OARSOALDEAN LANGABEEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZEKO BERPIZTU LAGUNTZA, OTSAILAREN 4RA ARTE

Prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoei zuzendutako diru-laguntzak

Berpiztu programako Laneratze Poloaren barruan, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziak langabeen kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzen lagunduko duen Enplegu Integraleko Plan bat abian jartzea planteatu du, eskualdeko langabezia-tasan zuzenean eragiteko.

Aipatu Enplegu planak hainbat jarduera-ildo ditu, besteak beste, lanerako prestakuntzaren ildoa, enplegurako lanbide-heziketa tresna bat baita modu erabakigarrian lan merkatuan sartzeko. 

Testuinguru honetan, prestakuntza-ekintzen bidez, langabeek prestakuntza-eskaintza zabala izatea lortu nahi da, euren enplegu aukerak hobetzen laguntzeko.

Laguntza hau jaso ahal izango dute Oarsoaldea eskualdean, 2023ko maiatzaren 31 baino lehen, langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiten dituzten prestakuntza-erakunde pribatuek edo publikoek. Dirulaguntza hauek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailetik datoz, LJE (Lehentasunezko Jarduera-Eremuak) izeneko Programaren baitan.

Diru-laguntzaren zenbateko osoa hura osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren diru-laguntzaren zenbatekoaren baturak zehaztuko du. Erakunde bakoitzeko jaso beharreko laguntzaren gehieneko muga 100.000 eurokoa izango da.

Oarsoaldea Garapen Agentziak gogorarazi nahi du laguntza hori eskatzeko epea 2022ko otsailaren 4ra arte zabalik egongo dela.

Diruz lagun daitezkeen jarduerak izango dira langabe partaideen prestakuntza-beharrei erantzun nahi dieten prestakuntza-ekintzak, baldin eta haien enplegagarritasuna areagotzeko badira.

Programa daitezkeen prestakuntza-ekintzak honela sailkatuko dira:

  1. a) Ziurta daitekeen prestakuntza: Lanbide Prestakuntzen Katalogo Nazionalarekin lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko; programa daitezke ibilbide osoen arabera, espezialitatearen ordu guztiak betetzen badira, edo prestakuntza-moduluen arabera. Prestakuntzaren 1., 2. edo 3. mailakoa izan daiteke.
  2. b) Ziurta ezin daitekeen prestakuntza: prestakuntza-espezialitateen katalogotik lortutako gaitasunak egiaztatzeko aukerarik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira. Bi motakoak izan daitezke: gaitzen ez dutenak, edota gaitzen duten prestakuntza-ekintzak.

Nolanahi ere, prestakuntza-ekintzak modalitate presentzialean eman beharko dira, eta doakoak izango dira horietan parte hartzen duten ikasleentzat.

Eskaerak telematikoki aurkeztu ahal izango dira, Oarsoaldeko webgunea erabiliz. (https://laguntzak.oarsoaldea.eus/grants/detail/23).

Emandako diru-laguntza honela ordainduko da: prestakuntza-ekintza bakoitzaren %50, jarduera hasi dela jakinaraztean. Gainontzeko %50a, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitzean, diruz lagundutako jarduera justifikatu ondoren.

Kasu guztietan, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin izana justifikatu beharko du, bai eta jarduera horrek sortutako kostuak ere, 2023ko maiatzaren 31 baino lehen

Miguel Angel Sanchez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak adierazi du laguntza eskatzeko laguntza behar dutenek edo argibideren bat behar izanez gero, garapen agentziarekin harremanetan jar daitezkela 943 510 200 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera 9:00-14:00) edo helbide honetara idatziz: dfreire@oarsoaldea.eus.


Oarsoaldea