Geroa ereiten

Irrien Lagunak Oarsoaldean, egitasmo hezitzaile herrikoi berria

Umeentzako aisialdi egitasmo hezitzaile bat abian jartzeko proiektua aurkeztuko dute datorren astean Udalek, Irrien Lagunak Klubak eta Huhezi fakultateko Sorguneak ikertegiak

 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak kide dituen Irrien Lagunak klubaren ekimenez, Oarsoaldeko herrietan umeentzat aisia proiektu hezitzaile, euskaldun, herritar  eta parte hartzaile bat  abian jartzeko asmoa dago.  Proiektuaren protagonista umeak izango dira, baina ez dira jasotzaile huts izango, egitarauaren beraren diseinuan ere hartuko baitute parte. Ez da umetara mugatzen den egitasmoa hala ere, gazte eta heldu, guraso, irakasle, umeen aisia talde, gazte mugimendu, herri ekimen, kultur, euskara, heziketa, kirol, natur talde, herriko eragile, herriko udal eta erakunde, eskolak, ikastolak, norbanako eta beste inplikatu nahi dira bertan.

irrienlagunaktxiki

Hain zuzen, herrigintza sarea indartzea, euskal komunitatea trinkotzea, kultura sustatzea, parte hartze eta berdintasun ereduak sozializatu eta praktikan jartzea, eta herria biziberritzea dira egitasmoaren oinarri eta helburuak.

Irrien Lagunak Klubak eta Sorguneak ikertegiak, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalekin batera, taxutu duten egitasmoa datorren astean aurkeztuko dute herriz herri. Joxemari Agirretxe 'Porrotx' eta Sorguneak ikertegiko kideak izango dira egitasmoa aurkezten. Bilerak irekiak izango dira eta gaiaren inguruan interesa duen banako, eragile, talde, erakunde, ekimen eta elkartek har dezake parte.

Irrien Lagunak Klubak orain hiru urte zabaldu zituen ateak umeei aisialdirako euskarazko produktuak eskaintzeko asmoz.  Webgunearekin eta aldizkarirekin plazaratu zen. Geroztik, egitasmo gehiago jarri ditu abian, besteak beste, Zeraingo barnetegia eta urteroko Irrien Lagunen festa. Oarsoaldeko lau herritara ekarri nahi den egitasmo berri hau beste urrats bat da. Asmo berri honetan laguntzaile du Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikertegia. Ikertegi honen lan eremua euskal kultura ikertu eta berau biziberritzeko estrategiak bilatzea da.

Asier Mujika, Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak adierazi duenez, ekimen hau aurrera eramateko, udalerri bakoitzean batzorde bat osatuko da eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren funtzioa batzorde hauen koordinazioa gauzatzea izango da. Eskualde mailako beste batzorde bat ere eratuko dute.

-----------------

Aurkezpen bilera irekiak:

 

Oiartzun: otsailaren 23an, Udaletxeko pleno aretoan, 17:30etan.

Errenterian: otsailaren 27an, Xenpelar etxean, 18:30etan.

Pasaian: otsailaren 29an, San Pedroko Udal aretoan, 19:00etan.

Lezon: martxoaren 1ean, Kultura aretoan, 19:00etan.

------------------------

Joxemari Agirretxe 'Porrotx': “Denon arteko auzolan handi bat proposatzen dugu”

Ze helburu ditu Irrien Lagunak Oarsoaldean egitasmoak?

Pertsona eta elkarte asko daude balio, esperientzia eta jakintza ugari eta aberatsak dituztenak. Horiek guztiak ezagutu, bildu eta herriko eragileekin eta bizilagunekin partekatzea ederra litzateke. Osasuna, natura, zientzia, kultura, elkartasuna eta beste esparru askotan emateko asko duten lagunak, profesionalak izan ala ez, bizi dira gure eskualdean. Ezagutza hori ordea, norberaren baitan edo lanbidean geratzen da. Bizilagun eta elkarte asko, aldiz, prest egon daiteke prest bere esku duen aberastasun hori trasmititu eta partekatzeko. Asko dugu emateko eta jasotzeko. Denon arteko auzolan handi bat proposatzen dugu, urtean zehar hainbat ekintzen antolaketa baten bidez garatu daitekeena, euskaratik eta euskaraz.

Zergatik aukeratu duzue Oarsoaldea?

Bertako instituzio zein herri eragileak aktiboak direlako, interesa azaldu dutelako eta ongi antolatuta daudelako. Helburuak eta estrategiak amankomunean lantzen dituzte. Eskualde oso egokia da horrelako proiektu berritzaile bat martxan jartzeko.

Nork hartu dezake parte?

Ikastetxeek, guraso elkarteek, aisialdi taldeek, kultura, kirola eta gizarte eragileek, baserritarrek, merkatariek, lantegiek, sendagileek, erizainek, basozainek, naturzaleek, zientzialariek, bertsolariek, kantariek, antzekilariek, sukaldariek, odol eta organu emaileen taldeek, gaztetxeak, euskara taldeak… edozein adinetakoak. Zerbait emateko eta jasotzeko duen edonork parte har lezake. Auzolana, alaitasuna, elkartasuna eta herriarekiko maitasuna ez daude krisian!

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus