ARNASA FILM LABURRA SARITU DU MINTZAGUN SARIAK

Raul Barreras zuzendariaren "Arnasa" film laburrak irabazi du aurten euskarazko film-labur onenaren Mintzagun saria.

Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleek euren botoez erabaki dute film sariduna. 

 Azaroaren 14tik 16ra bitartean, Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleek Ikuska festibalera aurkeztutako euskarazko 5 film-labur ikusi dituzte euskaltegian nahiz nork bere etxean.  Film horien artean gustukoena edo onena bozkatu eta aukeratu dute. Bozkak bilduta, aurtengo euskarazko film-labur onenaren Mintzagun saria Raúl Barreras zuzendariaren "Arnasa" lanarentzako izan da. Euskarazko film labur onenaren Mintzagun sariak 600€ko diru-saria eta garaikurra izaten ditu. 


Sariduna erabakitzeko emanaldi horiez gain, herritarrei irekitako bi emanaldi ere egin dira; Oiartzunen bata, eta Lezon, bestea.


Joan zen larunbatean Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiaren sari emate ekitaldia egin zen eta ekitaldian jaso zuen saria Raul Barrerasek Nahikari Otermin zinegotziaren eskutik. 

                

Pasaiako Trintxer Kulturala elkarteak antolatutako IKUSKA Pasaiako Badiako nazioarteko film laburren erakustaldiak helburuen artean du euskarazko film laburren ekoizpena eta zabalkundea sustatzea. Kezka horretatik abiatuz, MINTZAGUN euskarazko film labur onenari SARIA ekimena jarri zuen abian 2013an, Oarsoaldeko Euskara Batzordearekin eta Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako Udalekin elkarlanean. Euskararentzako aukerak eta espazioak ugaritzea eta euskaraz ekoitzitako lanek ibilbide luzeagoa egin dezaten eta, hartara, ekoizpen gehiago izan dadin sustatzea da ekimen honen helburua.