Panorama ekonomikoa: Hirugarren kutsatze olatu baten hedapena egiaztatu da. Beste aldetik, lehen txertoen etorrera fisikoak eta biztanleriaren txertaketa masiboaren hasierak pentsarazten dute hilabete gutxi barru pandemia kontrolpean egon daitekeela.
Pandemiaren berragerpenak eta hura kontrolatzeko ezarri ziren murrizketek eragin handia izango dute turismoan, ostalaritzan eta kultura jardueretan; beraz, hirugarren hiruhilekoan hasitako susperraldia moteldu egingo da urteko azken hilabeteetan. Zehazkiago adierazita, EAEko BPGa %9,4 jaitsiko da 2020an. Susperraldia 2021eko bigarren hiruhilekoan iritsiko da.
Afiliatuen kopuru esanguratsu bat aldi baterako enplegu erregulazioko (ABEE) egoeran dago. Zehazki, pertsona horiek ia 30.000 ziren azaroan eta 43.000 baino gehiago abenduan.
Abenduan, erregistratutako langabeziaren bilakaera positiboa izan zen; izan ere, Lanbideko bulegoek argitaratutako azken datuen arabera, langabeen kopuruak gora egiten jarraitu zuen, baina aurreko hilekoetan baino gutxiago. Beraz, igoerak hiru hilabeteko beheranzko joera erakutsi du.
Azaroko KPI indizea –%0,6 izan zen, eta zortzi hilabete jarraian kokatu da balio negatiboetan. Bilakaera horretan eragina izan zuten, alde batetik, elektrizitatearen prezioek aurreko aldietako beherakada arintzeak, eta, bestetik, elikagaien prezioek beherakada izateak.
EAEko familien konfiantza indizeak azken sei urteetako baliorik txikiena jaso zuen, eta 2008ko krisiaren ezkortasun mailetan kokatu zen. Covid-19ak sortutako krisiak kontsumitzaileen konfiantza hondatzea eragiten du, eta ekonomiaren susperraldiari buruz eszeptiko agertzen dira.
Euroaren eremuko PMI konposatuak hobekuntza nabarmena izan zuen abenduan, aurreko hileko 45,3tik urtea amaitu zeneko 49,1era igaro baitzen. Balio hori 50. mailatik beherakoa da, beraz, ekonomia oraindik uzkurtze eremuan dagoela adierazten du, baina Europako enpresen aurreikuspenetan zerbait aldatzen ari dela iradokitzen du.
Oarsoaldea Garapen Agentzia
Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.
Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894