XXXVII GASTRONOMIA ERAKUSKETA, OARSOALDEKO GASTRONOMIA HITZORDU NAGUSIA.

 

Errenteriako Euskaldarrak elkarteak antolatuta, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako 24 elkarte gastronomikotako ordezkariek lehiaketa gastronomiko batean hartuko dute parte, hain zuzen, hogeita hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa.

Apirilaren 8an hasi eta bi astez, astelehenetik ostegunera, hiru elkarte ezberdinek euren proposamenak prestatuko dituzte egunero.

Epaimahai lanak egingo dituzte Elena Arzak edo Hilario Arbelaitz bezalako sukaldari ospetsuek, baita Basque Culinary Centerreko profesionalak eta sukaldaritzan adituak diren kazetariak ere.

Lehiaketan ostalaritzako profesionalek parte hartu ezin duten arren, eta elaborazio guztiak elkarte berean prestatzen diren arren, urtez urte maila handiko platerak egin ohi dituzte elkarte ezberdinetako kideek, goi-mailako sukaldaritzaren sorkuntza duinak izanik.

Sukaldariak bere lanetan ari diren bitartean, elkarteko ateak edonorentzat zabalik egongo dira. Platerak nola prestatzen dituzten kuxkuxeatzeaz gain, egunero produktu gastronomikoen erakusketak antolatzen dira enpresa laguntzaileei esker, eta jendeak mota guztietako produktuak dastatu ahal izango ditu.

Amaitzeko, apirilaren 20an, Euskaldarrak elkartean bertan egingo den afari batekin amaituko da lehiaketa, parte hartzen duten elkarte guztiekin, eta epaimahaiak sariak banatuko ditu.