EUSKARAREN ISPILUAK KANPAINA MARTXAN DA

Urriaren 17tik 31ra, estetika establezimenduetan euskaraz eskatzen duten bezeroei oparitzeko patrikako ispilu-orrazi sorta bat banatuko diete.

Eskualdeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, urtero merkataritzako gremio edo denda mota bat aukeratzen dute haietan euskararen presentzia handitzeko ekimenak gauzatzeko asmoz.
 

Aurten, estetika zentroekin ari dira lanean, “Euskaraz ederrago!” leloa baliatuz. Establezimenduetako idatziak euskaratzea eta alorreko hiztegia banatzea izan ziren aurreneko lanak. Ekainean, kanpainaren leloa daramaten lanpasak edo alfonbrak banatu zizkieten ekimenetan parte hartzea erabaki zutenei. Halaber, egunero euskarazko hitz edo esaera bat ikasteko aukera ematen zuen apiriletik uztail amaiera arteko egutegi-hiztegi berezi bat ere banatu zieten alorreko establezimenduei.
 

Aste honetan, urteko azken ekintza abiatuko dute; urriaren 17tik 31ra, estetika establezimenduetan euskaraz eskatzen duten bezeroei oparitzeko patrikako ispilu-orrazi sorta bat banatuko diete kanpaina honetan parte hartu duten establezimendu guztiei.
 

Eskuratu, beraz, zure ispilutxoa!