Geroa ereiten

Bai ala ez, nire hipoteka-maileguak zoru klausula dauka? nire bankuak dirua itzuli behar dit?

Oarsoaldeako Kontsumo Informazio Bulegoak lagun gaitzake

Hipoteka-maileguaren barruan, ordaindu beharreko interes-tasa izaten da aspektu garrantzitsuenetariko bat. Interes-tasa aldakorra den maileguetan, ordaintzen dugun kuota, interes-tasak jasan dituen aldaketen baitan dago. Interes-tasak gora egiten badu, ordaindu beharreko kuotak gora egiten du, eta interes-tasak behera egiten dutenean, ordaindu beharreko kuota jaitsi egiten da. Horrela izan beharko luke behintzat. Baina, zer gertatzen ari da interes-tasak behera egin duenean eta ordaintzen dugun hileko kuotak behera egiten ez duenean? Gure hipoteka-maileguak azken aldian famatua egin den zoru-klausula duela.

Zoru-klausulak tasa aldakorreko hipoteka-maileguetan jartzen diren klausula batzuk dira, gutxieneko interes-tasa finko bat ezartzen dutenak, bezeroak interes-tasen jaitsieraren onurarik izan ez dezan, gutxieneko portzentaje horretatik behera jaitsiko balira ere.

Klausula horiek hipoteketan sartzea legezkoa izan daiteke, baldin eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko araudian ezarritako gardentasunaren eta informazioaren baldintza guztiak betetzen badituzte.

zoru klausula ona

Auzitegi Gorenak241/2013 Epaian, abusuzkotzat eta deuseztzat jo zituen kreditu-entitate zenbaiten hipoteketan ezarritako zoru-klausulak, baina ebazpen judiziala eman zenetik aurrerako dirua bakarrik itzultzera behartzen zuen. Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 21eko epaiak, ordea, atzera bota du denbora-muga hori eta aurreko zenbatekoak itzultzera behartzen du. Gobernuak, demanda judizial mordoa egon daitekeela-eta, epaiketaz kanpoko erreklamazioetarako prozedura bat arautu du, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek epaitegietara jo beharrik izan gabe aukera izan dezaten euren entitateei eskatzeko zor dizkieten zenbatekoak itzultzeko. Horiek horrela, entitateek zenbait betebehar dituzte:

Entitateen betebeharrak

  • Kreditu-erakundeek sistema bat ezarri behar dute kaltetuek erreklamazioak auzitara jo aurretik aurkeztu ahal izan ditzaten. 
  • Gai honen ardura hartuko duen sail edo zerbitzu espezializatu bat izan behar dute.
  • Euren web orrian eta dauzkaten bulego guztietan, informazio hau eman behar dute:
  • Sail edo zerbitzu espezializatua, posta-helbidearekin eta helbide elektronikoarekin.
  • Erreklamazioak hiru hilabeteko epean ebazteko daukaten obligazioa.
  • Gardentasunari eta finantza-zerbitzuen bezeroak babesteari buruzko araudia.
  • Prozedura, funtzionamenduaren deskribapen batekin.
  • Banketxe eta kutxek beren hipoteketan zoru-klausulak izan zituzten bezero guztiei eman behar diete sistemaren berri.
  • Aditzera eman behar dute itzulketek zerga-obligazioak sor ditzaketela.

 

Epaiketaz kanpo, erreklamazioa jartzeko jarraibideak

Zure hipoteka-maileguan zoru-klausula baduzu, zure entitateari eska diezaiokezu zor dizkizun zenbatekoak itzultzeko (ikusi erreklamazio imprimaki eredua hemen). Prozedura doakoa eta borondatezkoa da, eta, nahi izanez gero, auzitara jo ahal izango duzu zuzenean.

Zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Erreklamazioa aurkeztu ondoren, erakundeak eskaera aztertuko du eta erabakiko du:

  • Dirua itzultzea ez dela bidezkoa. Erakundeak ezezkoa emateko arrazoiak adierazi beharko dizkizu, eta auzitara jo beharrik gabeko prozedura itxitzat emango da.
  • Dirua itzultzea bidezkoa dela. Kasu horretan, kalkulu bat egingo du eta zenbat diru egokitzen zaizun jakinaraziko dizu. Interesen zenbatekoa aparte jarriko da, xehatuta.

Proposamena jasotzen duzunean, ados zauden adierazi beharko duzu:

  • Kalkuluarekin ados bazaude, dirua itzultzea erabakiko duzue. Aldeek bestelako konpentsazio-neurri bat adosteko aukera ere ematen du arauak, eta erakundearen balorazioarekin batera aurkeztuko da. Kasu horretan, 15 egun izango dituzu proposamena onartzeko. Onartzen baduzu, eskuz idatzitako beste dokumentu batean adieraziko duzu, eta 15 eguneko hausnarketa-epea bete dela jasoko da bertan. 
  • Kalkuluarekin ados ez bazaude, auzitara jo gabeko prozedura amaitutzat emango da eta auzi-eskea aurkeztu ahal izango duzu. Epaia zure aldekoa izaten bada, epaileak kostuak ordainaraziko dizkio finantza-erakundeari.

Zenbat denbora dute erakundeek erreklamazioei erantzuteko?

Erakundeek hiru hilabete izango dituzte erreklamazioa aurkezten denetik aurrera akordio batera iristeko. Epe hori amaitzean ez baduzu erakundearen aldetik inolako erantzunik jaso edo ez baduzu eskainitako dirua kobratu, amaitutzat eman ahal izango du auzitara jo beharrik gabeko bidea eta, hala badagokio, auzi-eskea aurkeztu ahal izango duzu.

Noiz aurkeztu dezaket erreklamazioa?

Dekretu-legea indarrean sartzen denetik, hau da, 2017ko urtarrilaren 21etik aurrera aurkeztu daiteke,  erakundeek hilabeteko epea izan dute araudira egokitu ahal izateko (otsailaren 21a arte). Kasu horretan, banketxeek eta kutxek behar besteko baliabideak dituztenetik aurrera hasiko da erantzuteko hiru hilabeteko epea. 

Epaiketaz kanpoko prozeduraren bidez akordio bat lortzen saiatu ondoren, bide hori akordiorik gabe amaitu dela ulertuko da:

  • Entitateak berariaz baztertzen badu zure eskaera.
  • Erreklamazioa aurkeztu zenuenetik hiru hilabete igaro badira, eta ez baduzu erantzunik jaso.
  • Kalkulatu den zenbatekoarekin ados ez bazaude edo ez baduzu onartzen bankuak edo kutxak eskaintzen dizun zenbatekoa.
  • Hiru hilabete igaro badira, eta ez badizute eman hitzartutako zenbatekoa.

Kasu horietan, Epaitegira jo dezakezu. Epaitegira jotzen baduzu zenbatekoarekin ados ez zaudelako edo ez duzulako onartzen eskainitako diru-itzulketa:

  • Epaitegiak bankuak eskainitakoa baino handiagoa den zenbatekoa aitortzen badizu, entitateak prozesuko gastu guztiak ordaindu beharko ditu, zure abokatuaren eta prokuradorearen zerbitzu-sariak barne.
  • Zenbateko berbera edo txikiagoa aitortzen bazaizu, teorian, zure abokatuaren eta prokuradorearen gastuak eta gastu komunen erdiak ordaindu beharko dituzu, gutxienez.
  • Gainerako kasuetan, Prozedura Zibilari buruzko Legean kostuen ordainketari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

Bankuak zenbat diru itzuli behar dizun jakiteko interneten begiratu dezakezu. Badira gutxi gorabeherako kalkulua egiten duten web guneak (www.adicae.net, www.ocu.org, esaterako).

 

Zer egin dezake Oarsoaldearen Kontsumo Informazio Bulegoak zu laguntzeko?

Hipoteka-maileguan zoru-klausula duzun begiratu dezakete eta hala bada, erreklamazioa egin ahal izateko ibilbidean zehar bidelagun izango dituzu.

Edozein zalantza edo argibide gehiago behar izanez gero, jar zaitez harremanetan Oarsoaldeako Kontsumo Bulegoarekin 943 510 111 telefonoan edo omic-oarsoaldea@kontsumo.net helbidearen bitartez. Bulegoa Olibeten dago, 6.zenbakian, Errenteria eta arreta-ordutegia honako hau da: 8.30-14.30.

EKA-ACUV Asociación de Consumidores y Usuarios Vascos

Pº de los Fueros, 5- Entlo. D

20005 Donostia

943 423 993

donostia@eka.org

EHKB-UCE Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna

Idiakez, 2- 1º

20004 Donostia

943 431 124

uce-donostia@kontsumo.net

ADICAE Asociación de Usuarios de Bancos, Cajas de Ahorro y Seguros

Hurtado de Amezaga, 27- 11ª. Oficina 7

48003 Bilbao

944 054 238

euskadi@adiace.net

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus