PELLO JAUREGI ETA LABORE OARSO IZANGO DIRA AURTENGO OARSOARRAK EUSKARAREN SARIAREN HARTZAILEAK

2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi duen Oarsoarrak Euskararen Saria Pello Jauregi irakasle eta ikerlari antxotarrari eta Labore Oarso kontsumo kooperatibari emango diete aurten.


Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, Pello Jauregik euskararen erabilera areagotzeko bideak jorratzen egindako lanagatik eta ezarritako oinarriarengatik, eta Labore Oarsori, hasiera-hasieratik, egitasmoa euskaraz sortu eta gerora ere hala garatzeagatik, kontsumoa eta elikadura bezalako oinarrizko sektore batean euskaraz naturaltasunez aritzeko ezarri duen ereduagatik aitortza publikoa egitea hobetsi du.

Pello Jauregi Etxaniz antxotarra da. Pedagogian lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean, eta Hezkuntza zientzietan doktore da Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle eta ikerlaria da.

Euskararen erabilera handitzeko helburua duten Euskaraldia, Belarriprest eta Ahobizi kontzeptuen asmatzaile eta teorizatzailea ere bada. Soziolinguistika Klusterrak martxan jarri zuen Aldahitz ikerketaren zuzendaria da.

Urte luzez AEKn aritu ondotik, unibertsitateko ikerketan dihardu aspaldion. Hizkuntza ohiturak aldatu ahal izateko bideak aztertu ditu bere ikerketa taldearekin, baita aldaketa horiek martxan jartzeko metodologia praktiko bat sortu ere. Eusle, metodologia da horren erakusle, baita Euskaraldiaren oinarrian dagoen  2016an Lasarten egindako Baietz 40 egun euskaraz herri-erronka ere.

2016an Oarsoaldean sortu eta Oiartzunen kokatutako kontsumo kooperatiba da Labore. Oarsoaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen eta Oarsoaldeko kontsumitzaileen arteko aliantza da, bertako produktuak bertan kontsumituz, merkataritza eta harreman modu ezberdin bat helburu duena. Pertsonei eta haien osasunari garrantzi berezia ematen die Laborek. Tokikotasunari, gertukoari balioa ematean, euskara erdigunean jarri zuen Labore Oarsok eta euskaraz funtzionatu du eta funtzionatzen du erabat bere egunerokoan, bai ekoizleekiko harremanetan, bai bazkideekiko eta erosleekiko harremanetan ere. 1.000 bazkidetik gora ditu egun.


Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.


2021eko Oarsoarrak saria azaroaren 26an jasoko dute sarituek, iluntzeko 19:00etan, Errenteriako Niessen Kuturgunean egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, ohi bezala.


Oarsoaldea