Enpleguaren bidez, gizarte bazterkeriaren aurka lortu daitekeenaren adibide bikaina da Badia Berri

El diputado general Markel Olano ha visitado la empresa de inclusión social, que se ubica en Lezo y que participa en la iniciativa Elkar-Ekin Lanean

 

 

“Seguru gaude gizarte esklusioari eta desberdinkeriari aurre egiteko modurik eraginkorrena enplegua sustatu eta bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat aukerak sortzea dela. Ahalegin horrek Gipuzkoa osoaren konpromisoa behar du, erakundeen, gizarte antolatuaren eta herritarren batasuna, Elkar-Ekin Lanean ekimenaren bitartez lortu nahi duguna; eta Badia Berri enpresan, eredu honek duen potentzialaren adibide argia daukagu”. Markel Olano diputatu nagusiak Badia Berri gizarteratze enpresa bisitatu du gaur goizean, eta bertan Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategiak lurraldeari eskaintzen dion aukera aldarrikatu du.

 

 

badia berri 1 g

Olano enpresa honek Lezon duen plantan ezagutzen izan da, eta berarekin izan dira Aizpea Otaegi, Oarsoaldea Garapen Agentziako presidentea eta Errenteriako alkatea; Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua; Unai Andueza, Proiektu Estrategikoetako foru zuzendaria; Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatea; Miguel Ángel Sánchez, Lezoko udaleko zinegotzia; Nahikari Otermin, Pasaiako Udaleko lehen alkateordea; Jexux Leonet, Oiartzungo alkatea; eta enpresako arduradunak eta langileak. Hedabideei adierazpenak eskaini dizkiete bisitariek eta, ostera, enpresaren instalazioak bisitatu dituzte, lehen eskutik ezagutuz bertan egiten den lana eta martxan dauden proiektuak.

 

badia berri 3 g

Badia Berri enpresa 2005 urtean jarri zen martxan, Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzungo udalek osatzen duten Oarsoaldea Garapen Agentziak bultzatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hasiera batean Oarsotek izena hartu zuen, eta hasieratik bere helburu sozial nagusia lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzea izan da. Konpainiaren jarduera nagusia industria prozesu intentsiboen eskulana azpikontratatzea da, eta kautxuzko piezak garbitzea da bere jarduera nagusia. Honela, Badia Berrik baztertuak dauden edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonen lan inguruko ikaskuntza ahalbidetzen du jarduera ekonomiko baten bidez.

Gaur gaurkoz, 32 langile ditu enpresak, gehienak emakumezkoak. “Ahalegin publiko eta pribatuak batzearen arrakasta kasu argia da Badia Berri. Jarduera ekonomikoaren bidez, babestuko lan ingurune bat eskaintzen die, lan egiteko eta ikasteko arazoak dituzten pertsonei”, azaldu du diputatu nagusiak. Hiru urteko iraupena duen insertzio programa planteatzen du Badia Berrik, enplegua eta laguntza soziala barne hartzen dituena. 2005ean enpresa martxan jarri zenetik, 130 pertsona baina gehiago pasa dira bertatik, eta hauetako zatirik handienak lana lortu du Badia Berriko ibilbidea amaitu eta denbora gutxira.2019 urtetik, Elkar-Ekin Lanean ekimenaren laguntza jasotzen du Badia Berrik, batez ere bere dibertsifikazio plana bultzatzeko beharrezko inbertsioak gauzatzeko. Honen bitartez, konpainiak bere jarduera ekonomia alor berrietara hedatu nahi du eta, Elkar-Ekin Laneanen laguntzen bitartez, azpiegiturak egokitzen ari da helburu horretarako. “Garrantzitsua da proiektu honen atzean gauden eragile guztiok Badia Berri indartzen jarraitzea, bere orain arteko ibilbidearekin argi erakutsi baitu ekimenak duen potentziala eta indarra”, nabarmendu du Olanok.

badia berri 5 g 2

 

Testigantzak

 

Miragrosa Nchama Badia Berriko langileak azaldu duenez, konpainia honetako langile gehienak emakumeak dira: "Bananduak, gure ardurapean seme-alabak ditugunak… eta ezin dugunak gure kasa lanik lortu". Zehaztu duenez, enpresan bizitzen duten esperientziak bakoitzak bere kabuz baliatzen ikasteko balio die. "Familia eta lana bereizten, autoestimua eta konfiantza izaten, aurrera egin dezakegula… hori da Badia Berri. Aurrera egiten eta geure kabuz lana aurkitzen irakasten digute", azpimarratu du. Bere kasuan, Nchamak hiru urteko ibilbidea osatu zuen Badia Berrin eta, ondoren, enpresan geratu da, "nire aletxoa jarri nahi dut, orain beharreko egoeran dauden pertsonei laguntzeko eta nik ikasi dudana irakasteko".

