Behatokia Oarsoaldea
Oarsoaldea Behatokia
Oarsoaldearen Lan Merkatua

LANGABEZIA-DATUEK ZERTXOBAIT HOBERA EGIN DUTE ESKUALDEAN
951 pertsonak lortu zuten kontratua 2023ko otsailean, urte bereko urtarrilean baino 92 herritar gutxiagok.
Hala ere, urte osoko ikuspegia hartuta, bilakaerak erakutsi du joera baikorra duela Oarsoaldeako herritarren enplegagarritasunak.
SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzuak lan-merkatuari buruzko datuak argitaratu ditu hilabete honetan ere. Datuek erakusten dutenez, urteko lehenengo hilabeteek adierazi dute behera egin duela langabeziak aurreko urteko data berberekin alderatuta. Zehazki, 2022ko otsailean 115.815 pertsona zeuden langabe gisa Hego Euskal Herrian eta, 2023ko otsailean, berriz, 112.296; hau da, 3.519 langabetu gutxiago erregistratu dira. Hala ere, urte hasierara mugatuta, 2023ko otsailean urtarrilean baino 91 langabetu gehiago izan dira. Gipuzkoan, ordea, kontrako joera gertatu da: langabezia-tasak behera egin du urtarriletik otsailera, 248 pertsona gutxiago, eta 2022tik 2023ra ere 967 langabetu gutxiago zenbatu dira.
Langabezia-tasak behera egin du Oarsoaldean azken hilabete honetan
Gure eskualdean fokua jarrita, Gipuzkoako Lan Behatokiko datuei erreparatuz, 2023ko otsailean 951 pertsona kontratatu ziren eskualdean: zehazki, 1.930 kontratu sinatu ziren. Joan den urteko otsailaren alderatuta, zifrak gora egin du, 1.539 kontratu sinatu baitziren une hartan, aurtengo otsailean baino 391 gutxiago.
Kontratu motari begira, otsailean, aldi baterakoak izan ziren 1.597 eta kontratu mugagabeak, berriz, 332. Ildo beretik, 1.505 pertsonari egin zieten jardunaldi osoko kontratua eta 425 herritarrek, aldiz, jardunaldi partzialeko kontratua sinatu zuten. Azken multzo horretan, aurreko hilabeteetako joera jarraituz, nabarmentzekoa da sexuaren araberako aldea; izan ere, jardunaldi osoko kontratuen barruan, emakumezkoak dira 286 eta gizonezkoak, ordea, 1.219. Bere aldetik, jaioterria aintzat hartuta, otsailean kontratatu ziren pertsonen artean, 795 langile bertakoak dira eta 156 atzerritarrak.
Bestalde, Oarsoaldea eskualdeko langabezia datuei dagokienez, 2022 urteko otsailetik 2023ko otsailera, 0,69 puntuko jaitsiera izan dugu (2022ko otsailean langabezia-tasa % 9,95ekoa zen eta 2023ko otsailean % 9,26koa). Horregatik, urtebeteko marjinarekin alderatuta, langabeziak behera egin duela esan genezake. Une honetan, zehatzak izateko, eskualdean 72.439 biztanle daudela kontuan hartuta % 4,7a dago langabezian une honetan.
2023ko otsailean 3.399 pertsona langabetu zenbatu dira eskualdean. Horietatik, 1.906 emakumezkoak ziren eta 1.493 gizonezkoak. Langabezian egondako denborari begira, urtebete baino gutxiago pasa dute lanik gabe 1.906 herritarrek (893 gizonezkok eta 1.013 emakumezkok); aitzitik, urtebete baino gehiago pasa dute langabezian 1.493 pertsonak (600 gizonezkok eta 893 emakumezkok).
Langabezia-tasak erregistro hobeetan jarraitzen du, koronabirusaren pandemiaren hasierarekin alderatuta (% 9,69 2020ko otsailean). Era berean, Oarsoaldeko 2023ko otsaileko datu hauek EAE osokoak baino hobeak dira (% 10,50eko tasa), eta zertxobait okerragoak Gipuzkoako lurralde historikoarekin alderatuta (% 8,60ko tasa).
Oarsoaldea osatzen duten udalerriei dagokienez, 2023ko otsailean Lezok % 7,90ko langabezia-tasa izan zuen; Oiartzunek % 6,50koa, Pasaiak % 10ekoa eta Errenteriak % 10,10ekoa. Urtarriletik hona, Lezon eta Oiartzunen mantendu egin da langabezia-tasa eta eskualdeko gainerako udalerrietan, berriz, jaitsi egin da: Pasaian, 0,1 puntu eta Errenterian 0,2 puntu. Kasu guztietan, datu horiek EAEko batez bestekoak baino hobeak dira (% 10,50eko tasa). Horrez gain, Lezon eta Oiartzunen, langabezia-datuak Gipuzkoako lurralde historikokoak baino hobeak dira (% 8,60ko tasa).
Ikuspegi zabalari begira, lan-merkatuak joera baikorra du
Laburbilduz, urte osoko ikuspegiari helduta, gure eskualdean lan-merkatuak joera positiboa izan duela ondoriozta dezakegu. 2023ko lehenengo hilabetean langabetu gehiago zenbatu baziren ere, bilakaerak erakutsi du joera baikorra duela Oarsoaldeako herritarren enplegagarritasunak.
Hala ere, inplikatutako eragile guztiek ahalegin handia egiten jarraitzen dute eskualdeko herritarren enplegagarritasuna mantendu eta hobetzen jarraitu dezan.