LANEAN ERE EUSKARAZ, EUSKARA PLUS egitasmo berritzailea eta doakoa

 

 

A fin de aumentar la presencia del euskera en el mercado laboral y mejorar la capacidad de comunicarnos en euskera en el mundo laboral se ha puesto en marcha en Oarsoaldea la iniciativa Euskara Plus de la asociación Banaiz Bagara. Este programa cuenta con la colaboración y financiación de la Comisión de Euskera de Oarsoaldea y la Diputación Foral de Gipuzkoa.

 

Egitasmo hau beren lan ingurunean euskara erabiltzera ohituta ez daudenei zuzenduta dago; bertakoak izan eta euskaraz jakin arren erabili ohi ez dutenei, eta kanpotik etorri eta euskaraz ezer gutxi dakitenei.

Bi helburu nagusi ditu egitasmoak: alde batetik, langileen eta lan bila dabiltzanen komunikazio gaitasunak hobetzea eta, bestetik, enplegatzaile euskaldunei euskara erabiltzeko gaitasuna eta kontzientziazioa duten langileak eskaintzea.

Lau atal ditu Banaiz Bagara elkartearen Euskara Plus egitasmoak: ikastaroa, enplegatzaileentzako datu-basea, parte-hartzaileen jarraipena eta sare bat osatzea.

Errenterian joan den maiatzean egin zen matrikulazio kanpaina eta lau talde ekain eta uztailean aritu dira euskara lantzen. Orain, udazkenean, Lezon eta Pasaian egin ahal izango da matrikula eta lau talde jarriko dira abian eskualdean.

Ikastaro trinkoak

Hogei orduko iraupeneko ikastaro trinkoak egingo dira, langile zein langabeei zuzendutakoak. Merkataritza eta ostalaritza, zaintza eta industria arloetan dihardutenentzat edo arlo horietan jardun nahi dutenentzat izango dira ikastaroak, eta arlo horiei lotutako instalazioetan egingo dira: jangela, zaharren egoitza, etab. Talde bakoitzean gehienez hamar parte-hartzaile izango dira, lan pertsonalizatua egiteko.

Ikastaro hauetan oinarrizko hiztegia landuko da, eta egoera errealen simulazioak landuko dira; bezeroaren arabera, zein hizkuntzatan atenditu, nola jarrera positibo bat azaldu, etab. Sentsazio onak sortzea da helburua. Kontzientziazio lan bat ere egingo da, gaztelania ez ezik euskara ere normaltasun osoz erabiltzeko.

Oraindik euskaraz ez dakitenak euskara ikasteko motibatzea izango da helburua. Halaber, ikasten ari direnei segurtasuna eta konfiantza hartzen lagunduko zaie, aurrerantzean lantokia «etengabeko ikasleku» izan dezaten.

Gainontzeko atalak

Langile nahiz langabeentzako atalaz gain, enplegatzaileentzako atala ere badu egitasmoak. Euskara kontuan hartzen duten enplegatzaileen datu-base bat sortuko da.

Bestalde, jarraipen tailerra egingo da ikastaroetako parte-hartzaileekin: curriculuma prestatu eta eguneratu, lana bilatzen lagundu, informazioa eman, etab. Izan ere, asmoa ez da ikastaro soil batean geratzea.

Azken atal gisa, sare bat osatu nahi da ikastaroetako parte-hartzaileekin. Elkartearen webgunea jarraitzeko aukera izango dute, baita buletin edota saretze eta motibatze ekitaldietan parte hartzeko aukera ere.

Izena emateko epea irekita dago, urriaren 9ra arte (Pasaia: 943 004 330 Antton/Martxel; Lezo: 943 513 476 Joxemari/Elena).

Ikasteko gogoa duenak eta erronkak gustuko dituenak hementxe du aukera bikaina!


Oarsoaldea