 

 

badia berri 2 g

 

Alaitz Matxiarena, berriz, duela bederatzi hilabete iritsi zen enpresara. "Denboraldi luzea neraman lanik gabe, aukera hau sortu zen eta, egia esan, oraingoz dena nahiko ondo doa. Zure bizitzan aldaketa nabaritzen duzu, zure egunerokoan enplegu bat izateak zer suposatzen duen ezagutzen da", azpimarratu du. Azaldu duenez, Badia Berri integrazio laborala zein soziala lantzen ditu, langile gehienek denbora zeramatelako lan merkatutik kanpo, enpresara iritsi aurretik. "Hona iristen zarenean, gauzek nola funtzionatzen duten ikusten hasten zara, zer pauso eman behar diren lana aurkitzeko, lan egiteko… Gutako askok ezagutzen ez genituenak”. Bere ustez, Badia Berrin jasotzen ari den ikaskuntzak "munduak nola funtzionatzen duen ikasteko eta lan egiten ikasteko balio dit, eta hortik abiatuta, hartu beharreko norabidea argitzen lagunduko dit. Etorkizuna duten irteerak eskaintzen dituela uste dut".

badia berri 4 g

36.000 pertsona

Euskadiko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko 2020ko inkestaren arabera, Gipuzkoan 36.000 pertsona baino gehiago daude zaurgarritasun egoeran eta, gainera, egoera hori kroniko bihurtzeko arriskua dago. "Elkar-Ekin Lanean-ekin, ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu pertsona hauei. Tokian tokiko babes sare koordinatuen bidez egingo dugu, laguntza emango dietena, lan-merkatura iritsi arteko urrats guztiak ematen lagunduko diena, prestakuntzatik hasi eta laneratzeraino, jarraipen pertsonalizatuarekin", azaldu du diputatu nagusiak. Bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, Elkar-Ekin Lanean estrategiak bereziki kontuan hartuko ditu kualifikazio txikiko pertsonak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtetik gorako langabezian daudenak edo indarkeria matxistaren biktimak, besteak beste.

Horretarako, Foru Aldundiak 16 lan ildotan eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia prestatu du, apirilean aurkeztu zitzaiona Gipuzkoako gizarteari eta, ostera, erakundeen mahaia eta eragile sozioekonomikoen mahaiak osatu dira. Plana, zehazki, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan garatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat dator. Helburua da "lan inklusiborako aukerak ugaritzea" eta lurraldeko erakunde, enpresa eta eragile guztien parte hartzea lortzea ahalegin kolektibo horretan. "COVID-19ak eragindako krisi sozialari aurre egiteko palanka bat da, alde batetik, eta epe ertainean, desberdintasun sozialei aurre egiteko tresna partekatu bat", aurreratu du diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, Gipuzkoak, gizarte aurreratu gisa, "pertsona guztientzat kalitatezko enplegu duina eta inklusiboa" bermatzeko hartu behar duen erantzukizuna da jokoan dagoena.

"Lana da tresna nagusia bizitza duina bermatzeko, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta baldintza berdinetan bizitzeko proiektu duin bat eraiki ahal izateko", nabarmendu du. Diputatu nagusiak azaldu duenez, Elkar-Ekin Lanean ekimenaren bidez, datozen hiru urteetan 3.500 lanpostu berri sortzea du helburu Aldundiak, baztertuta edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat. Aldi berean, gaur egun lurraldean lan egiten duten laneratze enpresen kopurua bikoiztu nahi da, baita 2.500 pertsonari prestakuntza eskaini eta 4.000 pertsonari lagundu ere, lan munduan finkatu arte.

Berpiztu

Ildo garrantzitsua da eskualdearentzat, behar handieneko eskualde edo eragiteko lehentasunezko jotzen diren EAEko lau eskualdeetariko bat izateaz gain, Oarsoaldeko garapen sozioekonomikorako 2017-25 Plan Estrategikoan zehaztutako erronka eta ildo estrategikoetako bat baita gizarte-egoerarik ahulena duten pertsona eta kolektiboak gizartean eta enpleguaren esparruan txertatzea. Plan estrategikoak sustatu nahi duen esparru honetan kokatzen da pasa den astean BERPIZTUren baitan aurkeztu zen gizarteratzeko eta laneratzeko polo bat sortzeko asmoa, zeinetan aurreikusten den Badia Berri indartzea eta sendotzea.

Elkar-Ekin Lanean programak, beraz, hauspoa ematen dio Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez, Aldundiak eta Jaurlaritzak berak lagunduta, eskualdeko lau udalerriak egiten ari diren lanari eta ahaleginari, egoera ahulenean daudenen eskura baliabideak jartzeko: euren bizi-proiektuak aurrera ateratzeko desabantailak dituzten herritarrak, bazterketa-egoeran edo bazterketa-arriskuan egon daitezkeen eskualdeko herrikideak.

 

badiaberri.eus

 

 

badia-berri-portada

 


Oarsoaldea