Geroa ereiten

AIAKO HARRIA PN ETA KBE, ETA LAU HAIZETAKO PARKEKO IBILBIDE GIDATUAK HASIKO DIRA

Abuztuan hasi eta urria bitartean 3 ibilbide gidatu ezberdin eskainiko dira.

Beste behin ere, abuztuaren lehenengo asteburutik aurrera Aiako Harria Parke Naturalean kokaturik dagoen Errenteriako Listorreta-Barrengoloia aisialdi gunean aurtengo Gida Zerbitzu Ofiziala martxan jarriko da.

lau haizeta-22

Bertako kultura ondarea eta bioaniztasun maila altua gida zerbitzu aditu baten eskutik ezagutzeko aukera paregabea da dudarik gabe. Izan ere, gune honek Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendapena du, Natura 2000 Sarearen barruan babestua.

Honela, ibilbideen eskaintza “Lau Haizeta Parkea eta bere monumentu megalitikoak” izeneko bisita gidatuarekin hasiko da aurten. Datorren larunbatean, abuztuak 1, goizeko 10:00etan eskainiko da elebitan. Sanmarko gotorlekutik hasiko da bisita.

lau haizeta megal2

Bisita honetara animatzen direnek, 600ha-ko naturgune honetan aurkitzen den Txoritokietako estazio megalitikoa ezagutuko dute, bertan lehen gizakiek hildakoei eraikitako monumentu desberdinak aurkituko dituzte; trikuharriak eta tumuluak. Gainera, XIX. Mendeko Sanmarko eta Txoritokieta gotorleku militarrak eta inguruko baso eta hezeguneak ezagutzeko aukera izango dute. 3 orduko iraupena izango du bisita honek.

Bestalde, orain dela hiru urte egindako aurkikuntzek berebiziko interesa eman diete “Aizpitarte haitzuloetako bisita” gidatuari, baita beren sarrera mugatu ere. Aurkitutako grabatuek gure arbasoen bizimoduari buruz dugun ezagutza sakontzen dute, antzinatasuna, erabilitako teknika eta euren kontserbazioa direla medio, ezohizkoak. Bistaren iraupena 1,5 ordukoa da.

aitzbitarte haitzuloak2

Irteera gidatuen eskaintza “Añarbe Baso Erreserba” bisitarekin osatzen da. Irteera honetan, paisaia irekiez gozatzeko aukeraz gain, Malbazarko eta Pagosardeko hezeguneetan aurkitzen den fauna, flora eta euren berezitasunak ezagutzeko aukera izango da. Ibilbideak aparteko pagadietan sartuko gaitu eta baso hauen bioaniztasuna ezagutuko dugu. 4 orduko iraupena izango du ibilbide honek.

lau haizeta-hume2

Urria arte luzatuko da ibilbide gidatuen eskaintza eta guztira 12 bisita eskainiko dira. Guztiak goizeko 10:00etan hasiko dira, baina egutegi eta abiapuntu desberdinekin, bisita motaren arabera.

  • Añarbeko Baso-Erreserba: abuztuaren 15ean, irailaren 5ean eta 27an eta urriaren 17an. Abiapuntua: Idoia, Susperregi jatetxeko aparkalekua. Iraupena: 4:00 ordu.

  • Aizpitarteko leizeetako aztarna paleolitikoak. Abuztuaren 9an, irailaren 19an, eta urriaren 11an eta 24an. Abiapuntua: Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa. Iraupena: 1:30 ordu. Aurkikuntzaren ondorioz, leizeak itxita daude, beraz bisita gidatua eginez baino ezin izango da barruan sartu.

  • Lau Haizeta Parkea eta Txoritokietako Estazio Megalitikoa. abuztuak 1 eta 23, irailak 13, eta urriak 3. Abiapuntua: Sanmarko Gotorlekua. Iraupena: 3 ordu.

Ibilbide gidatu hauen prezioa 2€-koa da pertsonako. 7 eta 16 urte artekoentzat, aldiz, 1€-koa eta 7 urtetik beherakoentzat doan eskainiko dira.

Beharrezkoa da Errenteriako Turismo Bulegoan AURRETIK ERRESERBATZEA hauetako edozein ibilbide gidatu egiteko, bai 943 494 521 telefonoan edo baita turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikoan ere. Turismo bulegoaren ordutegia: Uztaila eta abuztuan astelehenetik igandera 9:00-14:00 / 16:00-19:00. Gainontzean, asteartetik larunbatera 10:00-14:00 / 16:00-18:00 eta igandetan 10:00-14:00.

Ibilbideak ikusi

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus