak anima ditzakegu erabiltzen ez dituzten jostailuak dohaintzan eman ditzaten.

Gabonetan nahitaez etxetresna elektriko bat aldatzea beharrezko ikusten badugu, kalkulatu aldez aurretik aparatu horrek behar duen kontsumoa, gaur egun energia aurreztu behar dutela aintzat hartuta fabrikatzen dituztelako. Etxetresna elektriko berriak erosteko unean uneko laguntzei buruzko informazioa ere jaso dezakegu.

Jantzi eta oinetakoei dagokienez, sektore horretan eskaintza zabala izanik, behar bezala hausnartu gabe erosten ditugu askotan. Hortaz, erosi aurretik, pentsatu benetan zer behar dugun. Eta gogoratu, ez genuke eskubiderik izango erositakoa aldatu edo itzultzeko, produktuak akatsen bat ez badu behintzat edo establezimenduak duen politikak eskaintzen ez badu.

Gabonetako apaingarrietan ere diru dezente gastatzen dugu, eta Gabonetan, inoiz baino gehiago, murriztu, birziklatu eta berrerabili egin behar dugula hartu behar dugu aintzat. Oarsoaldea agentziakoek aholku hori eman digute, behar ez dugunetan gasta ez dezagun. Esaterako, biltzeko papera edo Gabonetako arbola zein apaingarriak berrerabil ditzakegu, urte batetik bestera ez dutelako edertasunik galtzen.

Hala, neurriz gastatuz gero, Gabonetako garaiak ez du berebiziko gasturik ekarriko gure etxeko ekonomiarentzat, eta, horrenbestez, "urtarrileko aldapa" ez da zenbait hilabete gehiago luzatuko.

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus