BERANKORREN FITXATEGIAK

La Oficina de Consumo de Oarsoaldea nos informa de nuestros derechos

Azkeneko urtetan ohikoa bihurtu da enpresek fakturak ordaintzeko dituzten bezeroak berankorren fitxategi batean sartzea. Horrek arazoak sor ditzake kasu askotan: mailegu bat eskatzeko orduan, telefono-hornidura edo bestelako hornidura kontratatzerakoan, erosketak epeka ordaintzeko orduan eta abar.

Oso erraza da berankorren fitxategi batean sartzea, nahikoa izan daiteke ordainagiri bat atzera botatzea eta ez dago gutxieneko zorrarik. Edozein kasutan, baldintza hauek beti beharko dira:

  • Aldez aurretik benetako zor bat egon beharko da, epemuga beteta duena, exijitzeko modukoa, ordaindu ez dena, eta erreklamazio judizial, arbitral edo administratiborik eragin ez duena.
  • Ez dira 6 urte igarota egon beharko zorra ordaindu beharra egon zenetik edo, aldizkako epemugadun zorra izanez gero, haren epe zehatza igaro zenetik.
  • Zorra ordaintzeko aurretiko errekerimendua.

Hau da, eskatutako eta erabilitako zerbitzu baten faktura izan behar du, ordaintzeko epea pasata egon behar du eta enpresak faktura ordaintzeko eskaera egina behar du.

Garrantzitsua da gauza bat jakitea: bezeroak faktura horren kontra erreklamazio bat egin badu ezin dute berankorren fitxategian sartu.

Hartzekodunak zordunari jakinaraziko dio, aurreikusitako epean ordaintzen ez badu, haren datuak berankorren fitxategiei jakinarazi ahal izango zaizkiela, aurreko paragrafoetako hiru baldintzak betetzen badira betiere.

Fitxategiaren arduradunak, 30 eguneko epean, honako hauek jakinaraziko dizkio ukitutako pertsonari: haren datuak fitxategi batean sartu direla (zer datu diren zehaztuta) eta bere eskubidea baliatu ahal duela datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko (ARCO eskubideak).

Behin berankorren fitxategian, eta datuak legez sartu baldin badira, ateratzeko modu bakarra zorra ordaintzea da. Kasu honetan hartzekodunak fitxategiari jakinarazi beharko dio, zordunaren datuak ezerezteko. Zordunak fitxategira jotzeko aukera du ere, ordain agiria eta nortasun agiriaren kopia bidaliz.

 

 

 

ARCO eskubideak

Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak.

Eskubide horiek oso pertsonalak direnez, honako hauek baino ezin izango dira haietaz baliatu: ukitutako pertsonak, hura legez ordezkatzen duen pertsonak edo, bestela, haren borondatezko ordezkariak, zeina espresuki izendatu beharko baita eskubide hori baliatzeko.

Eskubide horiek baliatzeko bete beharreko baldintzak: egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira (NANa, ahalordea eta abar); eskaera bidali eta jaso dela egiazta dezaketen bitarteko bat erabiliko da (burofaxa, posta ziurtatua eta abar); behar izanez gero, bestelako agiri batzuk ere aurkeztuko dira (ezerezte-kasuetan adibidez: zorra azkenduta dagoela egiaztatzen duen ordezkagiria).

Datuetara sartzeko eskubidea baliatzea:

Fitxategiaren arduradunak hilabeteko epean erantzun behar dio eskaerari.

  • Eskaera egiten bazaio berankorren fitxategiaren titularrari, hark honako hauen berri eman beharko dio ukitutako pertsonari: zer datu dauden jasota fitxategian; zer ebaluazio eta zehaztapen jakinarazi diren azken sei hilabeteetan eta zein erakunderi edo pertsonari eman zaizkion jakitera datu horiek guztiak.
  • Eskaera egiten bazaio sisteman parte hartzen duen beste erakunderen bati: erakunde horrek honako hauek jakinarazi beharko dizkio ukitutako pertsonari datuetara sartzeko eskubidea osorik baliatu dezan: zer datu pertsonaletara sar daitekeen aipaturiko erakundea eta zein diren berankorren fitxategiaren titularra eta helbidea.

Datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea baliatzea:

Fitxategiaren arduradunak 10 eguneko epean erantzun behar dio eskaerari.

