Geroa ereiten

LAU EMAKUME SORTZAILE PROIEKTU BAKARREAN

DINAGU proiektua lau sortzaileren topalekua da. Proiektuaren ardatza indarrak batu eta beraien lanen erakuslehio amankomunak topatzea da, horretarako salmenta eta bisibilizazio espazioak elkarbanatuz. Sortzaile hauen artean, HABIAN! hazitegian dagoen AGARA AGIRRE bitxigileak parte hartzen du eta uztailaren 27an egingo den topaketan beraien lana eta produktuak ikusteko aukera izango dugu.


Orain arte egindako ibilbidea ospatzeko eta datozen erronka berriak aurkezteko festa antolatu dute DINAGU proiektuko kideek. Uztailaren 27an ospatuko da Getariako Aterian espazioan (Elkano kalea, 1) arratsaldeko 19:30ean. Musika eta mokadutxo batekin lau sortzaileon lanak eta produktuak ikusteko aukera ere izango da.

 dinagu_2

LAU SORTZAILE, PROIEKTU BAT

Arestian aipatu bezala, DINAGU proiektua lau sortzaileren topalekua da baina, sortzailetako bakoitzak bere arloan egiten du lan. Bakoitzak bere marka propioa du eta baita norbere sortze-espazio ere. Maialen Irastorzak (MAIXALA) eskuz egiten ditu poltsak, Ilazki LIlik (BIZIKI) mimoz josten ditu arropak, Edurne Kortabarriak (MARI MATRAKA) benetako gorputzak ilustratzen ditu eta Agara Agirrek (AGARA) bitxiekin istorioak kontatzen dizkigu.

Guztien produktuak eskuz eginda daude, tradiziozko teknikak erabilita. Diseinatzeaz gain, produktuak ere haiek egiten dituzte. Euskal Herrian bertan sortuak eta ekoiztuak dira, beraz.

Betiko teknikak diseinu garaikide eta berritzaileekin uztartzen dituzte laurek. Gainera, produktuak sortzen direnetik bezeroarengana iritsi arteko ibilbide osoa zaindu eta mimatzeari ezinbesteko garrantzia ematen diote.

ELKARREKIN ERRAZAGO

Merkatu globalean eta digitalean zaila da toki bat egitea, sortzaile hasiberrientzat bereziki. Hori dela eta, salmenta-espazioak zein bezeroak elkarbanatzea aukera ezin hobea dela uste dute.

Egungo eredu ekonomikoak konpetentzia garela sinestarazi nahi digu, baina DINAGUtarrek aniztasuna aberastasuna dela aldarrikatzen dute. Horrela, elkarren beldur izan beharrean, eskutik heldu eta elkarrekin aurrera egin nahi dute.


dinagu_1

IBILBIDEA

Donostiako Gabonetarako azokan espazio bat elkarbanatzeko helburuarekin hasi zen proiektua. Bakarrik egitea norberarentzat lan handia zela ikusirik elkartuta gehiago egin zezaketela pentsatu zuten. Bost astez salmenta-espazio bat elkarbanatu zuten Urumea pasealekuan eta sare sozialen bidez hurbiltzeko deialdia egin zitzaion jendeari. Tartean, argazki lehiaketa bat ere antolatu zen.

Esperientzia hartan epazioa ez ezik, esperientziak, ezagutzak, penak eta pozak elkarbanatu zitezkela konturatu ziren. Horrela, etorkizunean elkarrekin lan egiteko nahia piztu zitzaienez, proiektua sakontzeko bidean jarri ziren.

Egindakoa ospatzeko eta datorrena aurkezteko festa egingo dute Getarian hilaren 27an 19:3ean Aterian espazioan.

Ez galdu aukera!

kartela dinagu eusk

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus