Geroa ereiten

NERE MUJIKA ETA HERRIETAKO KANTU JIRAK IZANGO DIRA AURTENGO OARSOARRAK EUSKARAREN SARIAREN HARTZAILEAK

2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi duen Oarsoarrak Euskararen Saria Nere Mujika euskaltzale eta ekintzaile errenteriarrari eta Errenteria, Lezo, Donibane, Antxo eta San Pedroko kantu jirei emango diete aurten.



Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, Nere Mujikak euskara bere bizitzaren ardatz izanik emandako ereduagatik eta Kantu Jirei Euskara kalera ateratzeko egiten duten lanagatik, herrietan euskal giroa zabaltzeagatik eta jende askorentzat euskarara hurbiltzeko bide emateagatik aitortza publikoa egitea hobetsi du.

Nere Mujika errenteriarra da. Altza-Herreran jaioa baina aspaldi errenteriartua. Urte luzez irakaskuntzan jardun zuen. Frankismo garaia izan arren, euskara eta euskal kultura transmititzen zizkien ikasleei, dantza ardatz hartuta gehienetan.  Nere Mujika euskaraz mamitutako bizitza baten eredu argia da. Alor askotan aritu den eta ari den arren, euskara du beti erdigune; emakume taldeen antolaketan, dantza ikastaroetan, kopla kantari, elkartasun ekintzetan, kantu-jiran eta herrigintzan beti euskaraz eginez eredu bikaina ematen digu Nerek.

Kantuak, euskarazko kantuak asko eman dio herri honi eta oraindik ere asko ematen dio. Azken urteotan herriz herri zabaltzen ari diren kanturako taldeek poz ematen dute. Gure herria bizirik dela sentiarazten digute bazterrik bazter. Euskara kalera ateratzeko egiten duten lana azpimarragarria da. Herrietan euskal giroa zabaltzeaz gain, jende askorentzat euskarara hurbiltzeko, euskara ikasteko akuilu eta makulu bihurtu dira.

Oarsoaldeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.

2019ko Oarsoarrak saria azaroaren 29an jasoko dute sarituek, iluntzeko 19:00etan, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, ohi bezala.




Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus