Geroa ereiten

Familian egun pasa polita Lezon

Asteburu honetarako, Lezon familiarteko egun polit batez gozatzeko plana proposatzen dizugu.


lezo-plana-12

Nahiz eta Oarsoaldea eskualdeko herri txikiena izan, erakargarri egiten duten elementu ugari ditu Lezok: alde zaharra, mendi ibilbideak eta gastronomia, besteak beste. Beraz, gustu guztiak asetuko dituzten aukerak.

Jarraian Lezon familian egun pasa polit bat egiteko plana proposatzen dizugu:


3 ibilbide erraz naturan zehar

Eguna hasteko goizean mendi buelta txiki batekin has gaitezke, izan ere, naturak ere, garrantzi handia du herrian. Lezoko ingurune naturalak ezagutzeko hiru ibilbide erraz proposatzen dizkizuegu. Distantzia eta zailtasun ezberdinekoak dira, eta naturaz disfrutatzeaz gain balio handiko elementu historiko eta kulturalak eskaintzen dituzte. Abiapuntu bezala Bekoerrota kiroldegia daukagu, bertan aurkituko dugu plano bat 3 ibilbide hauen azalpen zehatzekin.

Altamira-Bordatxoko ibilbideak 3,4 km ditu eta, asfaltatuko bidea denez, ibilbide osoa bizikletaz egin daiteke. Ibilbide erraza da, Lezoko landa eremuaz eta paisaia naturalaz gozatzeko aukera paregabea eta haurrekin egiteko egokia. Olatzar-Lorbide ibilbidea ere egokia da txikiekin egiteko, 4,5 km-ko distantzia duelarik. Bidean, balore arkitektoniko handiko baserri zaharrak eta Plataiturriko iturria ikusi daitezke, besteak beste. Amaitzeko, ibilbide luzeena, Xoxolurra-Alarguntza izenekoa, Jaizkibel mendiko magaletik doan 11 km-ko ibilbidea. Hemen inguruan esklaboen barrakoien aztarnak aurki ditzakegu, erregimen garaian Hondarribiraino doan errepidea eraiki zuten “trabajadoreek” lo egiteko erabiltzen zituztenak, hain zuzen.


lezo-plana2

Ibilbide kultural txiki bat

Inguruko paisaiaz gozatu ondoren, herria ezagutzeko garaia da. Alde zahar txikia baina benetan polita dauka Lezok, kale harriztatuz osatua eta artez eta historiaz beteta. Ibilbide kultural txiki bat egitea ezinbestekoa da: abiapuntu bezala Gurutze Santuaren plaza hartuko dugu; bertan kokatzen da Udaletxea eta baita herriko altxorra ere, Lezoko Santo Kristo basilika.


lezo-plana3

Bertan ikus dezakegun Kristo bizargabeak ospea eman dio eliza honi mendeetan zehar, izan ere, Europa osoan horrelako hiru besterik ez daude. Hemendik, Kale Nagusia zeharkatuko dugu, armarridun oinetxe ezberdinak miretsiz. Kale bukaeran, Andreonera iritsita, etxeari buelta eman eta portua lagun dugula, Donibane kaleraino jaitsi eta honi jarraiki, Gurutzen Santuaren plazara itzuliko gara, oraingo honetan Zubitxo kalea hartu eta Lezoandia Zuhaiztia bisitatzeko, herriko berdegune handiena. Hemendik Goiko Plaza izango da gure norakoa eta plaza zeharkatuz San Joan Bataiatzailearen Eliz Parrokia agertuko zaigu aurrean. Eskailerak jaitsi eta abiapuntura bueltatuko gara berriz.

Indarberritzeko gastronomia eskaintza

Indarrak berritzeko gastronomia eskaintza ere badu herriak. Bai hirigune historikoan eta baita landa eremuan ere sukaldaritza tradizionala eskaintzen duten jatetxeak aurki ditzakegu. Gainera, etxeko txikienek jolasteko hainbat haur parke ere aurkituko dituzu herrian.

Informazio +

www.oarsoaldeaturismoa.eus

turismoa@oarsoaldea.eus

943 494 521

Instagram: oarsoaldeaturismoa


egun-pasa-polita



Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus