Irrien Lagunak Oarsoaldean. Herrietako batzar irekiak, datorren astean

 

Herrietako batzar irekiak egingo dira datorren astean Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezon, Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenaren baitan. Batzarra bera finkatzea eta lan taldeak osatzea izango dute helburu, datorren ikasturtean hainbat ekimen abian jartzeko asmoz.

 

 

irrien lagunak

Batzarrak, beti bezala, irekiak dira, eta herrigintzan dabilen edo jardun nahiko lukeen guztiek dute lekua, izan haur, gazte edo heldu; izan erakunde edo ekimen; izan banako edo talde.

Honako data hauetan izango dira batzar irekiak:

 

·         Errenterian, ekainaren 12an, 18:30ean, Xenpelar etxean

·         Pasaian, ekainaren 13an, 18:30ean, Trintxerpeko Udal Euskaltegian

·         Oiartzunen, ekainaren 14n, 18:00etan, Ludotekan

·         Lezon, ekainaren 21ean, 19:00etan, Kultura aretoan

 

Laguntzaile eta dinamizatzaile Sorguneak-eko kideak ariko dira.

Irrien Lagunak Oarsoaldean urratsak ematen ari den ekimena da. Orain artean, hiru hitzordu garrantzitsu izan ditu: herritarrei aurkezpenak, otsailean; Topaketa eta Jakintza Trukea jardunaldia, martxoan; eta, herrietako batzarren eraketa, maiatzean. Orain laugarren urratsa dator, ikasturte berriari begira, lan taldeak osatu eta lanean hasteko.

Ekimen euskalduna, hezitzailea, parte-hartzailea eta herrigintzan txertatua dagoena izatea da helburua. Ekinez ikastea eta ikasiz ekitea da egitasmo honen goiburua, eta horretarako herrietako batzar, lan talde, egitarau eta batzar-jaia modu parte hartzailean antolatzeaz gainera, formazioa, hitzaldiak eta jakintza trukeak ere eskainiko ditu Irrien Lagunak Oarsoaldean ekimenak, herritarrek hala nahi izatera.

 


Oarsoaldea