Martxan da “Oarsoaldea Urdina” ideia berritzaileen lehiaketa

Irailaren 26ra arte itsasoari lotutako jardueren hazkunde jasangarrian lagunduko duten ideiak eta proiektuak aurkeztu ahalko dira.

AZTI zentro teknologikoak "Oarsoaldea Urdina" lehiaketa jarri du abian, Gipuzkoako Oarsoaldea eskualdean Ekonomia Urdina sustatuko duten ideia berritzaileak bilatzeko.

 

AZTIk bultzatu eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen ekimenaren helburua da eskualdean itsasoari lotutako ondasunen eta zerbitzuen eskaintza dibertsifikatzea, horrela, eskualdearen hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzeko. Lehentasunezkotzat identifikatu diren gaiak dira energia berriztagarriak, akuikultura, ontzi autonomoak, itsas behaketa, ontzien elektrifikazioa, arrantza produktuen balio erantsia, etab.

 

Ideiak Oarsoaldea eskualdean aplikatzeko modukoak izan beharko dira, eta ekonomia urdinari lotutako EAEko zein estatuko gainerako lurraldeetan aplikatzeko eskalagarriak.

 

Datorren irailaren 26ra arte, parte hartu nahi duten estatu osoko pertsona fisiko edo juridikoek banaka edo taldean parte hartu ahal izango dute, AZTIren webgunean izena emateko dagoen inprimakia betez (lehiaketaren oinarriak ere hor daude eskuragarri).

 

Lehiaketak hiru sari emango ditu, proposamenak zein fasetan dauden oinarri hartuta: 10.000 euro oinarrizko ideia irabazlearentzat, 25.000 euro merkaturatu aurreko fasean dagoen proiektu irabazlearentzat eta 55.000 euro fase komertzialean dagoen proiektu irabazlearentzat. Gainera, lehiaketaren irabazleek espazio fisiko bat izango dute AZTIko instalazioetan, sei hilabeteko epean, proiektua edo ideia garatzeko, eta AZTIko adituen eta Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloa garatzen diharduten beste erakunde laguntzaile batzuen sare baten aholkularitza izango dute, proposamena epe horretan bizkortzeko.

 

Informazio gehiago aurkitzeko: www.azti.es


Oarsoaldea