Argiaren fakturei aurre egiteko Bonu Soziala eskura dezakezu eskaera abenduaren 31 baino lehen eginez.

Eskaera egiteko laguntza Oarsoaldeko Energia Bulegoak eskainiko dizu

Oarsoaldeako Energiaren Bulegoaren helburuetako bat eskualdeko kalteberatasun energetikoa murriztea da sortu zenetik. Horretarako, doako aholkularitza publikoa eskaintzen die herritarrei, egoera horri aurre egiteko dauden tresnei buruzko informazioa eskainiz.

Tresna horietako bat elektrizitateko Bonu Soziala izenekoa da, eta argiaren fakturei aurre egitea zailtzen dieten baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsonek eskura dezakete. Orain arte, bonu horrek argiaren fakturaren %25eko laguntza ematen zien kontsumitzaile ahulei, eta %40koa kaltebera larritzat jotzen zirenei. Bada, azaro honetatik 2022ko martxoaren 21era arte, Gobernuak ehuneko horiek %60 eta %70era igotzea onartu du, hurrenez hurren, argiaren prezioaren igoerari aurre egiteko.


Bono sozialak eskuratu ditzaketenak, oro har, honakoak dira:


Errenta hauek dauzkatenak,

 

  •  Adin txikikoak ez dituzten familiak: 11.279,39 euro.
  •  Adingabeko batekin: 15.039,18 euro.
  •  Adingabeko birekin: 18.798,98 euro.


Aurreko parrafoan azaltzen direnak baino 3.760 euro gehiagoko errenta dutenak egoera bereziak baldin badituzte, besteak beste, >%33ko desgaitasuna, Indarkeria matxista jasan duten familiak, Maila II edo IIIko menpekotasuna daukaten pertsonak, Guraso bakarreko familiak,...
baita familia ugariak eta pentsiodunak ere.


Oarsoaldeko Energiaren Bulegotik dei egiten diegu Bonu Sozial honen onuradun izan daitezkeen pertsona guztiei gurekin harremanetan jar daitezen energia@oarsoaldea.eus helbidean edo 943 34 41 60 telefonoan, nola eskatu aholkatzeko (eskaera 2021eko abenduaren 31 baino lehen egin behar da). Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak finantzatzen du, doako zerbitzu publikoa da. Miguel Angel Sanchez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak adierazi duenez, eskualdeko lau udalak lanean jarraitzen dute egoerak gehien eragiten dien kolektiboei laguntzeko eta beraien egoera arintzeko.


Horrez gain, laguntza ekonomiko honi eta beste batzuei buruzko informazioa gure webgunean kontsulta dezakete: https://oarsoenergia.eus/laguntza-ekonomikoak-2.

Horrez gain, Oarsoaldeko Energia Bulegotik azken asteetan elektrizitatea merkaturatzen duten hainbat enpresen eskaintzekin jasotzen ari diren deien berri eman nahi diegu herritarrei. Bulego honetatik gomendatzen dugu eskaintzarik ez onartzea aldez aurretik kontratua jaso eta zehatz-mehatz aztertu arte. Horretarako, gure bulegoko teknikariekin ere jar zaitezkete harremanetan.

 

                                          oarsoenergia.eus

 


 

 


Oarsoaldea