ABENDUKO ZUBIRAKO PLANAK ETXETIK OSO HURBIL

Aurten ere abenduko zubia planez beteta dator gure eskualdera. Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian mota askotako jarduera ugari aurkituko ditugu familiarekin, bikotekidearekin edo eta lagun artean zubiari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

1. ARDITURRIKO MEATEGIRA TREN BERDEAN

Oiartzungo natura-gunean guztiz murgiltzeko plan ezin hobea proposatu nahi dizuegu datorren abenduaren 6rako: Arditurriko Meatze gunera Tren Berdean joateko aukera, prezio murriztuan. Tren Berdea Pagoaldetik abiatuko da eta paisaia zoragarriak miretsi ahal izango ditugu 30 minutu inguruko ibilbide atsegin honetan. Aiako Harria Parke Naturalean sartu eta Arditurriko meatze gunean amaituko dugu bidaia. Hiru irteera eskainiko dira: 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan eta meategian oinarrizko edo sakoneko bisita egiteko aukera izango dugu. Aurre-erreserba beharrezkoa izango da: 943 494 521 / 943 495 069 / turismoa@oarsoaldea.eus.


 

2. JANTZIAREN ZENTROAN BASERRITAR JANTZIEN ERAKUSKETA

 Ezin dugu aukera galdu egun hauetan Errenteriako Jantziaren Zentroaren erakusketa ikusteko. Iraultza Dantza taldeak tradizioari heldu dio aurten ere eta baserritar jantzien erakusketa antolatu du sarrerako aretoan. Duela ehun urte gure baserritarrek soinean eramaten zituzten jantziak ezagutu ahal izango ditugu bertan. Guztira 13 jantzi daude ikusgai, hamar emakumezko eta hiru gizonezko. Guztiak XX. mende hasierako argazkien edo jatorrizko arropen erreplikak dira. Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta igande eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango dugu museoa. Gainera, abenduaren 11an eta 18an, Ramon Garciak, Errenteriako Iraultza Dantza Taldeko buruak, baserritar jantziaren inguruko hitzaldia eskainiko du erakusketan bertan. Gazteleraz izango da itzaldi hau, eta bi txanda antolatu dira egun bakoitzerako: arratsaldeko 19:00etan eta 20:30ean.


 

3. MATER ONTZI MUSEO EKOAKTIBOAREN JARDUERAK

Pasaiako MATER, Ontzi Museo Ekoaktiboak eskaintza zabala prestatu du, ez bakarrik zubi honetarako, baita abendu osorako ere. Gure kostaldeak ezkutatzen dituen eta naturarekin lotutako sekretu ekologikoak modu praktiko eta dibertigarrian aztertzeko, abenduaren 4an Kostaldea Ikertzen: Erentzin jarduera izango dugu 10:00etatik 14:00etara, doan. Abenduaren 6an, astelehena, 12:00etatik 13:30era Antxoa Kontserba Tailerra egiteko aukera izango dugu eta azkenik abenduaren 8an, eguraldiak eragozten ez badu, Jaizkibelgo Itsaslabarrak ikusteko itsas bidaia. Aurretik erreserba egitea beharrezkoa da: 619 814 225 / info@matermuseoa.com. Kontsulta itzazu gainera hilabete honetarako beste jarduerak www.mater.eus webgunean.


 

4. BALEAONTZI BATEN ERAIKUNTZA ALBAOLA FAKTORIAN

Albaola Itsas Faktoria ere zabalik egongo da abenduaren 4, 5, 6 eta 7an, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara eta abenduak 8an, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, Ondartxo pasealekuko konponketa lanak dagoeneko bukatu direnez, Faktoriara bertaratzeko oinezko bidea erabili ahal izango dugu. Bisita gidatua egiteko Albaolarekin harremanetan jarri behar gara. bisitak@albaola.com helbidera mezua bidalita edo 943 39 24 26 telefonora deituta ondorengo ordutegian: asteartetik igandera goizeko 10:00etatik 14:00etara. Museoa modu librean bisitatzeko aldiz ez da erreserbarik egin behar.

