OARSOALDEKO GIZARTE-BAZTERKETA ARRISKUAN DAUDEN PERTSONAK LAN MUNDURATZEKO BERPIZTU LAGUNTZAK, OTSAILAREN 4RA ARTE

Irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuei zuzendutako diru-laguntzak

Berpiztu programako Laneratze Poloaren barruan, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziak zenbait jarduera-ildo planteatzen ditu, eta horien artean dago inklusioko eskualde-sareko proiektuei dagokiena. Eskualdeko sare honen helburua bazterketa-arriskuan dauden pertsonen inklusioa sustatzea da, eskaintzen zaizkien programen, zerbitzuen eta baliabideen eraginkortasuna hobetuz, eremu horretan jarduten duten eragile publiko eta pribatuen arteko lan koordinatuaren bidez.

Deialdi honek gizarteratzen eta lan-merkatuan sartzen lanean aritzen diren erakundeen saretik egoera kalteberan dauden pertsonentzat kalitatezko enplegu inklusiboa bultzatu nahi du.

Laguntza hau jaso dezakete Oarsoaldea eskualdearen eremuan bazterketa-egoera edo -arriskuan dauden pertsonak gizartean eta lan-merkatuan sartzeko proiektuak 2023ko maiatzaren 31 baino lehen burutzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatuek. Dirulaguntza hauek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailetik datoz, LJE (Lehentasunezko Jarduera-Eremuak) izeneko Programaren barruan.

Oarsoaldea Garapen Agentziak gogorarazi nahi du laguntza hori eskatzeko epea 2022ko otsailaren 4ra arte zabalik egongo dela.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek izango dira: gizarteratzeko ibilbide integratuak, enplegu- eta prestakuntza-programak, eskualdeko enpleguaren aktibazioa bultzatzen duten proiektuak edo bazterkeria-arriskuan dagoen kolektiboa laneratzea helburu duten jarduera berritzaileak. Pertsonen parte hartzea proiektuetan doakoa izango da.

Laguntzak diruz lagun daitezkeen kostuen % 100ekoak izan daitezke. Erakunde bakoitzeko jaso beharreko laguntzaren gehieneko muga 100.000 eurokoa izango da. Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira erakunde eskatzaileak aurkezten duen jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan jasota dauden eta jardueraren garapenari zalantzarik gabe lotuta dauden kostuak.

Erakunde bakoitzak gehienez 3 proiektu aurkeztu ahal izango ditu.

Eskaerak telematikoki aurkeztu ahal izango dira, Oarsoaldeko webgunea erabiliz. (https://laguntzak.oarsoaldea.eus/grants/detail/25).


Emandako diru-laguntza honela ordainduko da: % 50a proiektuaren hasiera jakinarazi ondoren, eta gainontzeko % 50a gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bakoitza amaitzean eta diruz lagundutako jarduera justifikatu ondoren. Kasu guztietan, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin izana justifikatu beharko du, bai eta jarduera horrek sortutako kostuak ere, 2023ko maiatzaren 31 baino lehen.

Miguel Angel Sanchez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak adierazi du laguntza eskatzeko laguntza behar dutenek edo argibideren bat behar izanez gero, garapen agentziarekin harremanetan jar daitezkela 943 510 200 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera 9:00-14:00) edo helbide honetara idatziz: dfreire@oarsoaldea.eus.

 


Oarsoaldea