LANTOKIRA BIZIKLETAZ egitasmoak aurrera darrai Oarsoaldean

En una empresa de la comarca, como experiencia piloto, se ofrecerán recursos a los y las trabajadoras para que tengan todas las facilidades a la hora de ir a trabajar en bicicleta.

Lantokira bizikletaz proiektua aurrera pausuak ematen ari da, Gurpilartea elkartea eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren elkarlanaren fruitu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolamendu eta Mugikortasun sailaren finantzaketari esker.

Egun bizi dugun egoera kontuan hartuta,  aukera berriak ireki ditu bizikletaren erabilerak, garraiobide seguru, jasangarri eta osasungarriago batez baliatzeko, aglomerazio handiak saihesteko eta segurtasun-distantziak errespetatzeko. Oarsoaldea eskualdeak baldintza guztiak betetzen ditu bizikletaren eguneroko erabileran aitzindari izateko. Alde batetik, industrialde ugari ditu bizikletentzako bidegorrietatik gertu daudenak, eta bestetik, herrien arteko mugikortasuna oso handia da.

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, "Bizikleta sustatzeko estrategiari bultzada handia emateko leiho baten aurrean gaude; izan ere, egungo egoera ikusita, garraiobide seguruago, jasangarriago eta osasuntsuago bat aukeratzeko, pilaketa handiak saihesteko eta segurtasun-distantziak errespetatzeko aukera eskaintzen digu". Gogora ekarri duenez, Sailak dituen datuek adierazten dute bizikletaren aldeko gorakada nabarmena gertatzen ari dela, eta diputatuak aukera hori aprobetxa dezagun deia egin du, "Mugikortasun iraunkorraren oinarriak finkatzeko, garraio publikoa eta bizikleta funtsezko oinarritzat hartuta".

Mugikortasun ohituren azterketa

Proiektua bi fasetan banatzen da. Alde batetik, Oarsoaldeko eskualdean langileak eta enpresak bizikletan lanpostura joateari buruz duten iritzia, eskualdean bizikletaz mugitzeko dauden zailtasun eta erraztasunak edo enpresek langileei enpresetara joateko bizikleta erabiltzeko ematen dizkieten erraztasunei buruz azterketa sakon bat egingo da.

Horretarako, besteak beste, bi galdetegi prestatu dira. Alde batetik, eskualdeko herritarrak eta eskualdeko langileak beraien lanpostuetara joateko erabiltzen dituzten moduei buruz galdetuko zaie galdetegi honen bidez. Bestalde, enpresei, langileak bizikletan lanera joatearen inguruko iritzia eta helburu honetarako ezarrita dituzten baliabideei buruz galdetuko zaie, bigarren galdetegi honen bidez. Guztira 25-30 enpresen parte-hartzea espero da.

Inkestekin lortutako informazioa landu eta eskualdeko beste hainbat daturekin batera, lanpostura bizikletaz joateko aukerak aztertu eta baloratuko dira.

 

Herritarrentzat galdetegia

galdetegia-herritarrentzat

Enpresentzat galdetegia

galdetegia-enpresentzat

 

Eskualdeko enpresa batean esperientzia pilotua

Mugikortasun ohituren azterketa egin ostean, enpresa bat aukeratuko da, bigarren fasean, proiektu pilotu gisa. Aukeratutako enpresan bertako langileei baliabideak ezarriko zaizkie bizikletan lanera joaterako orduan erraztasun guztiak izan ditzaten. Baliabideen artean, bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika ikastaroak, aldagelak, arropa lehortzeko lekua eta bizikleta uzteko leku seguru eta erosoak ezarriko dira, besteak beste.

Horrez gain, Aizpea Otaegik, Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak eta Errenteriako alkateak adierazi duenez, fase honetan Lanbide Heziketako Ikastetxe integratua den Don Boscok bizikleta aparkalekuen diseinua eta hauen eraikitzea gauzatuko ditu, modu honetara, ikastetxeko azken urteko ikasleek, eskualdean aurrera eramango den proiektu batean parte hartzeko aukera izango dute.

Beraz, galdetegiekin jasoko den informazioa ezinbestekoa da, eskualdean, lanpostura bizikletaz joateko bidean aurrera pausu egokiak eman daitezen.

 

Zure mugikortasun ohiturak ezagutu nahi ditugu

Animatu eta esteka honen bidez bete inkesta, zure mugikortasun ohiturak ezagutu ditzagun, horrela gure ahaleginak modu egokian bideratuko baititugu.

Edozein zalantza edo argibide behar izanez gero, jarri harremanetan GURPILARTEArekin: gurpilartea@gmail.com

 

lantokira-bizikletaz-web


Oarsoaldea