4 langabetu kontratatu ditu Oiartzungo Udalak enplegu planaren bitartez

Enplegua sustatzeko hainbat egitasmo ditu martxan Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin elkarlanean.

Argazkian Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea eta Patxi Arrazola, Oarsoaldea Garapen Agentziako Pertsonei Arreta Sailaren Zuzendaria. 

 

Lau langile berriak mantentze-lanetako ofizial bat eta erabilera anitzeko hiru peoi izango dira. Sei hilabeteko kontratu hauen bidez pertsonen enplegagarritasuna hobetzea lortu nahi da.

Oiartzungo Udalak enplegua eta gizarteratzea sustatzen jarraitzen du, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin lankidetzan. Langabetuak gizarteratzeko eta laneratzeko hainbat proiektu dituzte martxan, zailtasun handienak dituztenei lehentasuna emanaz.

Kontratazio Publikoko Programek 60 eta 70 kontratazio artean sortzen dituzte udaletan urtero. Gainera, Kontratazio Pribatuko eta Lehen Aukera Programekin Oarsoaldean enplegua sortzea sustatzen da. Hauei esker bertako enpresetan urtean 40 eta 50 kontratazio berri egiten dira urtero. Bazterkeria egoeran edo arrisku egoeran dauden pertsonei zuzendutako programa okupazionalak ere eskaintzen dira, gizarte zerbitzuekin elkarlanean.

 

Formakuntza, orientazioa eta bidelaguntza

Enplegua sortzeko ekintza ezberdinez gain, oiartzuarren enplegagarritasuna eta lan aukerak hobetzeko hainbat baliabide eskaintzen ditu udalak Agentziaren bidez. Urtero eskualdeko 1.700 langabe inguru artatzen dira eta lana bilatzeko orientazioa eta laguntza ematen zaie. 500 enplegu-eskaintza eta 100 praktika inguru kudeatzen ditu Oarsoaldeko Garapen Agentziak, tokiko enpresen eta enplegu-bilatzaileen arteko konexioa erraztuz. Formakuntza programak eta ikastaro trinkoak ere eskaintzen dituzte, besteak beste.

2024ean ere lan aukera berriak sortu, eskualdeko ekonomia inklusiboagoa sustatzen jarraitu eta gizarteratzea bultzatzeko konpromisoa berretsi dute Oiartzungo Udalak eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak.