ABENDUKO ZUBIRAKO PLANAK OARSOALDETIK ATERA GABE

Oarsoaldeak hamaika plan eskaintzen ditu datorren abenduko zubirako. Jarraian, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaian adin guztientzako interesgarriak diren proposamen hauekin zubia aprobetxatzeko eta ahalik eta gehien gozatzeko hainbat ideia aurkituko dituzu.

  1. BASERRITAR JANTZIEN ERAKUSKETA JANTZIAREN ZENTROAN

Ezin duzu galdu egun hauetan Jantziaren Zentroko Baserritarrak erakusketa bisitatzeko aukera Errenterian. Erakusketa horren helburua aurten Eulalia Abaitua argazkilariari omenaldia egitea da, haren lanari esker baserritarren janzkera zehatz-mehatz ezagutzen baitugu. 16 jantzi ikusi ahal izango dira, guztiak argazkien erreprodukzioak. Erakusketaren alde batean, Eulalia Abaituaren irudi bat ikusiko dugu, eta ondoan, argazkian daraman jantziaren erreprodukzioa. Museoa bisita daiteke abenduaren 6an eta 8an 11:00etatik 14:00etara, abenduaren 10ean, larunbata, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta 11n, igandean, 12:00etatik 14:00etara. www.jantziarenzentroa.eus

 

  1. EZAGUTU EZAZU MARI DOMINGIREN ETXEA ETA IBILBIDE MAGIKOA

Mari Domingi da errepublika magikoaren zaintzailea. Laguntzaileak ere baditu, noski: galtzagorri bihurri bezain jatorrak. Mari Domingik umeen nahiak eta kezkak entzuten ditu eta, irribarre batez, aholkuak eta adorea ematen dizkie. Mari Domingiren baserrian, haurrek antzinako bizimodua nolakoa zen ezagutuko dute. Usadio zaharrak eta ohitura berriak uztartuz, Eguberri-berrienaz gozatuko dute.

Mari Domingiren Errepublika Magikoa Errenteriako Añabitarte baserrian kokatzen da, naturaz inguraturik, eta bertako belardian ibilbide sorgindua egiteko aukera izango duzu magiaz, iratxoz eta sendabelarrez inguratuta. www.maridomingi.eus

 

  1. LEZOTIK BIZIKLETAZ IBIL ZAITEZ

Lezoko Udalak bizikleta-mailegu zerbitzu berria jarri du martxan, bertatik eskualdeko udalerrietara baita Donostiara joateko aukerarekin. Zure bizikleta ekarri edo bat alokatu eta Lezoko alde zaharrean paseo atsegin batez goza ezazu edo eta Altamira-Bordatxo ibilbide seinaleztatua egin, non inguruko baserri garrantzitsuenak biltzen diren. Lezok bidegorriarekin eta Arditurriko bide berdearekin dituen lotura bikainei esker, eskualde osoan zehar mugitu ahal izango zara pedalei eragiteari utzi gabe. 943 51 03 11 / bekoerrota@bpxport.es.

 

  1. ARDITURRIKO MEATZE-GUNEA BISITA EZAZU

Arditurriko Meatze Gunea bisitatu ahal izango da, Aiako Harria Parke Naturalaren bihotzean, eta galerietan zehar ibili erromatarren garaitik ia etenik gabe ustiatutako meatze-aztarnategi ikusgarri hau miresten. Gainera, meatzearen inguruan  ordu beteko ibilbide atsegin bat (SL-GI 1007) egitea proposatzen dizugu. Interpretazio-zentro beretik abiatzen da eta meatze-azpiegiturak zein zainak ezagutzeko aukera ematen du. Meategian sartu ahal izateko aurretik erreserba egin behar da: 943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus.

 

  1. SOINUENEA, HERRI MUSIKAREN TXOKOA

Arditurriko Bide Berdearen alde batean dagoen museo paregabea dugu hau, Oiartzunen. Euskal Herriko eta mundu osoko 400 instrumentu baino gehiagoko erakusketa bat du bertan. Euskal musika eta kultura herrikoia maite dutenek nahitaez bisitatu behar dute, balio etnografiko handia baitu. Soinuenean, instrumentuak ikusteaz gain, entzuteko aukera ere dago. Bisita gidatua eska dezakezu edo museoa ezagutu dezakezu eskura dituzun audiogiden laguntzaz. Asteartetik larunbatera irekita dago, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. www.soinuenea.eus

 

  1. LUBERRI, EUSKAL HERRIKO HISTORIA GEOLOGIKOA

Luberri Euskal Herriko museo geologikoa dugu. Bertan gure ingurunearen aberastasun geologikoa modu atsegin eta dibertigarrian ezagutzera ematen digute, denboran zeharreko bidaia batean. Erakusketan dauden arrokek, mineralek eta fosilek etxeko txikien jakin-mina piztuko dute eta, aldi berean, gure lurreko enigma ezezagunenei erantzuna emango diete. Abenduaren 3an, 7an, 9an eta 10ean bisitatu ahal izango da, 9: 30etik (larunbata 10:00) 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. www.luberrimuseoa.eus

 

  1. ARIZMENDI ENEA, INTERES BEREZIKO ONDAREA

Abenduaren 3an eta 10ean, bisita gidatuak antolatu dira, Oiartzungo hirigune historikoan dagoen XVIII. mendeko jauretxe honen historia eta balio artistikoa ezagutarazteko. Kontserbazioa eta tipologia direla eta, Interes Bereziko Ondare izendatu zuten 2020. urtean. Bertan, XX. mende hasierako Gipuzkoako goi-klasearen bizimodua ezagutaraziko da, eta barruko gelak eta garaiko elementuak zein inguratzen duen lorategi zoragarria ikusi ahal izango dira. Bisitak 12:00etan izango dira eta doakoak dira. Aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da: 943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus.

 

  1. MATER ITSASONTZI MUSEO EKOAKTIBOAREN JARDUERAK

Pasaiako MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak eskaintza zabala prestatu du, zubi honetarako ez ezik, abendu osorako ere. Gure kostaldeetako errealitate ekologikoa modu praktikoan aztertzeko helburuarekin, datorren abenduaren 3an itsas zaborren arrantza egingo da doan 11:00etatik 13:30era. Abenduaren 4an, igandea, 12:00etatik 13:30era, Jaizkibelgo itsaslabarretatik itsasontziz ibilbidea egiteko aukera izango duzu, eta asteazkenean, hilak 7, 05:50etik 07:20ra, Pasaiako arrain-lonja bisitatzeko aukera egongo da. Gainera, asteburuan kostaldea aztertzeko jarduerak eskainiko dituzte: larunbatean, abenduak 10, 10:00etatik 13:00etara Artzun eta Asturiagan (Jazikibel) eta igandean, abenduak 11, ordu berean Erentzinen (Jaizkibel). Aldez aurreko erreserba: 619 814 225 / info@matermuseoa.com. Kontsultatu, gainera, hilabete honetarako beste jarduera batzuk: www.mater.eus

 

  1. BALEONTZI BATEN ERAIKITZE LANAK ALBAOLA FAKTORIAN

Albaola Itsas Faktoria ere zabalik egongo da abenduaren 3an eta 5etik 10era 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta abenduaren 4an eta 11n 10:00etatik 14:00etara. Bisita gidatua egiteko, Albaolarekin harremanetan jarri behar da, info@albaola.com helbidera mezu bat bidaliz edo 943 39 24 26 telefonora deituz asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara. Museoa modu librean bisitatzeko ez da beharrezkoa erreserbak egitea. Egun hauetan zehar Faktoria bisitatu eta San Juan baleontziaren eraikuntza lanak zuzenean ikusteko aukera paregabea izango duzu.

 

  1. ELEBERRIETAN OINARRITUTAKO BISITA GIDATUAK

Abenduaren 6an eta 8an, 11:00etan, Pasaian, herrian zehar bisita gidatuak egingo dira, Udalerri berezi honetako txokoren bat eszenatoki izan duten eleberri beltzetan oinarrituta. Ibilbidea Blas de Lezoren monumentuaren ondoan hasten da, Pasai San Pedron, eta, bisitaldian, hainbat eleberriren inspirazio iturri izan diren kokaleku guztiak errepasatzen dira, hala nola, Dolores Redondoren Los privilegios del ángel eta Ibon Martinen El Faro del Silencio. www.euskaditurismodenovela.com

 

ETA HAU GUZTIA GUTXI BALITZ, ESKUALDEKO MUSEO GUZTIAK BISITATZEKO DESKONTU ETA ABANTAILAK NAHI DITUZU?

Eskualdeko museo guztiak bisitatu nahi badituzu, erdi prezioan eta sarrera bakarrarekin, aukera ezin hobea duzu museoen bonoari esker. Bonu hori Errenteriako eta Pasaiako Turismo Bulegoetan eta parte hartzen duten museoetan eros daiteke 12,50 euroren truke, eta urtebeteko iraupena du. Honako museo hauetarako sarrera barne hartzen du: Arditurriko Meategiak, Luberri - Euskal Herriko geologia museoa eta Soinuenea – Herri musikaren txokoa, Oiartzunen; Jantziaren Zentroa, Errenterian; eta Albaola Itsas Faktoria eta MATER ontzi museo ekoaktiboa, Pasaian. Oarsoaldeko museoen bonua, zalantzarik gabe, opari ezin hobea izan daiteke Gabonetarako.

Bestalde, aurreko museoak prezio murriztuan bisitatzeko abantailak biltzen dituen esku-orria ere eskuragarri dago turismo-bulegoetan.

Plan horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, edo informazio orokorrerako, Errenterian eskualdeko turismo bulegoa eta Pasaiako turismo bulegoa zubi osoan egongo dira zabalik abenduaren 3tik 5era eta 8tik 10era, 10:00etatik 14:00etara eta 16 00etatik 18:00etara eta abenduaren 6an eta 11n 10:00etatik 14:00etara.

 

Errenteriako turismo bulegoa

Madalen 3, Errenteria

Tel. 943 494 521

turismoa@oarsoaldea.eus

 

Pasaiako turismo bulegoa

Juanba Berasategi kulturgunea

Donibane, 1

Tel: 943 341 556

turismoapasaia@oarsoaldea.eus

 

oarsoaldeaturismoa.eus