Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Eguna ospatzen: Tokiko kontsumoa babesten etorkizun jasangarri baterako

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Eguna ospatzen du, martxoaren 15a, kontsumo-ekintzak arduratsuak eta kontzienteak izatearen garrantzia gogoraraziz. Era berean, funtsezkoa da, kontsumitzaile garen aldetik, gure eskubideak ezagutzea, baina baita gure erosketa-erabakietan arduraz jokatzea ere.

Kontsumo arduratsua egiteko, Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak aholku batzuk jarraitzea gomendatzen du, hala nola,

  1. Kontsumitzeko erabakia hartu aurretik hausnartzea. Benetan beharrezkoa den baloratzea.
  2. Aldez aurretik informatzea, arazoak saihesteko.
  3. Kontratua edo kontratazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eskatzea eta gordetzea. Kontratuarekin lotutako publizitatea ere gorde egin behar da.
  4. Fakturak eskatu, egiaztatu eta gorde.
  5. Aldian-aldian kontuak berrikustea, dena ondo dagoela egiaztatzeko (batez ere aldaketaren bat egin badugu).
  6. Internet bidezko erosketetan, egiaztatu enpresaren kokapena, harremanetarako modua, erosteko eta itzultzeko baldintzak.
  7. Kontuz Instagramen edo beste sare sozialetan agertzen diren iragarkiekin edo eskaintzekin, Whatsapp bidezko salmenta egiten duten ustezko enpresak eta ordainketa gisa transferentzia bat eskatzen dutenak.
  8. Arazorik izanez gero, momentuan erreklamatu, denbora pasatzen utzi gabe.
  9. Erreklamatu, jasota gera dadin. Telefonoz egiten badugu, gorabehera-zenbakia eskatu behar dugu.
     

Kontzeptuak argitu nahian…

Kontsumitzailearen Egunean kontzeptu garrantzitsuak argitu nahi ditugu, informatuta egon zaitezen eta zure eskubideak babestu ditzazun.

Bazenekien faktura eta ordainagiria ez direla gauza bera?

  • FAKTURA: Faktura enpresak ematen duen dokumentua da, eta bertan agertzen dira gure datuak, enpresaren datuak, kontratatutako zerbitzuak eta ordaindu beharreko zenbatekoa.
  • ORDAINAGIRIA: Banku-ordainagiria, berriz, kobratu digutena jasotzen duen agiria da.

Garrantzitsua da fakturak gordetzea, beharrezkoak baitira erreklamazio bat aurkeztu ahal izateko. Formatu elektronikoan iristen bazaizkizu, ez ahaztu deskargatzea. Gogoratu enpresek fakturak eman behar dizkigutela, paperean edo formatu elektronikoan, guk nahi dugun moduan, eta hala egiten ez badute, eskatu egin behar dugu.

 

Kontsumo-ohiturei buruzko hausnarketa

Kontsumitzailearen Egunean, jarraitu informazioa ematen, zure eskubideen berri izateko eta, horrela, egoera desatseginak saihesteko.

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak gogorarazi du kontsumo arduratsua egiteak kontsumitzaileei mesede egiteaz gain, ingurumenean eta tokiko ekonomian ere eragin positiboa duela. Beraz, herritar guztiak animatu nahi ditu beren kontsumo-ohiturei buruz hausnartzera eta aholku horiek betetzera, kontsumo arduratsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko.

 

Informazio gehiagorako edo kontsultetarako: https://www.oarsoaldea.eus/pertsonei-zerbitzuak/kontsumo-bulegoa