Arropa dendei eta mertzeriei zuzendutako ekimenen aurkezpena

"EUSKARAZ DOTOREAGO"

 

Mirian Cano (Pasaiako zinegotzia):

Oarsoaldeko lau udalok 19 bat urte daramatzagu merkataritzan eta ostalaritzan elkarlanean euskararen normalizazioa sustatzen. Urte hauetan guztietan indarrean izan dugu, besteak beste, merkatariei eta ostalariei zuzenduriko doako zerbitzu eskaintza, establezimenduetan euskararen presentzia handitzea helburu duena.

Urtean zehar udalek merkatari eta ostalariontzat zein zerbitzu eskaintzen ditugun gogorarazteko eta ezagutzera emateko hainbat komunikazio ekintza burutzen ditugu, esku-orriak, katalogoak, gutunak… Eta aldian-aldian, euskara zerbitzutik teknikaria joaten zaie bisitan laguntza eskaintzera.

Orain sei urtetik hona, urtero merkataritza sektore edo gremio bat hautatu ohi dugu eta harekin ahalegin berezia egiten dugu. Elementu bereziren bat eskaintzen diegu eta ekimen deigarri eta erakargarri bat antolatzen dugu, sektoreko establezimenduak parte hartzera gonbidatuz.

2016an ere sektore edo gremio bat aukeratu dugu: arropa dendak eta mertzeriak. Eta lau ekimen prestatu ditugu sektoreari begira. Baina aurten, gure buruari erronka bikoitza jarri diogu, eta sektoreaz gain, iazko lanketari jarraipena emanez, herri bakoitzean gune, kale edo eremu bat hautatu dugu  hango establezimendu guztietan sakonago eragiteko asmoz. Gremioa lantzeaz gain, beraz, aipatutako eremu horietan esfortzu berezia egingo dugu.

Sektore edo gremioari dagokionez, kanpainan parte hartuko duen establezimendu kopurua 90en bueltakoa izango da. Oraindik batzuk gehi dakizkioke multzo horri.

 

Herriz herri:

 

Pasaian, 20 establezimenduk hartuko dute parte ekimenean.

Oiartzunen 18 establezimenduk.

Lezon 3 establezimenduk (Hiru daude)

eta Errenterian 48 establezimenduk

Kanpaina honetan parte hartzeko arropa dendei eskatzen dieguna hauxe da: Bezeroei zuzenduriko  ohar eta idatziak euskaraz ere izatea. Horrez gain, kanpainaren kartela urte amaiera arte bistan izatea. Horiek dira baldintzak kanpainan parte hartzeko.

 

Garazi Lopez de Etxezarreta (Errenteriako zinegotzia):

 

Arropa dendetako eta mertzerietako lanketa:

Itzulpenak eta materiala

Maiatza bitartean, ekimenean parte hartu nahi duten arropa denda eta mertzeria guztiei jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaratuko dizkiegu. Ahalik eta gehienak eta ahalik eta euskarri iraunkorrenaz.

Aurtengo kanpainaren leloa “Euskaraz dotoreago” izango da. Kanpainaren irudia izango denarekin kartelak egingo ditugu establezimenduetan jartzeko banatuko dizkiegu, kanpaina osoa iraun dezaten.

Irrati-tarteak

Gaurtik aurrera, arropa denden jabeei zuzenduriko irrati-tarteak emitituko ditugu astebetez Euskadi irratian, Radio Euskadin, Info7n eta Oiartzun irratian. Iraia Oiartzabal moda diseinatzaile pasaitarrak jarri die ahotsa irrati-tarte horiei.

Poltsak

Ekainean, “Euskaraz dotoreago” irudia eta leloa inprimaturik izango duten oihalezko poltsak banatuko zaizkie arropa dendetako arduradunei, bezeroei opari emateko. Establezimendu bakoitzean 30 ale uztea aurreikusten dugu.

Zozketa

Udazkenean, irailaren 21etik urriaren 21era, zozketa egingo dugu ekimenean  parte hartzen ari diren eta barnealdeko jendaurreko idatzi, ohar nahiz elementuak euskaraz (ere) dituzten eta hala nahi duten establezimendu guztietan. 10€ko hiruna deskontu bale emango dizkiogu establezimendu bakoitzari eta aurrez zehaztuko diren data jakin batzuetan erosketa euskaraz egiten duten lehenengo bezeroei emango dizkiete.

