Geroa ereiten

Kontsumitzaileen Testigantza

Telefono konpainia batek 700€ erreklamatu zizkion berak kontratatu ez zituen 3 lineagatik

Orain dela urtebete, Maria Gabriela Berra oso kezkatuta zegoen. Telefono konpainia batek 700 euro eskatu zizkion berak kontratatu ez zituen 3 lineagatik. Oarsoaldea Garapen Agentzian dagoen Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegora jo zuen, eta bertan jasotako aholkuei esker arazoa konpontzea lortu du.

-Noiztik ezagutzen duzu Oarsoaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoa? Nola jakin zenuen bulegoaren berri?

Egia esan, telefono konpainiaren arazoa sortu zitzaidan arte ez nuen Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoaren berri. Garai hartan, ordea, oso kezkatuta nintzen eta telefono gidan kontsumoarekin lotutako elkarte baten bila hasi nintzen. Ez dakit ondo nora deitu nuen, baina gizon batek Oarsoaldeko bulegoarekin kontaktuan jartzeko gomendatu zidan.

-Kontaiguzu zure kasua xehetasun gehiagorekin. Zer izan zen zehazki gertatu zitzaizuna?

Egun batean, Movistar telefono konpainiako faktura bat iritsi zitzaidan etxera. Faktura horretan diru kopuru jakin bat eskatu zidaten sakeleko 3 telefonoren erabilpena kontratatzeagatik. Faktura ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi. Telefono horiek ez ziren nireak. Are gehiago, ni ez nintzen Movistarreko bezeroa. Hanka sartu zutela esateko deitu nien, baina ez nuen ezer lortu. Pertsona pila batekin hitz egin nuen, baina inork ez zidan arazoa konpondu. Eta hurrengo hilabetean beste faktura bat iritsi zitzaidan, eta hurrengoan beste bat... 700 euro eskatzera iritsi ziren.

consumomovistar

-Eta orduan Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegora jotzea erabaki zenuen.

Bai. Laguntza behar nuen, eta ez nekien zer egin. Kontsumitzaileen  Informaziorako Bulegoan, ordea, jarraitu beharreko pausoak argi azaldu zizkidaten.  Lehenik eta behin, Movistarrekoei eskutitz bat bidali genien arazoaren berri emanez eta konponbidea jartzeko eskatuz. Ez ziguten erantzun, ordea.

-Eta zer egin zenuten orduan?

Datuen Babeserako Espainiako Agentziara jo genuen. Izan ere, Oarsoaldean azaldu zidatenez, Movistarrek nire datuak baimenik gabe erabili zituen eta hori ez da zilegi. Datuen Babeserako Agentziakoak Movistarrekin kontaktuan jarri ziren. Ordurako, ordea, Movistarrekoak haien akatsaz ohartu ziren. Eskutiz bat bidali zidaten etxera, zorrik ez neukala esanez eta barkamena eskatuz.

-Beraz, Oarsoaldean emandako aholkuak baliagarriak izan ziren.

Bai, bulegoaren babesik gabe ez dakit  zer gertatuko zen. Ia sei hilabetez luzatu zen kontua, eta horrelako prozesu luze batean babesa sentitzea beharrezkoa da. Oarsoaldeak emandako babesak lasaitasuna eta konfidantza eman dit izan dudan arazoari aurre egiteko.

-Kontsumoarekin lotutako arazoren bat duten herritarrei, Oarsoaldeko Informazio Bulegora joateko gomendatuko zenieke?

Bai, zalantzarik gabe. Herritar askok ez dute gisa honetako erakundeetara joateko ohiturarik, baina nire esperientzia oso ona izan da. Laguntza handia eman didate eta tratua oso ona izan da, gertukoa.

Info +:

Kontsumitzaileen Informaziorako Bulegoa 

Jendearentzako arreta ordutegia

Bulegoan: Olibet, 6, Errenteria: astelehenetik ostiralera de 9:00etatik 13:00era.

Telefonoz: 943 510 111
Astelehenetik ostegunera 8:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan 8:00etatik 14:00etara.
Udako ordutegian (ekainetik irailera, biak barne) telefono bidezko arreta 8:00etatik 14:00etara artekoa da.

 

 

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus