Geroa ereiten

Errenteriako Udalak ‘Bizi Errenteria’ aurkeztu du herriko ekonomia suspertzeko

  • Talka Planean jasotako hainbat neurri gauzatzeko martxan jarritako egitasmoa da.
  • Herria bizitzeari dagokionez, uda berezia izatea nahi du Udalak.


Errenteriako Udalak, Covid-19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko martxan jarritako Talka- eta Suspertze-Planaren baitan abiarazi du Bizi Errenteria programa. Errenteriarren eta Errenteriako ekonomia-sektoreen arteko harremanak sendotuz, bere osotasunean herriaren eta herritarron suspertze ekonomikoan erateko bokazioarekin sortu da, pertsonak erdigunean jarriz. Horretarako, askotarikoak dira abiatuko diren ekintzak: erosketa-bonuen banaketa herritarren artean, ekonomia-dinamizazio jarduerak eta kultur eskaintza anitza paratu da. Guztia, lelo honen pean: Zuk Errenteria bizitzeak egiten du herri. Zentzu horretan, aurtengo uda oso berezia izango da Errenterian, Udalak apostu nabarmena egin baitu herritarrok herria bizi dezagun, Errenteria biziberritzeko aukera guztion esku jarrita.

bizi-errenteria-1024x684web

Bizi Errenteria programak joan zen apirilaren amaieran, Errenteriako Udalak COVID-19ak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek tokiko ekonomiaren ekosisteman izandako eraginari erantzuteko aurkeztutako Talka- eta Suspertze-Planean jasotako hainbat neurriri erantzuten dio: 10. tokiko kontsumorako bonoak; 11. herri-ekonomiari laguntzeko komunikazio-kanpaina; 12. merkataritzaren eta kalearen dinamizazio egokitua… Bere osotasunean, planak bai etxeko ekonomiari eta baita herriko ekonomia-sarea eratzen duten askotariko sektoreei laguntzea du helburu. Orduan adierazi bezala, estrategia bizi eta dinamiko bati erantzuten dion plana da: horren baitan, orain arte, ekonomia-sarea zaindu asmoz, besteak beste, mikroenpresentzako dirulaguntzak jarri dira martxan eta, era berean, umeen zaintza kontratatzeko dirulaguntzak onartu dira. Orain berriz, tokian tokiko kontsumoa bultzatu nahi da, herriko mikroenpresen mesedetan eta, aldi berean, etxeko ekonomiari lagunduz.

Eta zer da Errenteria bizitzea?

Bere gizarte, kultura, zein ekonomia ekosistema aberatsari esker, gaur egun, Errenteria erreferentziazko gunea da eskualdean. Posizio hori indartu asmoz, tokian kontsumitzeko deiaz harago, Bizi Errenteria egitasmoa, elkartzeko topagunea, elkarri aitortza egiteko, guztiok egindako lanaz elkarrekin gozatzeko abagunea izan dadin sortu da, horretarako eragile ekonomikoekin batera, gizarte zein kultur eragileekin elkarlana sustatuz. Ekonomikoki ez ezik, zentzu zabalenean herriari bizitza emateko, elkar zaintzen jarraitzeko, zentzu zabalenean herri egiteko.

Ekonomia jardueren dinamizazioa eta kultur eskaintza oparoa eskutik

Bizi Errenteria egitasmoa osatzen duten jarduerak bi motatakoak izango dira datozen hilabeteotan. Batetik, ekonomia jardueren dinamizazioa helburu duten ekintzak abiatuko dira: erosketetarako planak, ibilbideak, apaintzeak, herritarren parte-hartzea sustatzeko ekimenak… Eta, bestetik, uda osoan zehar 30 ekitalditik gora bilduko duen programazioa aurreikusi da, kultur-emanaldiak, Errenteriaren 700. urteurrenarekin lotutakoak, kirol-saioak eta abar bilduko dituena. Merkataritza, ostalaritza, zerbitzu emaleen eta bestelako eragile ekonomikoen dinamizazioa eta kultur programazioa uztartzeko zeharkako lanketa egingo da; hartara, Errenterian aisialdirako benetako aukera eskainiko zaio askotariko publikoari. Gainera, dinamizazioa eta kultur programazioa auzo guztietara eramango dira, Bizi Errenteriaren espiritua bera eta horren emaitzak Errenteria osoan barreia daitezen.

Errenteriako merkatari, ostalari edo enpresari txiki guztiei deia Bizi Errenteria egitasmora atxiki daitezen

Errenteria Bizi egitasmoa garatu ahal izateko ezinbestekoa da herriko ekonomia-eragileen eskuartzea. Horregatik, Errenteriako merkatari, ostalari edo enpresari txiki guztiei dei egiten zaie Bizi Errenteria egitasmora atxiki daitezen. Horretarako bizi.errenteria.eus webgunean eskuragarri egongo den formularioa bete eta igorri beharko da.

Bizi Errenteria marka

Markari dagokionez, hiru dira Bizi Errenteria laguntzen duen imagotipoa osatzen duten elementuak:

1. B hizkiak herrian bertan bizitzeari eta herriari berari bizitza emateari egiten dio erreferentzia, bertan dauden aukeren aldeko hautu bakoitza tokiko ekonomia balioetsi eta “herri bizia” eraikitzeko urratsa dela, hain zuzen.

2. Zirkulua: batetik komunitatea islatu nahi du, Bizi Errenteria elkarrentzako topaleku, elkarri aitortza egiteko elkarrekin, elkar zaindu eta elkarren lanaz gozatzeko abagunea ere izango baita; eta, bestetik, ekonomia zirkularra dakarkigu gogora, ekonomia-eredu horren aldeko sentsibilizazio tresna ere bada eta Bizi Errenteria egitasmoa.

3. Geolokalizazio ikonoa: Errenteriari eta errenteriarrei egiten die erreferentzia, Bizi Errenteria egiatasmoan esku hartuko duten tokian tokiko eragile guztiei: herritarrak, merkatariak, zerbitzu emale diren enpresari txikiak, gizarte zein kultur eragileak eta abar.


Kanpaina bideoa

Irudiarekin batera gaur aurkeztu den bideoan zera da islatu nahi izan dena, kontsumitzaile, merkatari, ostalari zein enpresari txikiak, denak denak direla herritarrak eta guztiek dutela zer esana Errenteriako ekonomia suspertzeko garaian. Horretarako rol aldaketa jaso, merkatariak erosle bihurtu eta ekonomia zirkularraren onura islatzen duen “kate bat” sortu da.

bizi.errenteria.eus, Bizi Errenteria egitasmoaren leihoa sarean

Bizi Errenteria egitasmoaren inguruko oro (parte-hartzaileak, jarduerak, agenda, albisteak…) bizi.errenteria.eus webgunean jasoko dira. Webgune dinamikoa izango da, Bizi Errenteria egitasmoak aurrera egin ahala edukiz betetzen joango dena.

Sare sozialetan, #BiziErrenteria traola erabilita partekatuko dira edukiak.

Informazio iturria: Herri bizia


Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus