Oarsoaldeko Energia bulegoa kalteberatasun energetikoaren kontra

Oarsoaldeko Energiar Bulegoa 2021eko urtarrilean jarri zen martxan, eskualdeko energia-kalteberatasuna murrizteko eta herritarren energia-kontsumoa optimizatzeko helburuarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak finantzatzen du, doako zerbitzu publikoa da.

Horretarako, arreta-zerbitzu pertsonalizatua eta hiritarren pertsonen beharretara egokitua eskaini du hilabete hauetan zehar, energiaren esparruan hainbat motatako kontsultei aurre eginez: fakturen optimizazioa, eskura dauden laguntza ekonomikoen inguruko informazioa, berriztagarrien instalazioari edo fatxaden birgaitze energetikoari buruzko aukeren azalpena... Gainera, www.oarsoenergia.eus webgunearen bidez, herritarrek eskatutako energia-arloko informazio anitza eman du, fakturak ulertzeko aholkuak edo eta energiaren inguruan gure eskualdean egindako ekimenak, adibidez.


Hilabete hauetan zehar, bulegoko langileek energia-gaiarekin lotutako kontsulta ugari artatu dituzte, eta bereziki nabarmendu dute herritarrek beren faktura elektrikoaren kontsumoari buruz eskatzen duten arreta. Azken urtean energia-merkatuak izan duen ezegonkortasunak eta komunikabideetatik jasotako informazio ugariak energia uneko gai gorienetako bat bihurtu dute. Energiaren prezioaren igoerak, elektrizitatearen kasuan duela sei hilabete baino bataz besteko %55 handiagoa izatera iritsi dena, familia asko kalteberatasun energetikoko egoerarara eraman ditu, urte hasieran gorantz zihoan arazo honen kasuak areagotuz.

Oarsoaldeko Energia Bulegoa ahaleginak egiten ari da, ahal den neurrian, egoera horrek gure eskualdean dituen ondorioak murrizteko. Orain arte eskaintzen ari zen arreta pertsonalizatua, ireki eta doakoari, datozen asteetan arazo horri aurre egiteko ekintza zehatzak batu nahi dira, hala nola eskualdeko udalekin eta egoera honek gehien kaltetutako kolektiboekin lan egiten duten erakundeekin lankidetzan aritzea, edo kaltetutako etxebizitzetan auditoria sinpleak egiteko aukera. Hori guztia, jakina, Bulegoaren beste helburu nagusia alde batera utzi gabe: Oarsoaldean energia-jasangarritasun handiagoa ahalbidetzea, kontsumo txikiagoa eta garbiagoa lortzearen alde eginez.

Oarsoaldeko Energiaren Bulegoak, oraingoz, bere zerbitzuak modu telematikoan eskaintzen jarraituko du, www.oarsoenergia.eus webgunearen, energia@oarsoaldea.eus posta elektronikoaren edo 943 34 41 60 telefonoaren bidez.

 


Oarsoaldea