Geroa ereiten

4 txango galduezin Donostiatik abiatuta

Har itzazu motxila, ura eta jateko zehozer, txangoa egitera goaz. Aurtengo udaran Gipuzkoako hiriburuko zalaparta atzean utzi nahi ezkero, kotxerik erabili gabe egiteko 4 ibilbide proposatzen dizkizugu .

donostiatik egiteko 4 ibilbide

1.Donostia-Pasaia Ulia menditik

Ibilibide ospetsu honek ikuspegi bikainak uztartzen ditu: kostako itsaslabar zoragarria, Donostia bera eta Pasaiako badia ikusgarria. Ibilbide erraza bezala sailka genezake, bere 9,6 km egiteko 3 ordu beharko ditugularik. Donostiako Zurriola hondartzatik abiatu eta igoera labur baten ondoren bidezidor batekin bat egingo dugu, hemendik itsaslabarrak ikusgai izango ditugu, eta egun oskarbietan Euskal Kostaldea osoa ere bai. Kala ederrak atzean utzi, gotorleku zaharrak ikusi, eta basoxkak zeharkatuz Platako Farolarekin topo egin eta bera lagun, itsas zabaleko itsasontziek bezala, gure helmuga topatuko dugu, Pasaiako badia. Bidezidorrak Pasai San Pedrora garamatza, bertan Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Mater Itsasontzi Museoa ezagutzea ezinbestekoa delarik. Txalupa hartuz Pasai Donibanera pasa gaitezke, bere hirigune historikoan ibili eta Victo Hugo Etxea bisitatzeko. Itzulera, berriz oinez egiterik badago, edota bertatik Donostiara eramango gaituen autobusa hartuz. Ibilbide honek guztira 9,6 km ditu, oinez 3 ordu gutxi gora behera.

2.Donostiatik Aiako Harrira, Arditurriko bide berdea erabiliz

Proposaturiko ibilibidea oinez edo txirrindaz egin daiteke (Pasaian txirrindak daude alokagai). Bidea Donostian hasten da eta bidegorrian barrena Herrera auzoa eta Pasai Antxo atzean utzi ondoren, Errenteriako Erdiaroko Hirigune Historikoa ikusteko beta hartzea gomendagarria da, gainera Jantziaren Museoa ireki berri dute bertan. Ondoren, Oiartzun ibaiaren bidea jarraituko dugu Arditurriko bide berdetik, garai bateko trenbide zaharra, Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mineralak garraiatzeko erabilitako bidea hain zuzen. Oiartzunera hurbiltzerakoan ibilbidea naturalagoa bilakatzen da, ibaiaren hotsak lausotuta, baserri eta errota zaharren aztarnak izango ditugu ikusgai. Ergoien auzora iritsitakoan bi museo bisitatzeko aukera aurkeztuko zaigu. Lehenik Soinuenea Herri Musikaren Txokoa, mundu zabaleko musika tresna ezberdinen erakusketa itzela duen museo txikia. Aurrerago Luberri Ikasgune Geogogikoa topatuko dugu, non Aiako Harria Parke Naturalaren nahiz Eukal Herriko historia geologikoaren berri izateko aukera izango dugun. Bidera itzuliaz, kasik konturatzeke, Aiako Harriko tontorren irudira gerturatu ahala, gure helmugara helduko gara, Arditurriko meatze gunera. Parke Naturalaren barrutian kokatutako erromar garaiko meatzeak egun soilik bisitarien jakinmina asetzeko zabalik daude. Ibilbide honek guztira 17 km ditu.

3. Donostiatik Lezora oinez edo txirrindaz

Ibilbide honetarako, deskribatu berri dugun aurreko ibilbidearen abiapuntu berdina hartuko dugu. Baina behin Errenteriara iritsita, Oiartzun ibaia gurutzatuko dugu Renfeko geltokirantz doan zubiaz baliatuz, eta oinezkoen bidea jarraituz Lezora iritsiko gara. Gurutze Santuaren Plaza abiapuntutzat hartuta, izen bereko Basilika eta Udaletxea ikus ditzakegu, eta plazako eskilarak igoaz San Joan Bataiatzailearen Eliz Parrokia. Abiapuntutik eskubitara ordea, Kale Nagusian gora, armarridun oinetxe desberdinak topatuko ditugu. Hirigune historikoa atzean utzita, Lezoko Bekoerrota Polikiroldegirantz zuzenduko gara, bertatik abiatzen bait dira inguruko aberastasun naturala zabaltzea xedea duten  balizatutako hiru ibilbide. Guk Altamira eta Bordatxorantz doana aukeratu dugu. Asfaltodun bide zirkular honek baserri entzutetsu eta larre berdeez gozatzeko aukera eskeiniko dio adin eta egoera guztietatako ibiltariari. Ibilbideak dituen 12 km-ak oinez egiteko 3 ordu inguru beharko ditugu.

4. Intxaurrondo – Lau Haizeta- Barrengoloia

Donostiako Intxaurrondo auzotik abiatuko gara, Garbera Merkatal Gunearen atzetik doan  Marrus bidetik hain zuzen ere. Lau Haizeta Parkerantz doan bide hau, asfaltoduna da hasieran, eta marmoldegi bat igarotzerakoan ezkerretara hartuko dugu, ondoren San Marko Gotorlekurantz igotzeko. Bertan, ikuspegi panoramiko ederraz gozatzeaz gain, Gotorlekuaren barrukaldea, kanoi-bateriak edota artilleria-piezen erreplikak bisita gidatuen bitartez ezagutu ahal izango ditugu, asteazkenetik igandera 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara. Nahi izanez gero gotorleku barruan bisita gidatua egiteko aukera ere izango dugu. Bertan indarberritu ondoren (jatetxe-tabernan edota ondoko piknik-gunean) egindako bidea partzialki deseginez jetsiko gara, txuri-horiz balizatutako PR-1005 ibilbidearen sahiesbidea topatu arte, eta Aitzetako Txabala bilgune megalitikoa zeharkatuz, Barrengoloiako Aisialdi gunera iritsiko gara, Aiako Harria Parke Naturalaren barrutian iada. Ibilbide honen amaieran Parkearen Informazio Gunea topatuko dugu, non inguruari buruzko informazio gehigarria eskuragarri izango dugun. bilbideak dituen 10 km-ak oinez egiteko 2 ordu inguru beharko ditugu.

943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus /

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus