Euskarabildua jardunaldiak menpekotasun teknologikoa murrizteko tokiko eragileen arteko saretzearen indarra balioan jarri nahi du

Urriaren 27an izango da Donostiako San Telmo Museoan.

"Utopia existitzen da. Teknologia burujabea herritik eta herrira" da aurtengo edizioaren izenburua eta teknologia burujabetza sustatzen duten tokiko hainbat proiektu ezagutzeko aukera emango du, Euskal Herrikoak zein kanpokoak, besteak beste Bartzelonako Xnet egitasmoa aurkeztera etorriko dira bertako ordezkari Simona Levi eta Arnau Monterde. 

 

Zer da EUSKARABILDUA?

Euskarabildua euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.


2020tik pandemia batean murgilduta egon gara duela gutxi arte eta orain energia eta baliabide krisi handi batean. Asko hasi dira zalantzan jartzen globalizazio basatiaren eta bizi garen inguruneak eman diezazkigukeen baliabideak gainditzen dituen bizitzeko modua. 

Mundu mailan, teknologia berrien garapenean, ekoizpenean eta eskuragarritasunean nagusi izateko borrokan ari dira. Horren ondorioz, herrialdeek eta herrialde-taldeek menpekotasun teknologikoa murrizteko eta osagai, produktu, sistema eta zerbitzu aurreratuen hornidura ziurtatzeko duten gaitasuna dago jokoan. Era berean, geroz eta gehiago kezkagarria da datuen gaineko kontrola erraldoi digital gutxi batzuen eskuetan geratzea. 

 

Bestelako ereduak lantzen 

Baina zer egin dezakegu horren aurrean? Egoera besterik gabe onartu edo soluzio bideak topatzen saiatu? Euskarabilduak bigarren horren aldeko hautua egin nahi du, nagusi diren irtenbide teknologikoen aurrean, gauzak beste modu batera eginda, alternatibak sortu ahal direla erakutsi nahi du, utopikoa dirudiena errealitate bilakatu daitekeela erakutsiz. 


Horretarako tokiko eragileen arteko saretzeak duen indarra azpimarratu nahi du. Izan ere, beste eremu batzuetan burujabetza ereduak lantzen ari dira Euskal Herriko herri desberdinetan (energia, telekomunikazio edo zaintza eremuetan esaterako). Eredu antzerakoak aplikatu daitezke teknologian ere, bere zehar-lerrotasuna ulertuz. Hain zuzen ere, hausnarketa hori mahai gaineratu nahi du aurtengo edizioak.


Hainbat arlo jorratuko dira Euskarabilduan


Datuen garrantziaren gaia eta hezkuntzaren digitalizazioa jorratuko dira. 
Horrez gain, jardunaldira bertaratuko direnek proposatutako lau lan dinamiketako batean izena emateko aukera izango dute (hezkuntza, telekomunikazioak, informazioa eta komunikabideak eta gobernantza). Horrek aukera emango die antzerako kezkak dituzten beste pertsona eta erakunde batzuk ezagutzeko eta elkarlanerako egon daitezkeen aukerei buruz hitz egiteko. 

 

Nori zuzendua?


Teknologian interesa duen edonor, ez perfil teknikoa edo espezializatua dutenak bakarrik. Teknologiak hainbat modutan lagun diezaiokeen edozein pertsonarengana, elkarteengana, administrazioengana edo enpresengana heltzea da gure lehentasuna. Jardunaldietan, instituzio publikoetako arduradunak, hezkuntzaren esparruko arlo desberdinetan lan egiten duen jendea, enpresa mundutik datozenak edo gaiak erakarritako norbanakoak bildu izan ditu. 

 

Informazio gehiago 


Izen-emateak eta jardunaldiari buruzko informazio guztia hemen