Faktoria bisitatzeko eta San Juan balea-ontziaren eraikuntza lanak zuzenean ikusteko aukera paregabea dugu egunotan.

5. MENDI IBILBIDEAK LEZON

Natura zaleentzat ere badago zer egin egun hauetan gure eskualdean. Lezoko natura-gunea zeharkatzen duten hiru mendi ibilbide proposatzen dizkizuegu jarraian, Bekoerrota kiroldegitik hasita, balizatuta eta seinaleztatuta dauden herri ibilbide hauek distantzia eta zailtasun desberdinak dituzte, erradialak zein zirkularrak dira, eta naturaz gain, balio handia duten elementu historikoak eta kulturalak ezagutzeko aukera eskaintzen digute.

 


 


1.    Olatzar-Lorbide: Bi ordu baino gutxiagoko mendi ibilbide hau edonorentzat da aproposa. Jaizkibelgo hegoaldetik igarotzen da eta ehunka urte dituzten baserri ederrez osatutako auzoak zeharkatzen ditu. (4,5 km-1 h 45 m).
2.    Xoxolurra-Alarguntza: Jaizkibel mendiaren hegoaldeko magala zeharkatzen duen 11 km-ko mendi ibilbidea da. Mendian ibiltzera ohituta daudenentzat da gomendagarria. Nahiz eta hasiera malkartsua izan, 2. km-tik aurrera ibilbidea erosoagoa bihurtzen da. Ikuspegi panoramiko ederrak eta garrantzia kultural eta historiko handia dituzten elementuak ikusi daitezke.
3.    Altamira-Bordatxo: Asfaltatutako ibilbidea da, bizikletaz zein oinez egiteko prestatua. Ibilbideak Altamira zeharkatzen du eta landa atlantikoko lursail tipikoetatik zehar murgiltzen da, Darietazarra eta Miura bezalako baserri garrantzitsuak kokatzen diren lekuetan. Ibilbide atsegina eta gomendagarria da edonorentzat.

Lezotik abiatuta, pixka bat gehiago ibili nahi duenarentzat ere beste bi ibilbide badaude: Jaizkibel mendia zeharkatuz Hondarribira iristen den Talaia bidea edota Pasaiarantz eta handik Donostiarantz doan Donejakue bidea.

6. SARRERA BAKARRA, DESKONTU ETA ABANTAILAK ESKUALDEKO MUSEO GUZTIAK BISITATZEKO

Eskualdeko museo guztiak bisitatu nahi izatekotan, prezio erdian eta sarrera bakar batekin bisitatzeko aukera paregabea dugu museoen bonoari esker. Bono hau Oarsoaldeko Turismo Bulegoan zein museo parte-hartzaileetan eskuratu daiteke 12,50€-ren truke eta urtebeteko iraupena dauka. Ondorengo museoen sarrera barne izango dugu: Arditurriko Meategia, Luberri Euskal Herriko geologia museoa eta Soinuenea – Herri Musikaren Txokoa, Oiartzunen; Jantziaren Zentroa Errenterian; eta Albaola Faktoria eta MATER ontzi museo Ekoaktiboa Pasaian. Oarsoaldeko museoen bonoa opari bikaina izan daiteke da Gabon hauetarako, zalantzarik gabe!


Bestetik, turismo bulegoetan eskuragarri dago baita ere museoak bisitatzeko abantailak dituen esku-orria, aurreko museoak prezio murriztuan bisitatzeko aukera ematen duena.


 

Plan horiei buruz informazio gehiago edo eta bestelako informazioa behar izanez gero, Errenterian eskualdeko turismo bulegoa irekita egongo da abenduko zubi osoan zehar, honako ordutegi honetan: abenduak 5etik 7ra: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Abenduaren 8an 10:00etatik 14:00etara.

Madalen 3, Errenteria
Tel. 943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus
oarsoaldeaturismoa.eus

 


Oarsoaldea