UDAZKENEAN ETXETIK KANPO EGITEKO PLANAK

 

Ya está aquí otra vez el otoño y con él la vuelta al cole, la manga larga, los días se acortan y las hojas se caen. A veces no resulta fácil hacer frente a estos días teñidos de ocre, pero en esta época tampoco hay sitio para el aburrimiento. He aquí varias propuestas para descubrir nuestros tesoros:

 

Lur azpira bidaia

Oiartzun aldera egingo dugu Aiako Harria Parke Naturalerantz hurbiltzeko. Aukera ezberdinak ditugu, baina gehien gustatzen zaiguna Arditurriko bidegorria hartzea da. Inguruko herriekin konektatua (baita Donostiarekin ere), aukera bikaina da Arditurriko meategiraino oinez ala bizikletaz iristeko.

Arditurri, erromatar garaiko meategia da eta bisita gidatuak eskaintzen ditu bere galerietan barrena sakontzeko. Meategiaren inguruan, azaroaren 21an txondorra piztuko da eta abenduaren 19 arte egongo da ikusgai. Antzinako ikazkinen lana nolakoa zen gertutik ikusteko aukera paregabea izango da hau. Txondorra abenduaren 19 arte egongo da ikusgai, eta taldeentzat bisita gidatuak eskainiko dira.

arditurri txondorra

Lurra eta geologia maite dutenentzat, Luberri museoa aukera polita da. Aiako Harriaren formazioa eta Euskal Herriko geologiaren historia ezagutzeaz gain, beste bi plan ezberdin prestatu dituzte egun hauetarako: mineralen bila ibilaldia Arditurrira eta mendi itzulia egun pasa gida batekin.

Hemendik gertu, euskal musika tresnen bilduma zabala aurkituko dugu Soinuenean. Musika tresna batzuk jo eta besteen doinuekin gorputzak dantzan jarriko ditugu. Izan ere, ekintza mordoa antolatu dute datozen hilabeteetarako: azaroaren 14 eta 15ean Dantza Plazan, Herri Musikaren 14. jardunaldiak hainbat hitzaldi eta kontzerturekin, azaroaren 28an Kantujokoak Itziar Zamorarekin, abenduaren 23an Olentzerori deitzeko hots tresnak egiteko tailerra, eta 24an HM Neguko kontzertua, Xoxote eta Anabel Santiagoren eskutik.

Itsaso usainaz

Pasaiako badiak ere hainbat aukera eskaintzen dizkigu aisialdirako planak egiteko:

Pasai San Pedron, Albaola faktoriak zenbait tailer prestatu ditu San Juan galeoiaren eraikuntzan parte hartzen duten ogibide eta lanabes guztiak probatu ahal izateko. Azaroaren 15ean saskarra marrazteko tailer bat egingo da eta abenduaren 13an kartoizko zuhaitz ipinabarrak osatzeko tailerra. Eta nola ez, ezin galdu San Juan baleontziaren honen eraikuntza zuzenean ikusteko aukera aparta.

albaola tailerrak

San Pedrotik mugitu gabe, Mater atun-ontzi tradizionala topatuko dugu portuan. Benetako arrantzale sentitzeko, ontziaren espazio guztiak bisitatzeaz gain, udazkenerako Ekoaktibitateak antolatu dituzte azaroko asteburu ezberdinetan: Jaizkibel eta Ulia mendietako itsasertza aztertzeko ibilaldiak.

Segidan, txalupa hartu, badia gurutzatu eta Pasai Donibanen Victor Hugo Etxea aurkituko dugu, XVII. mendeko etxea. Bertan idazle frantziarraren egonaldia birsortzen duen erakusketan, bere lumak, marrazkiak eta testuak ezagutzeko aukera dago.

Museo guztiak sarrera bakarrarekin

Gabonak gertu daude eta askotan ez dakigu Olentzerori zer eskatu, beraz hemen duzue ideia bat: Oarsoaldea eskualdeko museo guztiak erdi-prezioan bisitatu ahal izateko, museo bonoa eskura duzue. Aipatutako museo guztiak 11€-ren truke bisitatu daitezke bonoarekin, hau da, guztietan %50eko deskontuarekin. Eskualdeko edozein museo edo turismo bulegotan eros daiteke.

Proposamen hauekin, ez dago aitzakiarik udazkeneko egun hauetan aspertzeko!

Informazio gehiago:

www.oarsoaldeaturismoa.eus - 943 494 521 - turismoa@oarsoaldea.eus


Oarsoaldea