  • Eskaera egiten bazaio berankorren fitxategiaren titularrari: titularrak eskaera hori datuak eman dituen erakundeari bidaliko dio, ebatzi dezan. Erakunde horrek ez badu 7 eguneko epean erantzuten, fitxategiaren arduradunak zuzendu edo ezereztuko ditu datuak, kautelaz.
  • Eskaera egiten bazaio datuak eman dituen enpresari: enpresa horrek bere fitxategietako datuak zuzendu edo ezereztu beharko ditu, eta horren berri emango dio berankorren fitxategiaren titularrari, 10 eguneko epean.
  • Eskaera egiten bazaio sisteman parte hartzen duen beste erakunde bati, eta hura ez bada izan datuak fitxategiaren eskuetan jarri dituena: erakunde horrek egoera horren berri emango dio ukitutako pertsonari, gehienez ere 10 eguneko epean, eta berankorren fitxategiaren titularra nor den eta helbidea zein duen ere jakinaraziko dio, harengana jo dezan bere eskubideez baliatu nahi badu.

Berankorren fitxategi batean dauden datuak hirugarren batek kontsultatu ahal izango ditu, baina soilik ukitutako pertsonaren kaudimen ekonomikoa epaitu behar duenean. Adibidez:

  • kontratuan prezioaren ordainketa geroratua edo aldizkako fakturazioa duen zerbitzu-prestazioa hitzartzen denean (bi kasuetan, hirugarrenak bere eskubidearen berri emango dio ukitutako pertsonari, idatziz).
  • amaitu ez den kontratu bidezko harreman bat dagoenean.

Gerta daiteke inolako jakinarazpenik ez jasotzea, baina sartuta gaudelako susmoa izatea (adibidez, kreditu bat ukatzen digutenean arrazoi garbirik gabe); halakoetan, komeni da kontsumitzailea bera saiatzea jakiten ea halako fitxategiren batean ote dagoen; izan ere, hala izanez gero, bere eskubideak baliatu ahal izango ditu datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko. Honako urrats hauek egin daitezke:

  1. Datu horiek banketxearen beraren bidez lortzen saiatu daiteke, haiek oso erraza baitute erregistroetara sartzea.
  2. Zuzenean jo daiteke dagokion berankorren erregistrora. Hauek dira enpresek estatuan gehien erabiltzen dituztenak: ASNEF (Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartea) eta OOE (Ordaindu gabeko Onarpenen Erregistroa. RAI). Batzuetan, ordaindu egin behar izaten da informazioa eskuratzeko. Kontuz ibili behar da halako fitxategietan sartuta ote dauden jakiteko doako informazioa eskaintzen dutela dioten erakundeekin; izan ere, askotan, tarifa gehigarriko telefono-zenbakien bidez ematen dute informazioa (tarifa hori ordaindu egin behar da).
  3. Sistemako beste edozein erakundetara jo daiteke; adibidez, fitxategian sartzeko eskatu zuen erakunde hartzekodunera.

Gauzak ez dira beti ondo egiten

Baldin eta ukitutako pertsonari bere eskubidea ukatzen bazaio datuetara sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko eta haien aurka egiteko (erantzunik eman ez delako edo erantzuna desegokia delako), interesdunak erreklamazio bat aurkez diezaioke Datuak Babesteko Espainiako Agentziari, dagokion dokumentazioa aurkeztuz.

Kontsumitzaile bat berankorren fitxategian arrazoirik gabe agertzen bada eta horrek kalte-galerak eragiten badizkio, kaltetuak bide judizialera jo beharko du kalte-galerak eskatu ahal izateko.

Gogoratu beharrekoa:

  • Benetako zorra, epemuga gainditua, galdagarria eta erreklamatua. Baldintza hauek falta badira, bezeroak aurka egiteko eta ezerezteko eskubidea du.
  • Zorra eztabaidatua. Bezeroak erreklamazioa egin badu, datuak ezin dira berankorren fitxategian sartu, zorra horren inguruan zalantza sortu delako.
  • “Zero saldoa” ez da zilegi. LOPD indarrean sartu baino lehen, behin zorra ordaindu eta gero fitxategiak datuak mantentzeko aukera zuten, “zero saldoa” izenpean. Orain, ordea, behin zorra ordainduta derrigorrezkoa da datuak ezabatzea.
  • Sei urte eta gero ezereztea. Legeak behartuta, sei urte pasa ondoren datuak ezabatu egin behar dira nahiz eta zorra ordaindu gabe egon. Baina batzutan enpresa baten zordunen zerrenda beste enpresa batek erosten du eta zor guztiak berriak bezala hartzen ditu.
  • berankorrak

Oarsoaldea