Geroa ereiten

"Ze ateakoizut?", euskara erabiltzeko arrazoi bikaina

Urriaren 9 arte, Oarsoaldea eskualdeko barradun establezimenduetan euskaraz eskatzen duten bezeroei boleto bat emango die zerbitzariak bi afari ederren zozketan parte hartzeko. Boletoak horretarako jarrita egongo den buzoian sartu behar dira. Herri bakoitzeko irabazle bat izango da eta bakoitzak bi lagunentzako otordua hartuko du opari Trintxerpeko Izkiña edo Oiartzungo Zuberoa jatetxeetan. Era berean, boleto irabazlea entregatu zeneko tabernaren jabeak ere bi lagunentzako otordua irabaziko du aipatu bi jatetxeetako batean.

Bezeroa saritzeaz gain, boleto irabazlea entregatu deneko establezimenduaren jabea ere sarituko da bi lagunentzako afari batekin.

ze-ateakoizut

Garapen Agentziatik jakinarazi digutenez, ekimen honen helburua ostalaritza sektorean euskararen erabilera sustatu eta bezeroek euskaraz eskatzeko ohitura hartzea da. Dagoeneko Pasaian 16 taberna agertu dira ekimenean parte hartzeko prest, Oiartzunen 33 eta Errenterian 20.

"Beste ostalariren batek parte-hartzea interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du" aipatu dute Oarsoaldeatik.

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez 14 urte daramazkite elkarlanean merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia eta erabilera sustatzen. Horretarako, beste ekimen batzuen artean, doako zerbitzuak eskaini dizkiete euskararen presentzia areagotzeko.

Zerbitzu hauez gain, urtero merkataritza sektore edo gremio bat hautatu eta harekin ahalegin berezia egiteko bideari ekin zioten iaz. Elementu bereziren bat eskainiko diete eta bezeroentzat ekimen deigarri eta erakargarri bat egingo dute urtero sektoreko establezimenduak, parte har dezaten gonbidatuz (lehiaketak, zozketak,...). 2011n jatetxe eta tabernekin ari dira lanean eta bi ekimen prestatu dituzte sektoreari begira; mahai gaineko estalki berezien banaketa eta erabilpena eta aipatutako zozketa, urriaren 9an amaitzen dena.

Oarsoaldea Garapen Agentziak herritar guztiak animatu nahi ditu eguneroko bizitzako alor eta jardun guztietan euskara erabil dezaten. Arrazoi gehiagoz ostalaritza establezimenduetan, ekimen honetan parte hartzeko aukera dugula jakinik.


Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus