Geroa ereiten

Errenteria Aste Santurako eta goi denboraldirako prest!

2017/04/10

 

Datorren apirilaren 13an San Marko Gotorlekuko Informazio Puntuak bere ateak zabalduko ditu, bertaratzen diren bisitariei goi denboraldi osoan zehar harrera egiteko. Honela, San Marko Gotorlekura hurbiltzen diren bisitariak, Lau Haizeta Parkearen naturaz eta ikuspegi zoragarriez gozatzeaz gain, inguruak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazioa jaso dezake.



sm listorreta 2017 1

Ordutegia asteazkenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango da. Ordutegi horren barruan, Museoa bisitatzerik ere izango da, horretarako bi aukera eskainiz: modu librean (doan) edo bisita gidatuan (2-3€ artean). Poternatik du sarbidea museoak, eta  bertan artilleria-bateria ezkutuak, hauek elkar lotzen dituzten tunelak, eta baita gotorlekua inguratzen duen lubanarroa defendatzeko kaponerak ikus daitezke. Arma Patioan terraza duen taberna- jatetxea ere badago gotorlekuan.

sm listorreta 2017 4

Errenteriako Hirigune Historikotik kilometro gutxira kokatzen da San Marko Gotorlekua (XIX. Mendea), izen bera daraman mendiaren tontorrean, Lau Haizeta Parkearen bihotzean, naturaz guztiz inguratuta eta ikuspegi zoragarriekin.

sm listorreta 2017 2

Bere barnean eta baita bere gotorlekuaren inguruan ere, karlistarren garaira garamatzaten oroigarri militarrak,  antzinako ameztiak,  anfibioentzako urmaelak eta  Txoritokietako estazio megalitikoa ere topatuko ditugu. Elementu hauek paisaia kultural eta natural paregabe bat osatzen dute San Markon.

Ikuspegia koloreztatzen duten Pasaiako, Kontxako eta Txingudiko badiak ikusi ditzakegu goiko aldean dagoen begiratokitik. Aiako Harria Parke Naturalak, Ulia eta Jaizkibel mendiek (hiruak “Natura 2000 sarean” babestutako esparruak) eta begiratokia inguratzen duten gainerako mendiek eratzen duten landa paisaiak, lasaitasuna topatzen lagunduko diote bisitariari. Gotorlekuaren kanpoaldean  dagoen Aisialdirako guneak, haur-jokoz eta pik-nik mahaiez hornituta, familian edota lagun giroan inguruaz gozatzeko beste aukera bat eskaintzen du. Uda honetarako plan zoragarria zalantzarik gabe!


Listorreta-Barrengoloiako Informazio Bulegoa

sm listorreta 2017 3

Bestalde, Aste Santuan, Aiako Harria Parke Naturalean aurkitzen den Errenteriako Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoa ere bere ateak irekiko ditu.

Beste urte batez, bertara hurbiltzen diren txangozale eta bisitariek inguruko baliabide naturalei buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute; hala nola mendi-ibilbideak, monumentu megalitikoak, Aizpitarteko haitzuloak, Añarbeko baso erreserba, Malbazarko hezegunea...

Horrez gain, aipaturiko guneak ezagutzeko udaran irteera gidatuak ere eskainiko dira. Bertako Kultur Ondare eta bioaniztasun-maila altuaz gida aditu baten eskutik jabetzeko aukera paregabea da dudarik gabe. Izan ere, gune honek Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendapena du, Natura 2000 Sarearen barruan babestuta egonik.

Honela, informazio bulegoa sei hilabetez egongo da zabalik, ondorengo ordutegian:

Ostiralak: 16:30-20:30

Larunbata eta igandeak: 8:30-14:30 / 16:00-20:30

 

Informazio gehiago eta bisita gidatuetarako erreserbak:

 

turismo@errenteria.eus

Eskualdeko Turismo Bulegoa Errenterian
943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus

 

www.oarsoaldeaturismoa.eus



Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus