ARDITURRI BIDE BERDEAREN TRESNA DIGITALA

Arditurribideberdea.eus webgunea egin da alde batetik, 4 hizkuntzatan, Bide Berdearen interes-gune nagusiak biltzen dituelarik. Bestetik APP bat, bide berdean zehar joateko gida birtuala eta familientzako joko interaktibo bat dituena, bide berdea modu ludiko eta dibertigarrian zeharkatzeko.

Arditurriko meatzetik ateratako materiala Pasaiako portura eramateko sortu zen trenbide zaharrak ematen dio izena egun Oarsoaldea eskualdeko aisialdi- eta naturgune nagusietako bati: Arditurri Bide Berdea. Izan ere, Aiako Harria Parke Naturaletik Pasaiako badiaraino, bide berdeak eskualdeko herri guztiak elkartzen ditu eta Donostiarekin ere bidegorri sarearen bidez lotuta dago. Malda oso txikia izanik, egokia da familian etxeko txikienekin egiteko, bide berdean zehar hamaika interes-gune topa baititzakegu.

Hau guztia ezagutzera emateko, Arditurri bide berdearen  webgunea eta aplikazioa sortu dute Oiartzungo Udalak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak. Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programari esker, Lehentasunezko Jarduera Zonaldeei bultzada emateko plan bereziaren bitartez finantzatu da tresna berri hau.

Arditurribideberdea.eus webgunea
Webgunea 4 hizkuntzetan dago (euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa) eta bide berdea zein inguruko herriak eta interes-puntu ezberdinak bisitatzeko informazioa ematen du, modu erraz eta bisual batean. 
Alde batetik mapa interaktibo bat dauka eta bertan bide berdearen ibilbidea ikus daiteke, Oiartzunen Arditurri meatze gunetik Errenteriaraino. Gainera, Lezo eta Pasaiarekin dituen loturak ere markatu dira mapan, baita Donostiatik bidegorriz etortzeko aukera ere. 



Bestalde, bide berdearen hasieran aurkitzen den Arditurri meatze gunearen informazioa ere aurki dezakegu bertan, baita meazuloa bisitatzeko sarrerak online erosteko aukera. 

 

Honez gain, bidean zehar eta inguruan aurki daitezken interes-puntu eta baliabide bisitagarrien informazioa ere ematen da, hala nola Aiako Harria Parke Naturala, trenbide zaharraren aztarnak, Soinuenea herri musikaren txokoa eta Luberri geologia museoa Oiartzunen; Fanderiako errota eta Jantziaren Zentroa Errenterian; eta Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Mater ontzi-museo ekoaktiboa Pasaian.
 


 

Arditurri bide berdea Oarsoaldea eskualdea zeharkatzen duen ardatza izanik, bide berdearen inguruan egin daitezkeen plan ezberdinak ere proposatzen dizkigu webguneak. Esaterako Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia herriak ezagutzeko planak, edota inguruan egin daitezkeen mendi-ibilbideak; besteak beste. Azkenik, gure plana osatzeko beharrezkoa den informazio praktiko guztia ere eskuragarri daukagu bertan: bizikleten alokairu zerbitzua, jatetxe eta ostatuen informazioa, turismo bulegoen harremanetarako datuak, etab.

 

Mugikorrerako aplikazioa

Webguneaz gain APP berritzaile bat ere egin da mugikorretarako, bide berdea modu interaktiboan bisitatzeko gida birtuala. GPSak gidatuta, ibilbidean zehar dauden interes gune ezberdinetara iritsi eta hauek ezagutzeko audiogida, argazkiak eta 360º-ko irudiak aurki daitezke bertan. Arditurriraino iristean, meategiaren eta trenbidearen XX. mendeko momentu desberdinak erakusten ditu 3D birsortze interaktiboarekin.


 

Familiei zuzenduriko jolas interaktiboa
Bidearen amaieran, meatze gunera iritsita, Arditurri modu original eta dibertigarrian ezagutzeko aukera ere eskaintzen du APP berriak. Arditurrin bertan egiteko jokua sortu da, hango txoko eta sekretuak ezagutzeko. Misterioz beteriko mundu batean sartu eta intxixu eta basandreen laguntzaz meatzearen barruan ezkutatu duten Aiako Harriaren bihotza berreskuratzeko erronka izango dute ausartzen direnek.
Horrela, Arditurri bide berdearen tresna digital honek eskualdeko sustapen turistikoa bultzatu nahi du, gure ondare historiko eta kulturala balioan jarriz eta mugikortasun jasangarria sustatuz.