GARAPEN-EN XXX. URTEURRENA

Garapen Agentzien Euskal Elkarteak bere XXX. urteurrena ospatzen du

Azaroaren 21ean, astelehena, Eibarko Koliseoan, Garapen Agentzien Euskal Elkartea den GARAPENek, bere XXX. urteurrena ospatu zuen.  Bertan, agentzietako arduradun politiko eta teknikariak eta erakunde laguntzaileetako 100 arduradun inguru bildu ziren.  


Ekitaldiaren hasiera Eibarko alkate Jon Iraolak egin zuen eta ospakizunean, elkarteko presidente Fernando Nebredak GARAPENen 30 urteko bizitzaren eta urte hauetan sareak izandako bilakaeraren errepaso historikoa egin zuen.


Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorrak, tokiko garapenaren gaineko bere begirada estrategikoari helduta, 30 urte barru gure lurraldea nolakoa izango den irudikatzeko beharra planteatu zuen, eransteaz batera orain arte izan dugun funtzionatzeko modua ez dela baliagarria aurrera begirako arazoak konpontzeko. Tokiko garapen-agentziak gune oso aproposak dira etorkizun hori marrazten hasteko, aukerak bisualizatzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko.


Tokiko garapenaren lidergo partekatuari buruzko mahai-inguruan, Bartzelonako Metropoli Plan Estrategikoaren koordinatzaile Oriol Estelak moderatuta, honako lagun hauek partu hartu zuten: Alfonso Gurpegui, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordea; Cristina Calvar, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko Foru Diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapenerako Foru Diputatua; Angela Eguia, Gordexolako alkatea eta EUDELeko batzorde exekutiboko kidea; eta Gilen Garcia, Debako alkatea eta Debegesako presidentea. 


Mahaiak azpimarratu zuen gobernantza partekatuaren beharra dagoela etorkizuneko erronkei aurre egiteko, alegia, klima-aldaketari erronka demografikoari, talentuari... Garapen-agentzien zeregina ere nabarmendu zuen, haien hurbiltasuna eta kapilaritatea azpimarratuz. "Zuok zaudete kalean, zuok dakizue eskualdeko enpresa bakoitzari zer gertatzen zaion, zuok ezagutzen duzue lurraldea" adierazi zuen Basurkok.


Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eman zion amaiera ekitaldiari. "Duela urte batzuk, gobernantzaz mintzatzen nintzenean, inork ez zidan ulertzen. Orain, ordea, termino oso hedatua da. Garapen-agentziok funtsezko eragilea izan zarete, eta zarete, prozesu honetan".


Garapen Agentzien Euskal Elkartea 


GARAPEN 1992an sortu zen, Garapen Agentzia gutxi batzuen ekimenez. Beren udalerriek eta eskualdeek aurre egin behar dieten arazoei irtenbideak elkarrekin bilatzeko helburuarekin sortua, gaur egun, 3 lurralde historikoetan banatuta dauden 34 garapen agentziak osatzen dute GARAPE eta, guztira, 189 udalerriri eskaintzen dizkiete zerbitzuak. Hori horrela, Euskadiko biztanleria osoaren %91ra iristen dira, zehazki, 2.011.232 pertsonengana.  


2021eko jarduera-emaitzei dagokienez, 34 garapen-agentziek 12.344 langabetu orientatu dituzte, eta 3.887 enplegu-eskaintza kudeatu. Ekintzailetzaren arlotik 2.819 proiektu lagundu dira. Horietatik, 2.095 pertsonari enplegua sortu dieten 1.285 enpresa sortu direlarik eta 8.580 enpresa artatu dituzte agentziek; horietatik 1.197k digitalizazio-ekintzetan parte hartu dute. 


GARAPENek bi helburu estrategiko ditu 


GARAPENen helburu nagusietako bat da udalek enpleguaren eta sustapen ekonomikoaren arloan duten zeregina balioestea eta aintzatestea. Bere ekintza-gaitasuna handitzeko eta finantzaketa-esparru egonkorra eta baliabideen kudeaketa eraginkorragoa lortzeko. Horretarako, GARAPENek aktiboki parte hartzen du lurraldeko erakunde eta eragileekin maila anitzeko lankidetzazko gobernantza-eredu berri bat eraikiz. Azken urteotan asko aurreratu da Foru Aldundiekin, EUDEL eta Eusko Jaurlaritzarekin. 


Era berean, sare lana da GARAPENen funtsa eta zentzua. Horretarako, oso garrantzitsua da garapen agentziei zerbitzuak eskaintzea beraien jarduera eremuetan, besteak beste, enpleguan, ekintzailetzan, enpresan, merkataritzan edota turismoan. Zentzu horretan, informazioa, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen jarraituko du GARAPENek. 
 


Oarsoaldea