Oarsoaldea Behatokia

Oarsoaldearen Lan Merkatua

Responsive Image

Oarsoaldea Behatokia izeneko atal honetan, gure eskualdeko lan-merkatuaren egungo egoera aztertzea helburu duten azken datu sozioekonomikoak eskainiko dizkizugu.

Langabezia-tasari dagokionez, gure eskualdean 0,90 puntu jaitsi da azken urtean, %9,36koa izanik 2022ko abuztuaren 31ean (%10,26koa 2021eko abuztuan).

Hala ere, azken hilabeteetan izan dugun beheranzko joera eten eta 2022ko ekainean genuen langabezia-tasa berera itzuli gara (2022ko ekainean langabezia tasa %9,38koa baitzen). Langabezia-tasak erregistro hobeetan jarraitzen du, koronabirusaren pandemiaren hasierarekin alderatuta (%9,69 2020ko otsailean). Era berean, Oarsoaldeko 2022ko abuztuko datu hauek EAE osokoak baino hobeak dira (%10,60ko tasa), eta zertxobait okerragoak Gipuzkoako lurralde historikoarekin alderatuta (%8,50ko tasa).

Oarsoaldea osatzen duten udalerriei dagokienez, 2022ko abuztuan Lezok %8,10ko langabezia-tasa izan zuen; Oiartzunek %6,50koa, Pasaiak %10,10koa eta Errenteriak %10,01koa. Eskualdeko udalerri guztietan uztailetik honera igo da langabezia Oiartzun udalerrian izan ezik, eta kasu guztietan datu hauek EAEko batez bestekoak baino hobeak dira (%10,60ko tasa). Horrez gain, Lezon eta Oiartzunen, langabezia-datuak Gipuzkoako lurralde historikokoak baino hobeak dira (% 8,50ko tasa).

Honenbestez, Oarsoaldean langabetuen kopuruak behera egin du 2022ko bigarren lauhilekoan. Izan ere, 2022ko abuztuan 3.439 pertsona zeuden lanik gabe, 2022ko maiatzan baino 76 pertsona gutxiago (3.515 pertsona).

Laburbilduz, emandako datuetatik ondoriozta dezakegu, koronabirusaren krisiak ziurgabetasun testuinguru bat sortu duen arren -beste faktore orokor batzuk gehitu dira-, gure eskualdea zailtasun horiei guztiei aurre egiten ari dela.

Datozen hilabeteak funtsezkoak izango dira Oarsoaldeko lan-merkatuaren bilakaera zein den zehazteko. Bertan, inplikatutako eragile guztiek ahalegin handia egiten jarraitzen dute eskualdeko herritarren enplegagarritasuna mantendu eta hobetzeko.







Partekatu Oarsoaldeko lan-merkatuaren behatokia!

#ASTEKONOMIA

 

EUSKAL EKONOMIAREN TERMOMETROA

KOIUNTURA DI-DA BATEAN