KONTUZ ZURE ETXEKO ATEA IREKITZERAKOAN

11/05/2017

La Oficina de Consumo de Oarsoaldea nos da algunas recomendaciones a tener en cuenta ante las visitas a domicilio o llamadas telefónicas de comerciales que ofrecen descuentos y ofertas.

 

Badira urte batzuk energiaren merkatua -gas naturala eta argia- liberalizatu zela. Harrezkero, aukera dugu gas naturala eta argindarra nahi dugun enpresarekin kontratatzeko. Jakina, ez badugu aldaketarik egin nahi, ez dago arrazoirik kontratu berri bat sinatzeko.

 

Merkatua liberalizatu zenetik, bi enpresa mota daude:  enpresa hornitzailea eta merkaturatzen duen enpresa.

  • Enpresa hornitzailea: gas naturala/argindarra kudeatzen du eta zentraletatik kontsumo-guneetara banatzen du. Gasaz (Naturgas) edo argindarraz (Iberdrola) hornitzen gaituen enpresa da.
  • Merkaturatzen duen enpresa: kontratuak kudeatzen ditu eta hornidura fakturatzen du (kobratzen digun enpresa da). Merkaturatzen duen enpresarekin kontratatzen dugu guk (Naturgas, Iberdrola, Endesa, Fenosa…).

Egun merkatua liberalizatua dagoenez, ohikoa da deskontuak eta eskaintzak egiten dituzten saltzaileen bisitak edo telefono-deiak jasotzea merkaturatzen duen enpresa batetik bestera alda gaitezen.

 

kontuz atea irekitzerakoan

 

Oarsoaldeako Kontsumo Bulegoak aholkatzen du kontratatzeko unean zuhurtziaz jokatzea eta arinegi ez ibiltzea, eta gomendio hauek kontuan hartzea:

  •  Kontuz ibili behar dugu gure etxera datorren edozeini atea irekitzeko garaian. Kontuan hartu behar dugu, enpresa ezagun batetik etorri arren, ez gaudela behartuta irekitzera eta are gutxiago gure etxera sartzen uztera, ematen digun azalpena edozein dela.
  •  Garrantzitsua da gogoratzea ez dagoela arrazoirik deus ere sinatzeko, ez gure betiko konpainiarekin ez merkaturatzen duen enpresa berri batekin. Batzuetan, saltzaileek mota guztietako argudioak erabiltzen dituzte gu konbentzitzeko: kontagailuak aldatu egin behar direla, tarifak berrikusi egin behar direla, legez nahitaezkoa dela, etab. Arrazoia dena dela, argi izan behar dugu ez gaudela ezer sinatzera behartuta.
  •  Ez gara inondik inora gas/argindar hornidurarik gabe geratuko kontratu berri bat ez sinatzeagatik.
  •  Ez dugu datu pertsonalak dituen inolako dokumenturik (fakturak, etab.) edo/eta banku-daturik emango, eta ez dugu ezer sinatuko kontratu berri bat egin nahi ez badugu. Gure etxera eskaintza bat egitera etorri den saltzaileak eman dizkiogun datuak erabil ditzake kontratu berri bat egiteko, eta, azkenean, konpainiaz aldatzen ari garela konturatu gabe sinatuko dugu.
  •  Eskainitako prezioaz gain, kontuan hartu beharreko zenbait gauza: iraupen-konpromisoak eta zigorrak, deskontuen iraupena (ez dira mugagabeak izaten), mantentze-zerbitzuak (preziotik kanpo ordaintzen dira), fakturazio-aldia, bezeroarentzako arreta-zerbitzuaren kalitatea...
  •  Merkaturatzen duen enpresaz aldatu baino lehen, enpresen eskaintzak alderatu behar ditugu eta gehien komeni zaiguna aukeratu, ematen diguten informazioan oinarrituz betiere.
  •  Garrantzitsua da jakitea gure etxean, telefonoz edo internet bidez egindako kontratuak 14 eguneko epean indargabetu daitezkeela. Hau da, damutzeko eskubidea dugu. Horretarako, kontratuarekin batera eman behar diguten baliogabetze-agiria erabili beharko dugu.
  • Hornidura-kontratuak beti idatziz formalizatu behar dira, gure sinadurarekin. Telefonoz eginez gero, garrantzitsua da kopia bat eskatzea.

Gasa edo argindarra merkaturatzen duen enpresarekin arazoren bat izanez gero, enpresa horren Bezeroarentzako Arreta Zerbitzura jo behar dugu eta erreklamazio-zenbakia eskatu.

Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak adierazi duenez, erreklamazioa ez badute erantzuten edo erantzuna ez bada egokia, Oarsoaldeako Kontsumo Bulegoan laguntza eskaintzen dutela 943 510 111 telefono zenbakira deituz, omic-oarsoaldea@kontsumo.net helbidera idatziz edo Errenterian dagoen bulegora hurbilduz  -Olibet kaleko 6. Zenbakian-. Ordutegia hauxe da: astelehenetik ostiralera 8:30etik  14:30era.

 


Oarsoaldea