Merkataritza eta ostalaritza sektore osoari zuzenduriko ekimena:

 

Azaroaren azkeneko astean eta abenduko lehenean eguberrietako kanpainari lotuta, “Euskararen paparazziak” izeneko argazki lehiaketa egingo dugu eskualdean; euskara, merkataritza eta eskualdeko establezimendu bat lotuz eginiko argazki onena eta bigarren onena izango dira sarituak. Lehiaketarako oinarriak eskuragarri dituzue www.oarsoarrak.eus web gunean eta udal euskara zerbitzuetan.

 

 

 

Ioritz Aizpuru (Oiartzungo zinegotzia):

Honen guztiaren berri badute arropa denden eta mertzerien jabeek, euskara zerbitzuak haiekin elkarlanean ari baitira. Baina honen berri oraindik ez duen establezimendu jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Hori, sektore edo gremioari dagokionez, baina esan dugu aurten erronka bikoitza dugula eta herri bakoitzean gune edo eremu bat ere hautatu dugula bertan bereziki eragiteko asmoz. Herriz herri, hauek dira eremuak:

 

Errenteria: Biteri kale osoa eta Beraun auzoa. 168 establezimendu

Lezo: Zubitxo eta Donibane kaleek osatzen duten ardatza. 34 establezimendu.

Oiartzun: Mamut merkataritza guneko galeriak. 50 establezimendu

Pasaia: Ez dute lanketa hau egingo. K egitasmoko 60 establezimenduekin jarraituko dute eta hauei beste multzo bat eransten saiatuko dira.

 

Iraia Oiartzabal (Moda diseinatzailea):

Hizkuntza paisaia euskalduntzeak (errotulua, jendaurreko idatziak, oharrak, establezimenduko elementuak…) duen garrantzia nabarmendu nahi dugu ekimen hauekin guztiekin.

Hizkuntza paisaiak hizkuntza batek duen edo ez duen estatusaren berri emateaz gain, establezimendu bakoitzak hizkuntzarekiko edota hizkuntzekiko eta, ondorioz, hiztunekiko duen begirunea ere erakusten du. Herri batera, eta establezimendu batera sartzen garenean, aurrena ikusten dena horixe da. Beraz, oso garrantzitsua da hizkuntza paisaia euskaraz egotea. Dudarik gabe, horrek berak bezero euskaldunek euskara erabiltzea erraztuko baitu. Modako jantzirik ikusgarrienak bezala, euskarak gu eta gure establezimendua dotoretuko gaituela ziur nago.

 

Imanol Iparragirre (Errenkoalderen ordezkaria):

Eskualdeko merkatari elkarteen izenean merkatariok kalitatearekin dugun konpromisoa azpimarratu nahi dut. Gure bezeroei zerbitzua euskaraz ematea kalitatearen ezaugarri da eta horretan sinetsita gaude. Bezeroak mimatu egin behar ditugu, gustuko izan behar dute gure establezimendua, eta horretarako, tratu pertsonalizatua ematea da komertzio txikiaren erronka.

 

 

 

 

 

Jesus Maria Martiarena (Lezoko alkatea)

Desde aquí, queremos animar a todos y todas los comerciantes y hosteleros a que tengan en cuenta el euskera y le otorguen el rango que le corresponde, haciendo uso para ello de las ayudas y facilidades que les ofrecen los cuatro ayuntamientos.

Por otro lado, animamos a los establecimientos del sector de prendas de vestir y a los y las clientes de los mismos a participar en las iniciativas que hemos presentado; la utilización de los paneles de servicios y la participación en el sorteo. Se trata de una oportunidad inmejorable para mejorar la calidad de su servicio, puesto que ofrecer el servicio en dos idiomas es sinónimo de calidad.

Para solicitar las ayudas o para cualquier aclaración Los establecimientos deben dirigirse a su respectivo servicio de euskera.


Oarsoaldea