Gabonetako apaingarriak sortzeko tailerrak familia guztiarentzat

Modan eta ehungintzan lan egiten duten proiektuen eskutik, apaingarri originalak sortuko dira, gabonak bizitasun-giroz blai egon daitezen.


Abenduaren 20, 22 eta 23an hainbat tailer eskainiko dira Lekuona Fabrikan Gabonetako apaingarriak sortzeko, Torrekua eraikineko HABIAN! ekintzailetza inkubagailuan, artisau eta sormen sektorean espezializatua, moda eta ehungintzako proiektuetan murgilduta dauden sortzaileen eskutik. Doako jarduera hauek herritarrei zuzenduta daude eta Gabonetako apaingarriak modu ludikoan egin eta etxean dugun materiala birziklatuz sorkuntza politak egin ditzakegula erakustea dute helburu. Halaber, urte sasoi berezi honetako prestaketa lanak modu dibertigarri eta original batean burutzea proposatzen da, eskuz egindako lanen balioa nabarmenduz.

Gaur egun HABIAN! Ehungintzan dauden hiru egoiliar bikainen eskutik antolatuko dira tailerrak; Saioa Matxain (SAI-SUO markaren sortzailea, moda diseinatzailea), Anne Gajate (ANNE GAGO bere marka sortu duen moda diseinatzailea) eta Ruben Pantiga (modako argazkigintzan espezializatua, www.kibomodaconsciente.com online dendaren eta #kosturakamikaze proposamenaren sortzailea).

 

HAINBAT TAILER ABENDUAREN 20an, 22an eta 23an


1. TAILERRA: EHUNEZKO EGUBERRIETAKO APAINGARRIAK

apaingarri pertsonalizatuak egingo dira harizko bordatuen bidez, puntadak nola eman ikasiko duzu eskuz egindako apaingarri zoragarria osatzeko.


Abenduaren 20an, 10:00-12:00 bitartean edo
Abenduaren 23an, 16:00-18:00 bitartean

 

                                 
                                                     

 

2. TAILERRA: GABONETAKO KOROA EHUN ETA LOREEKIN

Gabonetan falta ezin den apaingarria eratzen ikasiko duzu, zure etxeari kolore eta lore ukitua emanez. Lore naturalak eta lehorrak konbinatuko dira Gabonetako girlandekin koroa berezia sortuz.

 Abenduaren 20an, 16:00-18:00 edo
 Abenduaren 23an, 18:00-20:00

 

                                      
 

 

3. TAILERRA: GABONETAKO APAINGARRIAK PINABURUEKIN ETA BIRZIKLATUTAKO EHUNEKIN

Material natural eta birziklatuekin egindako apaingarri polit bat eskuz sortzen ikasteko aproposa da, etxean ditugun ehun eta materialen bidez aparteko sorkuntzak egin daitezkeela konturatuko zara.

Abenduaren 23an, 10:00-12:00
Abenduaren 20an, 18:00-20:00

                                                   

                                        
 

 

4. TAILERRA: GABONETAKO HAINBAT APAINGARRI

etxeko txikienak gozatuko duten tailerra. Gabonak urte-sasoi berezia dira beraientzat eta tailer honetan aukera izango dute beren irudimena baliatuz apaingarriak eskuz nola egin ikasteko (8 urtetik aurrera).

Abenduaren 22an, goizean 10:00-12:00 bitartean edo
Abenduaren 22an, arratsaldeko 16:00-18:00 bitartean.

 

                           
 

                                 

Aukera bikaina duzu hainbat plan original egiteko, konpainia onenean eta ehungintzan adituak diren sortzaileen gidaritzapean. Gabon hauetan oparirik onena zuk zeuk sortuko duzu!

*Ez da beharrezkoa etxetik materiala ekartzea eta ez da beharrezkoa aldez aurretik ezagutzarik edukitzea.

 

Sarrerak doakoak dira eta hemen egin behar da izen-ematea:


                                                      https://sarrerak.errenteria.eus/


Oarsoaldea