Geroa ereiten

Oarsoaldea Garapen Agentziak Hazilan egitasmoaren 6. edizioa dagoeneko prest du.

Egitasmo honen bidez 22 eta 44 urte bitarteko 85 gaztek orain arte lan munduan txertatzeko konpetentzia pertsonal eta profesionalak lantzeko eta hobetzeko aukera izan dute; eta honi esker, 64 pertsonek lana aurkitu dute. 2016an burutu zen lehenengo edizioko Eneritz Olaizola Legorburu hautagaiarekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Oarsoaldeak eskainitako egitasmo honen helburua gazteek duten ahalmenen garapen eta identifikazioan laguntza ematea da, gazteen enplegagarritasuna errazteko.

eneritz olaizola han

Zein da egitasmo honetan hasi aurretik sentitzen zenuen beharrik handiena eta honi esker hobetu duzuna?

Lan merkatuan ateak irekitzeko beharra nuen. Ikasitako esparruan eskarmentu gutxi  eta ez nekien nire arloan lanpostu bat nola lortu. Eskarmentua ez izateak segurtasun-eza sentiarazten zidan, lanpostu batera aurkezten ziren beste hautagaiak ni baino hobeagoak izango zirela pentsatzen bainuen. Hazilani esker ikasi nuen, nahiz eta eskarmenturik ez izan, banituela beste hainbat gaitasun lanpostu bat lortzeko garrantzitsuagoak direnak. Garrantzitsuena jarrera zen.

Landutako aspektu ezberdinen artean, zein nabarmenduko zenuke balio gehigarri bezala ikasketak bukatu berri dituen eta zuk azaldu diguzun egoera berean dagoen gazte batentzat?

Autokonfiantza eta orientazioa nabarmenduko nituzke. Unibertsitatetik ateratzean galduta sentitzen zara. Batzuk oso argi daukate zein arlotan egin nahi duten lan, baina beste askok ez ordea. Hazilanek zure gaitasunak azaleratzen eta bideratzen laguntzen zaitu, zertan nabarmendu jakiteko. Hala ere zure buruarekin harritu egin zaitezke, izan ere badaude hasiera batean ukitu nahi ez dituzun arloak eta gero arlo horietan ona izan zaitezkeela konturatzen zara.

Lantzen duzuen prozesuan zehar, badago hasierako prestakuntza-fase bat, taldean egiten dena Oarsoaldeako lan talde teknikoaren eskutik. Nola baloratuko zenuke taldean egiten den lan hori eta Oarsoaldeak ematen duen laguntza teknikoa?

Prestakuntza fasea oso baliagarria da, etorkizunean suerta daitezkeen lan-elkarrizketei erreparatzen eta hauetarako prestatzen laguntzen duelako. Taldean lan egitea oso positiboa da, izan ere ez dira talde oso handiak baina profil ezberdinak landu ahal izateko nahikoa pertsona daude. Denak arlo eta nortasun ezberdineko pertsonak ginen, baina honek taldean lan egiten erakusten dizu, zurekiko guztiz ezberdinak diren pertsonekin lan eginez eta etorkizunean horrelako egoerei nola aurre egin erakutsiz.

Zertan aldatu da zure egoera pertsonala/laborala esperientzia hau bizitu ondoren?

Nire egoera pertsonala drastikoki aldatu da. Nire bizitzari buelta eman diot, supermerkatu batean lan egitetik eta galduta sentitzetik nire arloan lan egitera pasa naiz. Gainera, nire buruan konfiantza hartu dut, eta egoera baten aurrean jarrera positiboa izanez gero gauzak lortu daitezkeela erakutsi dit. Era berean, jendearekin erlazionatzeko modua ere aldatu egin dut. Beti izan naiz pertsona irekia, baina enpresa honetan lanean hasi naizenetik, profil ezberdinetako jendearekin lan egiteko aukera izan dut eta espero nuena baino askoz ere gehiago ikasi dut. Orain, beste konfiantza bat daukat eta baita falta zitzaidan eskarmentua ere, etorkizunean beharko banuke.

Nori gomendatuko zenioke Hazilan egitasmoan parte hartzea eta zergatik?

Langabezian dauden edo ikasketekin bat ez datorkien lanpostua duten gazte guztiei gomendatuko nieke Hazilan egitasmoa. Gainera, ikasketak bukatu berri dituzten pertsonak animatuko nituzke bereziki, beraien bidea erabakitzen eta etorkizunean benetan zer nahi duten jakiten lagunduko dietelako.

Animatu eta eman izena!

Plazak mugatuak dira.

943 404 101 / olibet@oarsoaldea.eus


Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus