EUSKARAZKO PRODUKTUEN KATALOGO BERRIA KALEAN

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak 0 urtetik 16 urtera bitarteko haur eta gazteentzako Euskarazko Produktuen Katalogoa argitaratu du. Musika, informatika, filmak, liburuak, aldizkariak, jostailuak, jokoak eta web helbideak biltzen ditu katalogo honek, aisialdirako produktuen artean euskaraz daudenak nabarmendu nahian. Produktu bakoitza zein adinetako jendearentzat den, gutxi gora-beherako prezioa, egilea eta beste ezaugarri batzuk aurkituko dituzue bertan. Izan ere, gero eta gehiago gara gure aisialdia, ikasketak edo bizitza euskaraz egin nahi dugunak eta euskarazko eskaintzak bilatu eta baliatzen ditugunak.

Horixe da ba argitaratu den katalogo honen helburua, guraso jendeari haurrentzako euskarazko produktuak eta gazteei euren gustuko euskarazko produktuak aukeratzen eta bilatzen laguntzea.

Katalogo hori Euskal Herriko beste hainbat udalekin batera atera dute eskualdekoek eta ikastetxeen bidez banatu zaie papereko formatuan Oiartzungo eta Pasaiako LHko 1. mailako ikasleei eta DBHko 1. mailako ikasleei, etxera eraman dezaten. Eskualdeko ikasle guztiei bidali zaie katalogoa on line kontsultatzeko informazioa orri markatzaile formatuan, izan paperean, izan euskarri digitalean.

2024-2025eko katalogoa www.katalogoa.eus webean aurkituko duzue nahi izanez gero.